Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

KRITIKA. Musika

Mahler-Inbal

Jesus Mari Begoña -

2019ko apirilak 27

BOS

Egitaraua: Gustav Mahlerren 5. Sinfonia. Zuzendaria: Eliahu Imbal. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Eguna: Apirilak 25.

Eliahu Inbal zuzendariaren etorrera zorionekoa izan da, bai Bilboko Orkestrarentzat, bai Euskalduna Jauregira Gustav Mahlerren 5. Sinfonia entzutera hurbildu zen publikoarentzat. Izan ere, orain dela bi urte gozatu genuen israeldar zuzendariaren gaitasunaz eta BOSen mailaz —hasieran kostata izan bazen ere— konpositore berberaren 7. Sinfonia interpretatzeko sasoian. Aurtengo 5. Sinfonia-ren kasuan, errepikatu egin da Imbalen bikaintasuna eta BOSen esfortzua hark jarritako mailari eusteko, publikoaren gozamenerako.

Mahlerren 5. Sinfonia ezagunena da, aniztasunez beterik dago-eta konpositoreak dituen gaien bilduma. Diferentzia dago hasierako zatiaren eta gainontzeko zatien artean, hala intonazioaren mailan nola gaietan. Hasierako zatiak bi mugimendu ditu, eta zati malenkoniatsua eta tristea da, barruko dardara du. Gure kontzertuan, Inbalek tentsioa zabaldu zuen bilbotar musikarien artean Trauermarsch edo Hileta Martxa deritzon elegia airearekin. Tronpeta bakarlariak protagonismoa hartu zuen bertan fanfarrearen aurrean, eta modu egokian gainera. Ubide triste beretik doa bigarren mugimendua: Sturmisch bewegt edo ekaitz moduan. Bertan, lehenengo martxaren gelditasuna apurtu egiten da. Eta gure orkestrak egoki jo zituen lehenengotik zetozen gaiak, dinamika eta tonalitate desberdinetan, haizezko metalezkoek korala abestu zuten arte. Hirugarren mugimenduan hasiko zen bakea, baretasuna, poztasuna eta amodioaren zatia, ezohiko scherzoarekin. Gure saioan tronpa bakarlariak hartu zuen protagonismoa, modu ederrean, eta horrek hasiera eman zion izadia, bizitza eta poztasunari eginiko aipamen ia neurotikoari, Landler eta Balsen karruselen bitartez, bata bestearen atzetik baina ez Straussen moduan, baizik eta iturri desberdinetatik datozen doinu independente manipulatuz. Laugarren mugimendua da Mahlerrek duen doinurik unibertsalena, Luchino Viscontik Heriotza Venezian filmean erabili zuen gai nagusia: Adagietto ospetsua, amodioari eginiko kantua, Alma emaztea gogoan. Gure kontzertuan, zuzendariak modu orekatuan konbinatu zuen harparen protagonismoa harizko orkestraren adierazkortasunarekin. 5. Sinfonia bukatzeko, Rondo Finale dator allegro giocoso denboran, eta lied baten aipamena egin zuten fagotak, oboeak, tronpak eta klarineteak. Hortik aurrera, orkestrak estilo fugatuari ekin zion ondo —ironiaz garatua batzuetan—, azken koral apoteosikora heltzeko. BOSen ahalmena adierazteko, egokiena.

Eliahu Imbalek modu ederrean zuzendu zuen benetan konplexua den sinfonia: instrumentu eta familia guztiei sarrera emanez, espresioa atereaz uneka, harmonia horizontaleko labirintoan gidari eta monumentu musikalaren arkitekto. Gozamena!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«'Bertsolaria naiz' esan behar izan diot neure buruari, sinesteko»

Hodei Iruretagoiena

«Inpostorearen sindromea» sarri sentitu izan du Saioa Alkaizak bertso ibilbidean, bere burua bertsolari gisa justifikatu beharra. «Ez nuen ikusten nire antzekorik Nafarroan». Anaitasunan finaleko plaza hartu, eta txapela jantzita atera da orain.
Leire Vargas eta Alaine Agirre, atzo, Donostian, Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan. ©JON URBE / FOKU

Leire Vargas eta Alaine Agirreren liburu sarituak argitaratu dituzte

Gorka Arrese

Ama izatearen nahiari eta ezinari buruzkoa da Agirreren 'Karena' eleberria. Vargasen lehen poema liburua da 'Dena ametsa den irudipena'
 ©BERRIA

Diskorik atera behar ez zutenen diskoa

Iñigo Astiz

Hamabi kantako disko fisikoa kaleratu du Dupla bikoteak, nortasun ikur duen genero nahasketa askea oinarri hartuta: 'Nahieran'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.