HIZPIDEAK

Kolonbiarren esku dago

Mikel P Ansa
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Urrats garrantzitsua egin dute Kolonbiak eta FARCek: gainditzeko bidean jarri dute gatazka bat 300.000 inguru hildako eta ia zortzi milioi biktima eragin dituena. Erraz idazten diren zenbakiak dira, baina mende erdi bateko gerran —beharbada gatazka hitza baino egokiagoa da kasu honentzako— Amerikako herrialde handietako bat odolustu duten zifrek nekez erakusten dute pilatutako mina. Sei urteko negoziazioak —lehen biak isilgordeka, azken laurak Habanan publiko— behar izan dituzte aldebiko su-etena, behin betikoa, indarrean jartzeko: gaur aurkeztuko dituzte baldintza zehatzak, eta «gerraren azken eguna» gaindituko dute, FARCeko kideek eurek erabilitako hitzekin esateko. Bide egokian zihoazen hizketaldiak, eta gisa bereko munduko beste gatazka askorentzat eredugarri izateko moduko urratsak egin dituzte bi aldeek. Baina puntu potoloena bat falta zitzaien adosteko: nola egin gerra bukatzeko? Nola utzi armak? Adostu dute hori ere, eta urrats erabakigarria eman dute. Behin betiko akordioa uztailaren 20rako sinatu nahi duela esan du Juan Manuel Santos presidenteak. Orain beste bat da gerrak gainditu behar duen bataila, arriskutsuena beharbada: herritarrek plebiszitu batena onartu behar dituzte gobernuak FARCekin erdietsitako akordioak. Paradoxikoa litzateke gobernu batek —behin egingo halako esfortzua eta— «terroristekin» akordioa egitea, eta herritarrek atzera botatzea, baina hori da oraintxe jokoan dagoena. Kolonbiarren esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.