jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

336

2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Deserosoa izango zela jakina zen, eta horrek oraindik eta balio handiagoa ematen dio Jaurlaritzaren torturari buruzko txostenari. Jada aurkeztu aurretik Erne sindikatuak kontra egin izanak erakusten du zein den deserosotasunaren iturria. Giza eskubideen beste urraketa batzuetan gertatu den bezala, herri honetan barneratuta zegoen Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatzea. Baina Ertzaintzaren kontrako salaketak beretzea kosta egiten da, batzuei beste batzuei baino gehiago, eta fokua hor jartzea horregatik da hain garrantzitsua.

Eguberriaren atarian aurkeztu zuen Jaurlaritzak txostena, eta zentzuzkoa litzateke orain Madrilera eramatea edo, egin ez badu, Espainiako Gobernuaren ordezkariari helaraztea. Berea baitu txostena, eta ez egitea ulertezina litzateke, Espainiaren bi poliziek ia 4.000 euskal herritar torturatu ostean. Horretarako beharrezkoa du aurretik hemen zerbait egitea. Zuzenena ikertzea izango zen, baina badirudi ez direla ikertuko ere barneratu dela. Gutxienekoa aitorpen publiko bat egitea litzateke.

Ertzain etxean torturatu dituztela salatu dutenak horiek bai daudelako deseroso. Entzun behar dutelako, gainera, ez dela konparagarria zutik egonaraztea eta poltsa edo elektrodoak jartzea, Iñigo Urkulluk duela urte eta erdi elkarrizketa batean esan zuen moduan. Baina ez dago zertan konparatu. Ez moduak, ezta kopuruak ere. Giza eskubideen urraketa larriak dira, eta 336 asko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.