Koronabirusa. Itxialdien itzalean (VI). Euskal Herriaren kohesioa eta irudikapena.

Euskal Herria zatitzen duten mugak, bistan

Mugak itxita, erabakiak zentralizatuta, administrazio bakoitzaren pean arau ezberdinak... Pandemiaren aurkako neurriek agerian utzi dute Euskal Herriaren zatiketa eta burujabetza falta.

EH Baik eta EH Bilduk deituta Lizarietako gainean egindako protesta, otsailean. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Birusak ez duela mugarik: behin eta berriz entzun da ideia hori orain urtebete koronabirusaren pandemia Euskal Herrira ailegatu zenetik. Eritasunaren aurkako neurriek, ordea, nehoiz baino ageriago utzi dituzte Euskal Herria hiru administraziotan zatitzen duten mugak; edo hala uste du, bederen, Aitzpea Leizaola antropologo eta EHUko irakasle eta ikerlariak: «COVID-19ak indartu eta azaleratu egin du mugaren paradoxa». Haren ustez, alde batetik, «bizipen guztiz partekatuak edo antzekoak» eduki dituzte mugaren alde bateko zein bertzeko herritarrek: «Ziurgabetasuna, beldurra, izua, nolabaiteko bizitza sozialaren birpentsatze bat, mina... Eta hor dago paradoxa, nolabait ere bateratu egin baitu, zentzu batean: muga administratibo eta politikoez haraindi hori bera izan baita herritarrek bizi izan dutena». Aurkakoa ere gertatu da, ordea: «Aldi berean muga horiek azaleratu eta gorpuztu ditu pandemiak, mende honetan orain arte ez bezala». Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga, erraterako, itxita egon da hilabete ugari, eta, erabat itxita ez bada, alde bateko zein bertzeko Poliziak mugatua eta kontrolatua egon da ia urte osoan. Nafarroaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko mugikortasuna ere anitz mugatu dute hilabete ugaritan. Leizaolaren ustez, neurri horiek desegin egin dute orain arte Europako Batasunean zegoen ideia bat: «Nahiko errotua zegoen 'mugak desagertu dira' zioen diskurtsoa, eta honek agerian utzi du ez dela batere horrela».

Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslearen ustez ere, koronabirusaren testuinguruan «indartu» egin dira «muga administratiboak», eta, hasieran herritarrak etxetik atera ezin baziren ere, «sinbolikoki eragin handia» izan du horrek, haren hitzetan. Koronabirusaz ez kutsatzeko neurrietan ikusi du hori, bertzeak bertze: «Nahiz eta neurriak ñabardurekin baina antzekoak izan, Espainiak eta Frantziak hartzen dituzten erabakiei begira gaude. Iparraldean, Frantzia oso zentralista izanda: Parisen zer erabakitzen den, hori aplikatzen da. Eta, Hegoaldean, Espainian eskatzen denaren arabera aplikatzen dira gauzak, nahiz eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izan dezaketen tarte pixka bat, baina ez hainbeste. Paradoxikoki, oso globala den arazo horren aitzinean are gehiago jarri da gizartea bere estatu menderatzaileari begira eta haren arabera». Bat egin du Leizaolak: «Birusak mugarik ez duela esan arren, azken batean lurraldetasun muga jakin bat dagoen lekuraino iristen dira neurriak». Eta estatuek zenbaterainoko indarra duten ere bistaratu du horrek, antropologoaren ustez: «Badago XX. mendearen amaieraz geroztik diskurtso nahiko zabaldu bat estatu-nazioaren esanahian: estatuaren gainbehera datorrela, ekonomia neoliberalaren indartze ikaragarriarekin batera. Eta honek erakutsi du oraindik ere estatuak pisu handia daukala unitate moduan».

Horri gehitu behar zaizkio mugak fisikoki ezin zeharkatuaren zailtasunak, Leizaolaren ustez: «Gaur egun, posible da muga zeharkatzea Euskal Herrian, pandemiaren hasieran ez bezala —hor mugak itxi egin ziren erabat—, baina ez da erraza. Ez dago zirkulazio librea praktikan». Bertze neurri ugarirekin gertatu den bezala, «ziurgabetasuna» ikusten du hor ere, eta herritarrek ez dutela argi zer egin dezaketen eta zer ez: «Badago badaezpadako kontu bat: 'Badaezpada ere ez naiz pasatuko' edo 'Saiatuko naiz'. Ez da: 'A, ba banoa'. Aldatu da dinamika». Eragina, batez ere, mugakide diren herritarren artean sumatu du EHUko irakasleak, eta, haren ustez, berekin ekarri du orain arte modu «naturalean» funtzionatzen zuten hainbat harreman edo egoera definitu beharra, «bikote harremanak, bizilekuak eta horiek guztiak egiaztatzeko moduan agertu behar direlako autoritate jakin baten aurrean». Horrek aldaketa «asko» ekarri ditu, Leizaolaren hitzetan: «Eskatu dezake norbaitek erroldan izena aldatzea, edo familia arteko egoera edo bikote harremanak modu jakin batean edo bestean planteatzea».

Irudikapenak

Euskal Herriaren beraren irudikapenean ere eragin dute urte honetan harturiko neurriek, Leizaolaren eta Bidegainen ustez. «Aldiro neurriak aplikatzen direnez lurralde jakin batean, lurralde jakin horren errealitatea plazaratu egiten da, eta horrek zatiketa nabarmenago uzten du», dio Leizaolak. Adibidez, Ipar Euskal Herrian ostatuak eta kultur ekitaldiak bertan behera dira joan den urritik: «Esango nuke Hegoaldean pentsaezina dela, eta kontraste handi bat sortzen du». Itxialdiaren lehen hilabeteetan, aldiz, Ipar Euskal Herrian atera zitekeen ordu batez kirola egitera; Hego Euskal Herrian, ez. «Eta pentsatzea erkidegoan [EAE] aurreko astera arte ezin ginela mugitu udalerritik, baina Nafarroan bai... Aldeak nabarmenak dira, eta bizipenak, desberdinak».

Bidegainek komunikabideetan zabalduriko mezuak jarri ditu adibide, hain zuzen horixe ikertzen ibili baita azken hilabeteotan Martin Ugalde bekari esker, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakasleekin batera. Bidegainen ustez, Euskal Herriaren zatiketan sakondu dute koronabirusari buruz emandako datuek: «Informatzen da asko estatistikez, datuez... Hori inportantea da, baina administrazio bakoitzak bere moduak dauzka datuak emateko, eta berriz ere ez datoz bat Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko datuak emateko moduak, erritmoak eta zehaztasunak». Komunikabideek horiei jarraitu dietela deritzo, eta Ipar Euskal Herria «are gehiago zokoratua» gelditu dela: «Azken asteetan 100.000 kasuko neurgailua egunero ematen ari dira Pirinio Atlantikoetan. Iparraldekoa ez, baina nabarmena da zein apalak diren azken hiruzpalau asteetan datuak, eta kasu hori ez da ia-ia aipatzen. Inertzia batean sartuta gaude». Inertzia horiek puskatzeko deia egin die hedabideei: «Errealitatearen argazkia eman daiteke batzuen edo besteen betaurrekoen arabera, edo betaurreko bat eraiki behar da gure errealitatearen arabera deskribatzeko: hori egin beharko litzateke, ze beti administrazioak ematen duenaren menpe egoten bagara, ez dugu irudikatuko gure herria irudikatzea nahiko genukeen bezala». Bidegainen ustez, «zentralitatea» EAEk hartu du: «Kantabria hurbilago ikusten da Lapurdi baino, eta horrek gure mapa mentaletan eragiten du, bereziki EAEko jendearengan». Zehaztu du, halere, azken urteetako dinamikaren «jarraipena» baizik ez dela pandemian gertaturikoa.

Andoni Olariaga filosofo eta Iratzar fundazioko kidearen ustez, «nazio pultsua ahul» zegoen pandemia iritsi zenerako, eta «are gehiago» ahuldu da azken urtean, ezin elkartuaren ondorioz, bertzeak bertze. «Euskal Herriak zerbait baldin badu komunitate eta identitate hori mantentzeko, hori da elkarrekin egon ahal izatea, egiten ditugun praktika kulturalak... Gure herriarentzat, kostu handia du Korrika bat edo Aberri Egun bat normal egin ezin izateak, esanda aldez aurretik etortzen ginela egoera batetik non ja bazegoen hori apaldua». Olariagak «nazionalismo banal» bat ikusten du, izan ere; gazteengan, erraterako: «Alde batetik, egon da garaipen bat, aurreko belaunaldiek ia-ia hutsetik borrokatu behar izan dutelako Euskal Herriaren existentziaren beraren ukazioa; eta oraingo belaunaldia, ja 2008ko krisitik aurrera, Euskal Herriaren imajinario nolabait onartu batetik partitzen da, nahiz eta gero igual ez den islatzen telebista kate publikoetan eta egunkarietan. Baina horrek, aldi berean, badauka bere alde txarra: emantzat jotzea garaipen hori». Bidegurutze horretan harrapatu du koronabirusak Euskal Herria, Olariagaren ustez, eta «aukera galdu» gisa ikusten du, pandemia ez delako «baliatu» Euskal Herria «gatazka nazionalaren ardatzean» kokatzeko: «Aurretik jarri dira jendearen osasuna eta ongizatea».

Erronka «interesgarriak»

Krisi garaiak aukera gisa ikusten dituzte hala Olariagak nola Leizaolak. Antropologoak uste du mugan sorturiko egoerak bertzelako dinamika batzuk sor ditzakeela: «Historikoki muga itxi edo gotortu izan denetan, mugaz gaindiko harremanak areagotu izan dira, dela gau lana edo kontrabandoa, dela mugaz bestaldea babesleku bilakatzea soldaduskatik edo gerlatik ihesi». Memento «interesgarria» ikusten du, beraz.

Joseba Sarrionandiak Jakin aldizkarian plazaraturiko ideiei tiraka, berriz, nazioa «komunikazio esparru» gisa «definitzeko» deia egin du Olariagak: «Guk ulertzen dugu Euskal Herria nazioa dela, baina nazio bat komunikazio esparru bat baldin bada, eta mugak gogortzen baldin badizkigute, komunikabideetan iruditeria zatikatu bat hauspotzen bada, jendeak onartzen badu iruditeria hori eta Euskal Herriarena ez baldin bada nagusia, horrek esan nahi du maila batean ez garela nazioa, eta horretan eragin behar dugula. Hori da klak egin behar dugun ideia berria: non ez garen, eta horretan eragin. Bai pandemian, bai pandemiatik aurrera».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.