Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Koronabirusa. Itxialdien itzalean (V). Kulturak hartutako kolpea

Ametsaren zuloa estalgabetuta

Nerea Ibarzabalek, Ander Lipusek eta Leire Iribarnek izurritearen urteak kulturgileengan izandako eraginak aztertu dituzte 'Sortzaileak garai pandemikoan' mintegi telematikoan.

<em>Sortzaileak garai pandemikoan</em> mahai inguru telematikoa.
Sortzaileak garai pandemikoan mahai inguru telematikoa. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko martxoak 18

Ametsean zulotxo bat egitea bezalakoa izan da; lehendik ere zulatua zegoen, baina orain aurrez aurre jarri zaigu, esanez: begira zer zen eusten zintuena, ez zegoen ia ezer». Nerea Ibarzabal bertsolari eta Txakur Gorria taldeko kideak azken urtean kulturgintzak hartutako kolpea definitzeko esandako hitzak dira horiek. Ibarzabalek, Ander Lipus Huts Teatroko eta Artedrama konpainiako aktoreak eta Leire Iribarne Diabolo Kiwi taldeko musikariak BERRIAk antolatutako mahai inguru batean aztertu zituzten izurriteak sortzaileengan izandako ondorioak, hilaren 10ean. Kalte nabarmenak pairatu dituzten arte adierazpideetan aritzen dira hirurak, eta Ibarzabalen esaldi horrek laburbil ditzake guztiek egindako gogoetak. Prekaritatea, hauskortasuna, babesgabetasuna... antzeko kontzeptuak errepikatu zituzten iazko martxotik gaur arteko balantzea egiterakoan.

KOLPEKO ETENA

Duela urtebete, itxialdia ezartzearekin batera, etxetik kanpokoa kolpez gelditu zen; kultur areto guztiak itxi zituzten, eta egutegitik kendu behar izan ziren markatutako data gehienak. Ibarzabalek «ikara handi bat» bezala gogoratzen du ordukoa. Azaldu duenez, Txakur Gorria taldearekin lan batzuk egiten jarraitu ahal izan zuen, etxetik; ordea, ekain amaierara arteko bertso saio guztiak bertan behera gelditu zitzaizkion —hamabost, eta gero lau berreskuratu zituen, «Bertsozale Elkartearen laguntzari esker»—. Orotara, kalkulatzen dute iaz 700 saio inguru galdu zirela.

Gerora, batzuk antolatu ahal izan dira, «formatu formalekoak» batik bat; antolatzaile txikiek sustatutako ugari, berriz, desagertu egin dira. Horregatik, Ibarzabalek kezka adierazi du aurrera begira programatzaile horiengan izan dezakeen eraginarengatik: «Hau ohitura bihurtzen bada, ikusi beharko da nola eusten diogun sortua zegoen sareari». Halaber, aurten egitekoa zen Txapelketa Nagusia atzeratu egin dute, eta gauza bera gertatu zen iaz Bizkaikoarekin eta Xilabarekin, eta aurten Nafarroakoarekin eta Arabakoarekin. Ibarzabalen irudiko, horrek kalte handia egingo dio bertsolaritzari, «txapelketek beti uzten baitute ondoren arrasto moduko bat», baina aitortu du sortzaile gisa «eskertu» egin duela, ez delako gai sentitzen txapelketetan kantatzeko.

Musikan, izurritearen hasieran areto guztiak itxi zituzten, eta Ipar Euskal Herrikoak bigarren olatuan ere bai; jaialdiak kasik desagertuta egon dira iazko martxotik, eta baita taberna, gaztetxe eta bestelako eremu batzuetako zirkuituak ere. Diabolo Kiwi taldeak hamar kontzertu galdu zituen iaz, eta bi berreskuratu ahal izan zituen, udan. «Baina, geroztik, deus ez: dena da etxe», laburbildu du Iribarnek. Disko berri bat konposatzeko baliatu dute geldialdia, eta alde horretatik «xantza» izan dutela azpimarratu du, biltzeko tokia eta materiala badituztelako, eta ez dutelako traba handirik izan sorkuntza prozesua aurrera ateratzeko.

Antzokiak ere itxita egon ziren hasierako hilabeteetan, eta Iparraldean, baita gero ere. Ireki ahal izan dituztenean, edukiera mugak izan dituzte, eta erkidego, probintzia edo herri bakoitzeko zaleek bakarrik izan dute emanaldietan parte hartzeko aukera. Lipusi dagokionez, kolpea heldu zenean Zaldi urdina antzezlanaren biran murgilduta zegoen, Artedrama, Axut eta Dejabu konpainiekin, eta bat-batean eten behar izan zuten. Sei hilabetez egon ziren oholtzara igo gabe, eta, beraz, diru sarrerarik gabe. Saio gehienak udazkenean egin ahal izan zituzten, baina mugekin. «Gaizki ohituak geunden: antzezlanak arrakasta handia izan zuen; antzokiak betetzen ari ginen, eta hori ez zen errepikatu», gogoratu du Lipusek. Bestetik, Artedramarekin Atzerrian lurra garratz obra estreinatu zuten otsailean, eta Hego Euskal Herrian hainbat emanaldi eskaini dituzte dagoeneko.

Hortaz, Lipusek badaki beste talde askorentzat okerragoa izan dela, eta haiek proiektuekin aurrera egin ahal izateko «zortea» izan dutela; baina, hori baino gehiago, «eutsi» egin diotela dio, lan eta ahalegin mardularekin, eta bidean beste lan batzuk alde batera utzita. «Maniobra izugarriak egin ditugu iraun ahal izateko; arrakasta izateari utzi, arrastaka ibiltzen hasi gara».

SORMENARI MUGAK

Testuinguruak eta pandemia kontrolatzeko neurri murriztaileek sormen aldea ere mugatu egiten dute. Esaterako, taula gainean jotzen edo antzezten aritzen diren bitartean, zaleak eserita egotea, metro eta erdiko distantziarekin eta maskararekin, artistentzat ez da mesedegarriena. «Denak anonimoak dira, jendea ezin da zutitu... biziki arraroa da», aitortu du Iribarnek.

Era berean, jorratzeko gaiak mugatuak izan dira; koronabirusak zipriztindu du guztia —batik bat hasieran—, eta horrek, adibidez, gai jartzaileen eta bertsolarien lana zaildu edo mugatu egin du, Ibarzabalek azaldu duenez. Baina artistek eta hartzaileek hortik ateratzeko beharra sentitu dute, eta «tratu isil bat» egon da, beste gai batzuei buruz kantatzen saiatzeko. «Eta batzuetan funtzionatzen du: magia sortzen da, eta ordubetez maskara da [pandemiari lotuta] dagoen bakarra», ziurtatu du, eta txalotu egin du gai jartzaileek hori lortzeko egiten duten esfortzua.

Sormena eta emanaldiak ez ezik, horien osteko egoera ere aldatu da, Lipusek aipatu duenez: «Emanaldia bukatu, eta, bat-batean, jendeak alde egiten du, eta hustasun bat gertatzen da, ezer pasatu izan ez balitz bezala». Ibarzabalek gaineratu du horrek artisten arteko harremanean ere eragina izan duela: «Lehen, aldiro herri batera joaten ginen, eta aldiro ginen ezberdinak, elkarrizketak ere ezberdinak ziren... asteburuero zegoen lapikoa sutan; eta, bat-batean, zubiak erori dira».

Haien jarduna horren baldintzatuta ikusteak, jakina, emozionalki ere eragin die. Lipusentzat, kasurako, lehen aldia izan da urte erdiz agertokira igo ez dela, eta honela deskribatu du sentitu duena: «Hilabete horietan bufoiaren sentsazioa nuen: gure lanak ez duela ezertarako balio. Ekonomia mugitzen zen, jendea lanera joaten zen, baina gure lana ez zen beharrezkoa. Horrek mindu egin ninduen». Ibarzabalek antzeko gogoeta bat egin du: hark, dena dardarka ikustean, «etxera buelta» egiteko beharra sentitu zuen. «Eta buelta horretan konturatzen zara zer hari fina den eusten zaituena, eta orduan pentsatzen duzu agian beste zerbait ikasi behar izan zenuela, zerbait tinkoagoa. Eta oraindik gaztea zarenez, pentsatzen duzu zenbat aldiz errepika daitekeen bizitzan sentsazio hau...».

Paradoxikoki, kulturgileek dena kolokan sentitu zuten une hartan; gizarteak ohi baino gehiago jo zuen kulturara, eta horrek erakutsi zuen haien lana beharrezkoa dela; «zerbitzu publiko bat» egiten dutela, Lipusen hitzetan. Baina, gogora ekarri duten moduan, kultur gose horrek eskatzen zuen artistak etenik gabe sortzen egotea, eta askotan hartzaileek ez zuten aintzat hartzen horren atzean zer ahalegin zegoen. «Eskatzen zizkiguten bertsoak edozer gauza eskatzea bezala, eta dirua aipatu ere egin gabe; horrek ere esaten du kultura nola ikusten dugun», jarri du adibidetzat Ibarzabalek. Hori itxialditik kanpo ere gertatu ohi dela erantsi du, eta beharrezkoa ikusten duela zaleek «gutxieneko kontzientzia bat» edukitzea.

EGITURATZEA

Hiru artisten iritziz, egon diren gabeziek erakusten dute kulturgileen arteko «egituratzearen» beharra; sormen lan indibidualetik harago, indarrak batzearena. Ordea, badakite hori ez dela lan erraza, beren jardunaren prekaritateak halako helburu baten alde bultza egiteko «indarrak kentzen» dizkielako.

Bat egiteko aukera aipatuta, Bertsozale Elkartearen adibideaz mintzatu dira, urteak baitaramatza antolaturik eta egituraturik. Ibarzabalek esan du hari krisi garaian «lasaitasuna» eman ziola elkartearen parte izateak; baina, edonola ere, hark eta Lipusek ohartarazi dute arte adierazpide bakoitzak errealitate jakin bat duela, eta ezin dela eredu bera ezarri esparru guztietan; bakoitzak bere bidea egin behar duela.

BABESA EDO BABES FALTA

Hartutako kolpea leuntzeko, administrazioek zenbait diru laguntza martxan jarri dituzte hilabeteotan. Frantziako Gobernuak itxierak konpentsatzeko diru sail batzuk abiatu zituen, eta intermitentzia laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutu ditu, diru laguntzak urtebetez luzatuta. Iribarnek azaldu duenez, berak ez du laguntzarik jaso, eta haren taldean kide bakarra da intermitentea. Alde horretatik, gogorarazi dute, Iribarne bezala, sortzaile gazte asko ez direla intermitenteak, eta haientzat «kolpea gogorra» izan dela.

Eusko Jaurlaritzak, bestetik, iaz 4,5 milioi euroren diru laguntzak ezarri zituen kultur langileentzat, autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat, eta berriki gehiago iragarri ditu. Baina iazko deialdian arazoak izan ziren, aurretik diru laguntzaren bat jasoa zutenek ezin zutelako Jaurlaritzarena eskuratu; kulturgileek askotan, autonomo izan arren, lanaren arabera alta eta baja ematen baitute... Beraz, asko kanpoan gelditu ziren. Arazo horiek ikusita, diru sail berriak eskuratzeko beste baldintza batzuk jartzea erabaki du Jaurlaritzak.

Ibarzabali dagokionez, bertsolari gisa ezin izan zuen konpentsaziorik eskatu, baina Txakur Gorriarekin, kooperatiba izanda, berriz, bai. Hori ikusita, uste du Hego Euskal Herrian talde izaerak erraztasunak ematen dituela laguntzak eskatzean, baina, horri lotuta, salatu du administrazioak ez duela behar bezala ezagutzen bere xede taldea: «Ikusten da hobeto ezagutzen duela enpresen mundua, kulturgileena baino».

Artedraman, berriz, prestazioak eskatu beharrean, erabaki zuten kontratatuak zituzten langileak aldi baterako erregulazioan sartzea, eta taldekideek gordea zuten diru poltsa bat baliatzea egoerari aurre egiteko. «Urteetako lanaren ondorioz ditugun egiturak eta lan egiteko erak salbatu gaituzte», ziurtatu du Lipusek. Alegia, Ibarzabalek bezala, hark ere kolektiboari esker egin duela aurrera. «Eta zerbait ikasi badugu, zera izan da: hemendik batera irteten ez bagara ez garela irtengo», erantsi du bertsolariak.

Solaskideen iritziz, laguntzekin izandako gorabeherek erakutsi dute Euskal Herriko sortzaileak Frantziako eta Espainiako Gobernuaren menpe daudela guztiz, eta horrek ezberdintasun nabarmenak sortzen dituela profesionalen artean: Madrilek hartzen dituen erabakiek taldeei egiten dietela mesede handiagoa, eta Parisek hartzen dituenek, berriz, norbanakoei. Horregatik, argi ikusten dute artisten espezifikotasunari legalki erantzuteko tresnak behar direla. «Sortzea ez baita torlojuak egitea», Lipusek esan duen moduan.

AURRERA BEGIRA

Osasun krisiak azaleratu dituen askotariko arrakalen artean, beraz, agerian gelditu da prekaritateak, hauskortasunak eta babesgabetasunak ezaugarritzen dutela kultura. Tamalez, sortzaileentzat ezaugarri horiek ez dira berriak, Lipusek salatu duen moduan: «Guk gutxitan izan dugu babesa. Hutsaren hurrengoa gara, eta orain ere, txertoa jasotzen azkenak gu izango gara; baina gu ere osasuna gara: herriari irria, negarra edo amorrua eragiten dizkiogu».

Eta aurretik bazen zuloa desestali izanak ondorio positiborik ekarriko du? Iribarneren iritziz, bai: «Guk segitu behar dugu sortzen, gauzak eskaintzen, eta gizartea ohartuko da inportantea dela kultura sostengatzea». Ibarzabalek eta Lipusek, berriz, zaila ikusten dute egoerak hobera egitea. «Kostako da, ez baita plan miragarririk eta egituraturik iritsiko», adierazi du Ibarzabalek. Luze gabe iazko udazkenean izandako loratze txikia desagertzearen beldur dela dio; alegia, balitekeela programatzaileek zenbait ekitaldi aurrera atera izana iazko aurrekontuak gastatu beharragatik, eta aurrerantzean aurrekontuak txikiagoak izatea. Lipusek, halere, zaleak sentsibilizatzeko aukera ikusten du. Aukera, eta beharra: hori baita lehen urratsa gizartea kontzientziatzeko, kulturgileak zaintzeko eta babesteko erabakiak har daitezen. Zuloa estaltzen hasteko. «Gure herria da guk behar duguna, eta gure herria zaindu behar dugu. Horrela lortuko dugu hartzailetza bat. Eta agian horrela politikariak konturatuko dira existitzen dela euskal hartzailetza bat; euskal antzerkia, musika, bertsolaritza; euskal kultura. Eta horrek egiten gaituela herri».

Artikulu biluma: Itxialdien itzalean

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, 2 itzulia: Baiona

Ganbarako ariketarekin ari dira bertsolariak

Olatz Enzunza Mallona

Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia ari dira bertsotan, Ainhoa Larretxea Agirrek emandako gaiekin, Baionan.

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.