Amagoia Gurrutxaga Uranga.
HIZPIDEAK

Auzi soziala, auzi nazionala

2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hauteskunde-giro usainean heldu da aurtengo martxoaren 8ra Euskal Herria. Eta pertsonala dena politikoa da, Carol Hanischek The personal is political saiakeran 1969an idatzi zuen bezala, baina politika publiko guztiek daukate eragina arlo pertsonalean, eta begi bistakoa da emakumeen eskubideen aldeko politikak pentsatzea eta gauzatzea ezinbestekoa dela gaur egun ere. Justizia sozialaren izenean. Emakumeen askapena aldarrikatzea anakronikotzat jotzen dutenei, izan ere, datu hotzek erantzuten diete urteak joan urteak etorri. Eta krisi garai guztiek ezin ageriago utzi dute burujabetzarako bidean emakumeek egindako urratsek atzerakoa izan dezaketela. Baita gaur egungoek ere. Feminizatutako lanak ordaintzen dira gutxien —ordaintzen direnean—, besteak beste, eta lanik gabe geratzen lehenak dira andreak.

Gizarte justuago bat nola eraiki, hori da galdera hemen. Estatu propioa eta parekidea eraikitzeko borrokan nabarmendu den Kurdistango Emakume Mugimenduaren ordezkari batek, Melike Yasarrek, argi dierazi du beren erantzuna: «Emakumeek eta gizonek badakite eraiki nahi dutenak parekidea izan behar duela. Auzi nazionala jada ez da nazio auzia, baizik eta auzi soziala». Boterea beste era batera antolatzeaz mintzo dira. Boteretze bidea egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.