jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Trantsizioari galga

2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Europak azalberritu egin nahi du, birfundazio akordio batekin. Zazpi hamarkadatan etenik gabe CO2a isurtzen aritu ostean, kontinentearen motor izan diren industriak goitik behera aldatzeko erronka jarri dio bere buruari. Deskarbonizazio prozesuan mundu mailako erreferente izan nahi du, eta horretarako plan handinahi bat du, European Green Deal deiturikoa. Baina gauza bat da helburuak zehaztea eta beste bat aurrera ateratzeko nahikoa batasuna izatea. Parlamentuan asteazkenean sortutako iskanbilak agerian utzi du bidea ez dela erraza izango.

Plan horrekin lotutako lege sorta bat bozkatu behar zuten eurodiputatuek, baina puntu nagusiek ez zuten aurrera egin. Neurri izarra karbono isurien merkatua erreformatzeko proposamena zen. 2005ean sortu zuten mekanismo hori, eta prezioa jartzen die energia kontsumo intentsiboko 11.000 lantegiri; proportzioan enpresa gutxi izan arren, neurriaren eraginkortasuna frogatuta geratu da. Horri esker, hamasei urtean %43 murriztu dira emisioak Europako Batasunean.

Baina Europako Batzordeak jauzi handiago bat egin nahi du orain. Gaur egun, industria ugarik —siderurgiak bereziki— doako baimen batzuk dituzte, eta batzordeak horiek kendu nahi dizkie 2030a baino lehen. Horiek amaitu eta CO2 merkatura gehitu nahi ditu, halaber, garraioaren isuriak eta eraikinen berokuntzarenak ere, horrekin guztiarekin 2050ean zero isurien helburura iritsi ahal izateko. Erronka ez da makala, eta sutan jarri ditu industria gehienak.

Urtebete pasatu da batzordeak CO2 merkatuaren erreforma aurkeztu zuenetik, eta atzera bota izanak are gehiago luza dezake tramitazioa. Gogoratu behar da parlamentutik pasatu ondoren estatu kide guztiek ados jarri behar dutela, eta hor ere beste lehia handi bat sortuko dela. Batzordeak nahi zuen 27 gobernuek udazkenean ixtea akordioa, baina, ezusteko handirik ezean, itxaron beharko du, «asteak, hilabeteak edo urteak», proposamenari lege izaera eman dion Pascal Canfinek aitortu duenez. Kolpea latza izan da.

Aski ezaguna da Bruselan lobbyek duten eragina, han eta herrialde guztietan oro har. Canfinek berak Le Monde egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean aitortu du izugarria izan dela jasan duten presioa, eta bi sektore aipatu ditu: autogintza eta, bereziki, altzairugintza. Eurodiputatuen ateak ere urratu dituzte. Egindako bilerak zenbatu ditu Influece Map erakundeak, eta ondorioztatu du presio talde nagusiak Thyssenkrupp eta Eurofer siderurgia elkarteakizan direla, eta Alemaniako Industrien Federazioa. Emaitzak ikusita, agerikoa da helburua lortu dutela, momentuz behintzat.

Ez da ahaztu behar altzairuarekin eraiki dela egungo Europako Batasuna. Bigarren Mundu Gerraren ostean, altzairua eta ikatza oinarrizkoak izan ziren kontinenteko industriarentzat, eta, bakea ziurtatu nahi bazen, horien inguruan lankidetza harremana lortu beharra zegoela ondorioztatu zuten agintariek. Hala sortu zen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Batasuna, 1951. urtean. Altzairugintzak, orain, gerra deklaratu dio Bruselari, eta, harekin, batera Europako industria nagusiek ere bai. Batzordearen iritzian, egungo egoerak deskarbonizazio prozesua bizkortzea eskatzen du. Baina hori nekez lortuko da batasunik ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.