jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Botoak

2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaratu du, eta egin zezakeen modurik onenean deklaratu du: botoa emanez. Botoa eman dute kataluniarrek hainbatetan hauteskundeetan, botoa eman zuten 2014ko azaroaren 9ko eta aurtengo urriaren 1eko erreferendumetan, eta atzo diputatuek berriro botoa emanez eman zioten bidea errepublika berriari. Egokiago zatekeen Eskoziak bozkatu zuen modura bozkatzea erreferenduma, baina arazoa ez da Katalunia ez dela Eskozia, baizik eta Espainia ez dela Erresuma Batua.

Zilegitasuna botoetan dago, eta Mariano Rajoyk hauteskundeetara hain agudo deitzeak —ez zen hori berak lehenesten zuen aukera— esan nahi du zeozer. Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak atzo ohar bat bidali zion Rajoyri, babes mezuen artean: «argudioen indarra» erabiltzeko eskatu zion, eta «ez indarraren argudioa». Espainiaren arazoa da Katalunian ez duela nahikoa botorik, eta ezin dituela Espainiatik eraman Piolinen barkuan gorde eta nahi dituenean ateratzeko. Baina sobran du estatu egitura bat, Katalunian eta edonon, eta hori da, hain zuzen, errepublika berriari orain falta zaiona.

Rajoyk bere alde jokatuko du desoreka hori abendura bitartean, eta 155. artikuluaren itzalean, boterea horretarako erabiliko du, Espainiak ondo asko baitaki hori egiten. «Argudioen indarraren» ondoan, ordea, «indarraren argudioari» eusten izango ditu lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.