Albistea entzun

Miguel Zugaza. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria

«Aurrekontu bakarrean bateratu dira bi proiektu bereizi zirenak»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko ekainak 18 - Bilbo

Dantzan jarraitzen dute Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren datek eta aurrekontuek. Duela hiru urte aurkeztu zuten Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek Agravitas proiektua, baina, oraingoz, ez da hura altxatzeko prest dagoen eraikuntza enpresarik agertu. 18,6 milioi euroko aurrekontua zuten lanek hasieran, baina hainbat doikuntza egin, eta, azkenean, 29,5 milioira igo zuten kopurua. Aste honetan zen amaitzekoa diru horren truke lanak hasteko prest ziren eraikuntza enpresen proposamenak jasotzeko epea, baina ez da bakar bat ere heldu, eta, kopurua berriz kalkulatuta, beste lehiaketa publiko bat jarri dute abian. 34,1 milioi eurokoa da orain kopurua. Moldaketa horien guztiei buruzko xehetasunak azaldu dizkio BERRIAri Miguel Zugaza museoko zuzendariak (Durango, Bizkaia, 1964).

18,6 milioi ziren hasieran, eta, orain, 34,1 milioikoa da kopurua.

Ez, baina azalduko dizut. 18,6 milioi euroko aurrekontuarekin egin zen museoa handitzeko antolatu genuen nazioarteko arkitektura proiektuen lehiaketa. Aurreproiektu fasean sartu zirenean, museoari solairu bat gehitzea proposatu zuten Fosterrek eta Uriartek. Hasieran, gure asmoa zen handitzearekin batera eraikin gehigarri bat ere erostea, baina, proposamen hura ikusirik, bi interbentzio horietarako aurreikusitako aurrekontua handitze proiektuaren parte izatera pasatu zen. 18,6 milioikoa izatetik, 24, 5 milioi eurora pasatu zen obra. Proiektua definitzerakoan, Bilboko Udaleko babes zibilak eraikin osoa ignifugatzeko eskaria egin zigun, jada eraikita zeuden parteak ere egungo legedietara egokitu behar zirelako; hainbat milioi euroko kostua dute lan horiek, eta hala heldu ginen obra egiteko lizitazioan aipatzen diren 29,5 milioi euroetara.

Baina, aste honetan esan duzuenez, kopuru horrekin ere eraikuntza enpresa bakar batek ere ez du proposamenik aurkeztu.

Hori da. Bertan behera geratu da deialdia. Edo, tira, bertan behera geratzeko bezperan geundela ikusirik, astelehen honetan erabaki zuen patronatuak beste deialdi bat egitea, alde batetik, diru gehiago jarriz eta aurrekontua handituz, eta, beste alde batetik, proiektuaren parte batzuk doitzen saiatuz; horrela, gaur egun bizi dugun egoera kaltegarriak eragindako prezioetara gerturatu ahal izateko. 29,5 milioitik 34,1 milioira igo da horregatik.

Eta erakargarria izango da horrela?

Hori espero dugu.

Baina jakin, ez dakizue?

Kopuru hori ez dugu guk asmatu. Informe teknikoak eskatuta, Krean aholkularitza enpresak gidatu gaitu. Interesa bazegoelako, lizitazio prozesuan sei enpresa baino gehiago egon dira proposamenak egitera heltzen saiatzen, baina materialen prezioen gorakada ikaragarria izan da.

Ia %20 ingurukoa da igoera orokorra.

Eta baita %70ekoa ere, zenbait lehengairen kasuan! Altzairuzkoa izango da eraikin berria, funtsean, eta kristal eta aluminioz bilduta egongo da. Eta, egun bizi dugun egoeraren ondorioz, oso igoera handiak izan dituzte lehengai horiek. Hori da egoera. Eta hala pasatu da proiektua 18,6 milioitik 34, 1 milioira, baina jauzi horretan bateratu egin dira bi proiektu bereizitan egin asmo genituenak.

Beste inbertsio batzuk ere egin dituzue.

Museo ondoko lokal bat ere erosi dugu [lanek iraun bitartean bulegoak hartuko ditu, eta bestelako erabilerak izango ditu gero], eta hori guztia aurrekontu bakar batean bildu dugu. Kreditu bat ere eskatu diogu Kutxabanki, horrek ere baditu interes batzuk, eta begiratzen baduzu, finantza datu horiek ere kopuru horren barruan daudela ikusiko duzu.

Ordainsariak eta lizentziak ere badoaz hor?

Hori beste parte bat da. Hori ez da aldatu, eta berdin-berdin ordaindu beharko dira, baita lanak bertan behera geratuko balira ere.

Espero gabeko gastu batzuk ere aipatu dituzu gaurko prentsaurrekoan. Zein dira?

Ekainaren 27an museoa ixtekoak ginen, eta, orain, hiru hilabete gehiagoz edukiko dugu zabalik, eta horrek hainbat gastu ditu. Bikaina da hori guretzat, noski.

Eta, beraz, horregatik erabaki duzue berriz ere bisitariei 7 euroko sarrera kobratzea, ezta?

Horregatik da, bai. Eraikin zaharra berritzeko lanak hasi genituenean utzi genion sarrera kobratzeari, baina museo osoa irekita dagoenez, berriz ere sarrera jartzea erabaki dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.
Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

Amazona anakroniko bat

Nagore Fernandez

Idazlea: Marina Tsvetaieva. Itzultzailea: Jose Mari Berasategi. Argitaletxea: Erein/ Igela.

Nahi eta ezinen artean igerika

Asier Urkiza

Idazlea: Jon Benito. Argitaletxea: Farmazia beltza..

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...