Mary Gauthier. 'Dark Enough To See The Stars'

Falta diren lagunei

Diskoetxea: In The Black.

Andoni Tolosa.
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Pianoz eta gitarra akustikoz beteta dator Mary Gauthierren bederatzigarren estudioko diskoa; organoz eta lap-steelez josia. Ez harritu: The Banden izpiritu musikalak Lucinda Williams lirikoenarekin bat egiten duten puntu horretan zaude. Izenburuak Martin Luther Kingen azken diskurtsoaren atal bati erreferentzia egiten dion arren (The Mountain Top), disko pertsonalagoa da politikoa baino gehiago. Azken urteetan joandako hainbat laguni zein musikariri (Jhon Prine, Nancy Griffith, David Olney) gorazarre egiteko parada ezin hobea New Orleansekoarentzat.

Suabe doa entzuketa hasieratik; ia baikorra gerta daitekeen Fall Apart Word kantuak irekitzen du diskoa. Bidaia baten kronika da, mundua astintzen duten hondamendien artean ezer atsegina topatzeko ahalegin baten modukoa. «Gauzak batu eta gauzak desegin egiten dira, eta horren kontzientzia hartzea aukera bat izan daiteke esker ona adierazteko. Une honetan leihotik begira nago, eta ezin dut sinetsi hemen egotea lortu dudanik», dio kantariak, lehenengo kantu honen gainean. Ildo bertsutik doa, ondoren datorren Amsterdam, gehien maite dituen hirietako batera ustekabean iristeak eragin dion pozarekin idatzitako kantua. Poz bertsua dario hurrengo Thank God For You-ri, aukera ona bere antzinako junkie bizimodua, oraingoarekin alderatzeko, eta alderaketatik onik ateratzeko.

Beste tonu bat hartzen du hortik aurrera diskoak. Ilunagoa, geldoagoa. Horren adibide, segidan datozen How Could You Be Gone eta Where Are You Now. Falta diren lagunen itzala nabarmentzen da bi kantu hauetan. Batez ere, bigarrenean. Mezu bat baita hogei urteko adiskidetasun estuaren ostean bat-batean hildako Betsyrentzat. Pianoa eta ahotsa nekez doaz, kantariak lagunarekin oinez igarotzen zituen paisaiak deskribatzen dituen bitartean. Hari beretik tiraka jarraitzen du Gauthier andreak, baina hildakoetako bakoitzak ekarritako maitasuna goraipatzen du diskoaren izenburu bera duen kantuan. Nagusitu da lap-steelaren country giroa. Antzekoa gertatzen da segidako The Meadow-ekin, eta baita, hein handi batean, hurrengo Truckers & Troubadours-ekin ere; nola ez, bada, separazioari, alde egin beharrari eskainitako kantua.

Egia da, diskoa moteltzen doa erritmikoki kantuek aurrera joan ahala, biolinez jantzitako Till See You Again Dylaniarra iritsi arte, horrekin bukatzen baita diskoa. Baina esan beharra dago diskoak intentsitatean irabazten duela moteldu ahala, eta «songwriter-en songwriter-ak» bikain borobiltzen duela guztia, lan osoari batasun izugarria emanez. Harrapatzen zaituzten disko horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.