jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Haririk gabeko jantzia

2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Guardia Zibila irudimena eta zerbait gertatzeko nahia asko zukutzen ari da logikoa eta sinesgarria izan daitekeen tanta bakar bat lortzeko. ETA, Alde Hemendik mugimendua, Ospa Egunak eta auzipetutako Altsasuko gazteak lotuko dituen hari bakar bat aurkezteko behintzat. Terrorismo delituak zuritzeko froga izpiren bat, egiantzekotasun apurren bat. Baina atzo eta aurreko egunetan ikusitakoaren arabera, ez dago ez tantarik, ez haririk, ez izpirik, ez eta apurrik ere. Pentsa, atzo aurkeztutako lotura nagusia duela 18 urte Olatzagutiko gaztetxean aurkitutako eskuliburu bat izan zen. Hortik aurrera, Guardia Zibilaren iritziak, aditu izaeraz jantziak. Guardia Zibila guztia baita Altsasuko gazteen kontrako epaiketan: biktima, lekuko eta aditu.

Aditu izaera horretaz baliatuta, guztia ETArekin eta ETAren helburuekin lotzeko baieztapen biribilen ondoren, defentsako abokatuen galderei erantzunez, ez frogarik, ez loturarik, ez bortizkeria ekintzarik... Altsasun eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ez dituztela guardia zibilak eta poliziak bertan nahi, eta hori plaza publikoan erakusten dutela baino ez, guardia zibilak desitxuratuz eta irrigarri utziz, festa giroan. ETAren estrategiaren barruan omen zegoen guardia zibilak zenbait tabernatan ez sartzea. Hori da maila, hori da neurria, gazte batzuk terrorismoagatik zigortzeko adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.