Amagoia Gurrutxaga Uranga.
HIZPIDEAK

Uharte eraikuntza

2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Burua ez kolpatzeko, kasko zuria. «Espainiako Gobernua. Sustapen ministroa», zioen batenak; «ETS» —Euskal Trenbide Sarea—, bestearenak. Krisialdiaren zurrunbiloan Madrilek geldiarazitako obrak abiarazteko eskatzen ari zen Gasteiz, Bergarako korapiloko adjudikazioak (eta sosak) askatzeko behingoz, eta herri hau trinkotzera eta Europarekin lotzera omen datorren lokomotorra berriro martxan jarriko dutela iragarri dute alde biek. Bergaran, non bestela. Europako Banku Zentralak eurogunean imajinatu ezineko dirutzarekin zor publikoa eta pribatua erosiko duela iragarri eta egun gutxira.

Gaur-gaurkoz, ordea, Frantziari dagokion Akize-Hendaia zatia egingo denik ez dago batere argi. Frantziako Inbertsiorako Komisariatu Nagusiak esana du duela hilabete batzuk: «Zuhurtzia handia behar da zati hori 2032tik aurrera egiteko iragarpenari buruz». Ez ei da ekonomikoki bideragarria. Gasteizko eta Madrilgo gobernuek 2032ko mantra errepikatzen segitzen dute, hala ere. Inora lotzen ez den Nafarroako AHT uhartearen ondoan are uharte handiago bat —dirutza publikoa xahutuz— eraikitzeko prest daude biak, proiektuaren onurak gero eta ustezkoagoak direnean.

Krisiak krisi, uharteak uharte eta aurrekontuak aurrekontu, batzuek lehengo lepotik burua. Kaskoa jantzi, eta ohiko patrika bakanetan dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.