Koronabirusa. Itxialdien itzalean (VII). Ingurumena.

Arnasaldiaren osteko itolarriaren beldur

Konfinamenduak, eta mugikortasuna zein jarduera ekonomikoa eteteak gutxitu egin zuten, iaz, kutsadura bera eta berotegi gasen isurketa. Eten laburra izan da, eta, arnasaldiaren ostean, isurketen eta kutsaduraren hazkunde baten beldur dira adituak.

Arnasaldiaren osteko itolarriaren beldur.
inaki petxarroman
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun

Iazko martxoan, COVID-19aren zabalpena galarazteko neurrien ondorioz, bidaiak gutxitu egin ziren, eta jarduera industria apaldu. Hirietako kutsadura ia desagertu egin zen, eta aspaldi ikusi gabeko irudiak zabaldu ziren komunikabide eta sare sozialen bidez: basurdeak Bartzelonako kaleetan, pumak Santiagoko bazter auzoetan, hartzak mendizaleek zeharkatu ohi dituzten Pirinioetako ertz estuetan... Veneziako kanaletako ur normalean uherrak garden eta arrainez beteta ageri ziren, eta Indiako iparraldeko kutsadura laino temosoa desagertuta, zerumugan ikus zitezkeen Himalaiako gailurrak.

Hiriguneetan, besteak beste Euskal Herrikoetan, inoizko mailarik apalenetara jaitsi zen autoen NO2 (nitrogeno dioxidoa) kutsadura. Ekologistak Martxan-en ikerketa baten arabera, Bilbon %42 gutxitu zen kutsadura iazko martxo-maiatzetan; Gasteizen, %59.

Klima larrialdia eragin duten berotegi gasen isurketak ere asko gutxitu ziren. Guztira, eta aurreko urtearekin alderatuta, %6-7 inguru jaitsi ziren CO2 isurketak iaz. Konfinamenduko hilabete haietan izan zen jaitsierarik handiena, petrolioaren erabilera gutxitu baitzen. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) emandako datuen arabera, urteko azken hilabeteotan, ordea, gora egiten hasi da kutsadura, eta 2020ko abenduan, esaterako, 2019koan baino %2 CO2 gehiago isuri zuen munduak, Txinak eta beste hainbat herrialdek euren jarduera ekonomikoa bizkortu izanaren ondorioz. «2020ak gure benetako egoeraren aurrean jarri gaitu: petrolioaren eskaeraren arazo bat dugu, eta hori da klima aldaketari aurre egiteko erronkarik zailena, teknologikoki zaila baita mugikortasunak sortzen dituen isurketei aurre egitea. Azpiegitura sare oso bat dago, eta dena ezin da elektrifikatu», adierazi du Unai Pascual ekonomialari, BC3ko ikertzaile eta Euskal Herria Post-Covid manifestuko bultzatzaileak.

Haren iritziz, litekeena da 2020ko isurketen jaitsiera hori behin-behinekoa izatea, eta orain, potentzia ekonomikoek, berpizteko gogoz, eredu zaharkituari heltzea. «Hori zen gure beldurra, eta, tamalez, gertatzen ari da. Nagusitu den leloa da berpiztu ahal duzun moduan. Horrek ondorio larriak ekar ditzake. Nazioarteko Diru Funtsak iragarri du 2021ean %3 igoko direla isurketak, eta hori berri txarra litzateke».

Konfinamenduaren urtean 2,6 bilioi tona karbono dioxido gutxiago isuri zuen munduak airera. Bigarren Mundu Gerra osteko jaitsierarik handiena bada ere, ozeanoan gal daitekeen ur tanta txiki bat baino ez da, NBEk berak aitortu duenez. Izan ere, jaitsiera horrek tenperatura 0,1 gradu jaisteko balioko du. Baina berriki zientzialari britaniar talde batek The Guardian-en argitaratutako ikerketa baten arabera, bi urtez behin %7ko murrizketa egin beharko luke munduak hamarkada honetan Parisko Akordioaren helburua -bi gradu azpiko berotzea- betetzeko. «Orain badugu aukera bat ekonomia berregiteko beste modu batera, eta hori aldarrikatzen ari gara EH Post-Covid-en sinatzaileok. Baina joera hori ez da ikusten ez gure inguruan ez munduan».

Horren erakusgarri da, esaterako, Parisko Hitzarmenaren eguneratzeari herrialdeak emandako luzamenduak. «Giro mediatiko-soziala desagertu egin da, eta presioa apaldu da. Ituna betetzeko helburutik urrun gaude, eta giro diplomatikoa ahula da». Konfinamenduak bertan behera utzi ditu nazioarteko hitzordurik garrantzitsuenak, besteak beste, Glasgowko COP26 klimari buruzko goi bilera. Ikusteko dago, halaber,AEBak itunera itzuli izanak eraginik izango duen elkarlana berpizteko.

Bioaniztasuna, pandemien aroan

Pandemia urte honetan herritarrek ikasi duten hitzen zerrendan leku bat hartu du zoonosi terminoak ere. Animalietatik gizakiengana hedatzen diren gaixotasun infekziosoei deritze horrela, eta zerikusi zuzena du naturaguneen suntsitzearekin eta bioaniztasunaren galerarekin. «Pandemien eta zoonosien garaian sartu gara. Klima aldaketa, bioaniztasunaren galera eta zoonosiak ekartzen dituzten arrazoiak berberak dira: lurraren eraldatzea eta metabolismo ekonomikoa bultzatzen duen kontsumo eta ekoizpen makina horrek bultzatzen ditu guztiak», dio Pascualek.

Adituek diotenez, azken hamarkadetan izan diren gaixotasun kutsagarrien %30 zuzenean lotu litezke lurraren erabilera horrekin, hau da, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa sustatu, deforestazioa handitu eta urbanizazio prozesu erraldoiak martxan jartzen dituen eredu horrekin. Berezko ekosistemarik gabe geratzen diren edo salerosketarako erabiltzen diren animaliekiko harreman horretatik datoz nabarmentzen hasiak diren gaixotasun berriak gizakiengana. «Horri aurre egiteko indar guztia jartzen ari gara txertoetan. Baina prebentzioa ezinbestekoa da, hau da, zaintzaren ekonomia sustatzea eta metabolismo ekonomikoa moteltzea», dio Pascualek, IPBES NBEko bioaniztasuna ikertzeko adituen taldeko kide ere badenak.

Konfinamenduak, baina, ez die atseden handirik eman naturaguneei. Oraindik bilduma zehatzik ez badago ere, lehen datuek diote deforestazio maila ez dela jaitsi 2020an. Areago, egin diren zenbait ikerketak ohartarazi dute itxialdia baliatu dutela oihan tropikalen suntsiketa areagotzeko. Nazioarteko hainbat ikertzailek (Brasilgoak buru) 2020ko apirilean egin eta Perspectives in Ecology and Conservation aldizkarian argitaratutako ikerketa baten baten arabera, 9.583 kilometro koadro oihan suntsitu zituzten, 2019ko denbora tarte berean halako bi (4.732 km). Amerikan %53 handitu zen oihan galera, Afrikan %136 eta Asia-Pazifikoan %63. Basozainen eta guardien konfinamenduak, GKEetako kideen etorreraren eta turismoaren jaitsierak eragin zuten, adituen arabera. 2015etik 2020ra, %50eko hazkundea izan du deforestazioak ohian tropikaletan, eta horren oinarrian diren produktu batzuen prezioa (soja, egurra eta palma olioa) handitu baino ez da egin geroztik.

Urte «ona» faunarentzat

Animalietan ere eragin nabarmena izan zuen itxialdiak. Zientzia ikuspegitik, baina, zaila da hori neurtzea, Francisco Javier Zabala zoologo eta EHUko irakasleak dioenez: «Batetik, ezinezkoa izan zaigu ikerketa egitea, konfinamenduagatik; eta, bestetik, ez dugu aurreko egoerarekin konparatzeko modurik». Hala ere, dituen datuengatik, nabarmendu du «animaliak ondo» moldatu direla: «Ez dakigu konfinamenduagatik den edo berez urte ona izan delako».

Azken urteetan egindako zenbait ikerketak animalien jarraipena egin dute, eta informazio ugari daukate gordeta. «Horietan bai ikusi ahal izango dugu ea euren portaerak aldatu diren. Badirudi gizakien itxialdiak izan duela eraginik. Eragin horrek ez du zertan ona izan espezie guztientzat: adibidez, autoek harrapatuta hiltzen diren animaliak jateaz elikatzen diren sarraskijaleentzat litekeena da urte ona ez izatea».

Horrez gainera, aitortu du litekeena dela legez kanpoko ehiza bera kontrol gabeziaz eta turismo faltaz baliatu izana animalia gehiago hiltzeko.

Halaber, adituek sumatu dituzte aldaketak animalien ohituretan: gauez ibiltzen ziren batzuk egunez ibiltzen hasi dira orain. Zabalak azpimarratu du konfinamenduak egoera berri bat ekarri duela, eta esperimentu interesgarri bat ahalbidetu duela, besteak beste, turismorik ez delako izan. «Egoera hori ez dugu izan urteetan, eta, beraz, hobeto jakin ahal izango dugu zer eragin duen turismoak naturaguneetan. Beraz, basabizitzaren kudeaketa eta gizakiaren eragina ezagutzeko tresna hobeak izango ditugu».

Utzitako aldaketa «eskasak»

Itxialdiak hustu egin zituen kaleak, eta jende askok ikusi zuen, lehen aldiz, zer den aire poluziorik gabe bizitzea. Geroztik, zenbait hiritan aprobetxatu dute abagunea oinezkoentzako esparruak irabazteko, baina Euskal Herrian urrats«eskasak» egin direla uste dute ekologistek. «Zenbait hiritan asko handitu da bidegorri kopurua, baina Euskal Herrian ez dugu halakorik ikusi», kexatu da Marisa Castro, Ekologistak Martxan-eko kidea.

Horrekin batera, albo kalteak ere izan dira, pandemiaren eraginez. Esaterako, garraio publikoaren erabilera nabarmen jaitsi da. «Desprestigio kanpaina handia jasan du, nahiz eta ez den frogatu kutsatzeak handitzen direla garraio publikoan. Kanpaina horrek beldurra eragin du, eta ahal izan duten askok autoa berreskuratu dute. Gure ustez, indar handiagoa egin behar zen udaberrian izan zen kutsadura jaitsierari eusteko».

Esaterako, Castrok ez du ulertzen zergatik ez diren handitu zerbitzuak, bereziki puntako orduetan, pilaketak saihestu eta segurtasuna handitzeko. «Halaber, jendea animatu beharko zen garraio publikoan mugitzeko, eta ez da halakorik egin; are gehiago, uste dut garraio pribatu motorduna sustatu dela».

Maskarak eta pandemiak eragindako beste hondakinak kudeatzeko moduak ere kezka sortu die. Hainbat itsasbazterretan pilatu dira halakoak, eta, ekologisten ustez, ez da nahiko ahalegin egin haiek saihestu, berrerabili eta birziklatzeko. Halaber, atzera ere ikusten dituen zenbait joera gaitzetsi ditu, adibidez, klima krisiari aurre egiteko moduan: «Behar ditugu aldaketa erradikalagoak. Ikusten dugu badela baikortasun gehiegi. Digitalizazioak eta hidrogenoak salbatuko gaituztela dirudi, baina horrek ezin digu ezkutatu arazo larri bat dugula, eta ezin dugu konpondu arazo hori sortu dugun modu berean eta jende berarekin. Etsita gaude Parisko akordioak daraman erritmo motelarekin».

Euskal Herrian ikusten dituzten joerak gaitzetsi ditu Castrok, esaterako, Europako diru funtsak nola kudeatzen ari diren. «Denak dira proiektu erraldoiak, hidrogenoan eta berriztagarrietan oinarritu arren. Kapitalaren logikaren menpe jarraitzen dugu, eta hori bizitzaren aurka doa. Etsigarri da ikustea nola konfinamendu gogorraren ostean ere betiko proiektuak salbatu nahi izan dituzten: Supersur, AHTa, itsasadarraren azpiko tunela... Proiektu horiek klimaren aurka doaz, argi eta garbi».

Ikusitako guztia ikusita, Castrok ideia bat nabarmendu du: ez dela aurreratu aurreratu zitekeen guztia planeta iraunkorrago baten alde. «Neure buruari horixe galdetzen diot: ea zer ikasi ahal izan dugun, eta zer ikasi dugun benetan, zeren irudipena dut aldaketarik balego ere behar baino mantsoago gertatuko dela».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.