mikel p ansa
HIZPIDEAK

Amesgaiztoak

2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz hil dute hautagaia, eta hamaika alditan zutitu da atzera, indartsuago, azkeneko aldian goreneraino igo den arte. Donald Trumpek lortu du bere amets amerikarra egia bihurtzea, eta «E pluribus unum» (bat, askoren artean) idatzia duen bulego horretako atea ireki du. Hori baita amets amerikarra: askoren arteko bat izate hori bihurtzea, goraino igotzea. Eta zail izango du gorago igotzea Trumpek —bide batez esanda: ingelesez garaipena esan nahi du trump-ek, kartetarako garaipena, baina baita irabaztea eta gailentzea ere; Pence bigarren deitura, berriz, penny txanponak dira ingelesez: nekez imajina liteke izen egokiagorik milioidun batentzat—. Bere buruarentzako amets amerikarra egia bilakatu du, bai, eta, hauteskundeak irabazi berri, amets amerikar hori berregitea izango duela helburu, horixe esan du.

Problema da goiko eskailburu horretan, piramidearen tontor horretan, bakar batentzako lekua besterik ez dagoela. Eta Trumpek jende asko utzi du azpian. Barack Obamak sinboliza zezakeen AEB plural hori hankaz gora jarri du, eta gizon zuriak nagusi diren herrialde bat jarri du agertokian. Herritar asko mespretxatu ditu iritsi den lekura iristeko; emakumeak, hasteko; migratzaileak, jarraitzeko; era guztietako gutxiengoak, bukatzeko. Horientzat ez du amets amerikarrik Trumpek. Antza, ahaztu zaio emigranteen ondorengoa dela —Kallstadtekoak zituen arbasoak, gaur egungo Alemaniakoak; XIX. mendean, herrialdetik legez kanpo alde egin zuen Frederick Trumpek, AEBetara—, eta migratzaile-kolono parrasta batek eraiki zuela amets amerikarraren utopia-gezur hura.

Moderatuko dela diote. Agindutakoetatik egindakoetara, beharbada bai; baina esandakoengatik damutzeko asmorik ez duela ematen du, behintzat —bide batez esanda: puzkerra ere esan nahi du trump-ek, kaleko ingelesean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.