Koronabirusa. Itxialdien itzalean (XII). Adinekoak.

Adinekoak, bakarrik eta ikusezin

Zaharrak ere jarri ditu jomugan pandemiak eta bakartu beharrak: nabarmena izan da eragina. Bakartze neurriek zamatuta, bakardadea ere areagotu egin da sarri askotan. Horiek horrela, gizarte sareen garrantziaz ohartarazi dute zenbait adituk.

Emakume bat etxean bakartuta, Pasaian (Gipuzkoa). JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun

Birusak, jaio orduko ere, zimurtua zuen aurpegia. COVID-19aren lehen berriak Euskal Herrira iristen hasi zirenerako, artean Asian baino ez zegoenean, adinekoak jarri ziren gaixotasun berri haren jomugan. Ordutik, birusak gogor erasan die, eta kalte handiagoak eragozteko neurriak ere zurrunak izan dira. Datuak argigarriak dira: 1.412 egoiliar hil dira, adibidez, Hego Euskal Herriko zahar etxeetan; hildako guztien laurdenak baino gehiago izan dira zaharrak. Horregatik, egoitzak gotorleku bilakatu dira sarri, eta senide eta gizarte sareekin izandako harremanak errotik eten behar izan dituzte adinekoek. Bi eratan erasan die birusak: batetik, heriotza gehien adin tarte zaharrenetan egon direlako; bestetik, hilkortasun hori saihesteko hartutako neurrien arrastoa sakona izan delako.

Dudarik ez da: pandemiak Euskal Herrian izan duen urtebeteko bilakaeran, adinekoen egoitzak zaurgarritasunaren eta erresistentziaren sinbolo nagusia izan dira. Baina badago foku mediatikorik eskuratu ez arren oso kaltebera izan den adinekoen beste soslai bat. «Pandemia etxean pasatu duen adineko jendeari buruz oso gutxi dakigu. Zulo beltz bat da haien egoera: ez dakigu zer gertatu den». Javier Yanguas Aubixa fundazioko eta La Caixa fundazioko Mayores programako zuzendariaren hitzak dira horiek. Adinekoen programen kudeaketan aditua da, eta konfinamenduak zaharrei nola eragin dien aztertu du. Eragina nabarmena izan dela dio: «Argi dago depresioa, estres psikologikoa, antsietatea, trauma osteko estresa eta horrelako nahasmenduak asko areagotzen ari direla».

Pandemiak sortutako «galerek» eragin dituzte, hein handi batean, nahasmendu horiek, Yanguasen ustetan: «Jende asko hil da, galera handiak egon dira. Baina ez hori bakarrik; bizitzaren zati inportanteak ere galdu ditugu: harremanak, denbora... Nik uste dut hori bakardadearekin, bakartzeekin eta sufrimenduarekin lotuta dagoela. Horrelako gauzek beti izango dituzte ondorio kaltegarriak».

Bakardadea aipatu du Yanguasek, eta baliteke hori izatea pandemiaren ondorioez hitz egitean gehien errepikatzen diren berbetako bat. Gai horretan aditua da Sara Marsillas Matia fundazioko ikertzailea. Berriki Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 55 urtetik gorako biztanleen bizi baldintzak ikertu ditu, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Ikerketa horretan, konfinamenduaren ostekoa izaki, ikusi dute bakardade sentsazioak gora egin duela adin tarte horretan. «Baliteke zifrek ez erakustea igoera hain argia, baina badakigu bakardadeari buruz zuzenean galdetzen badugu datu asko galduko ditugula, jendeak ez baitu horri buruz erraz hitz egiten. Udaletatik, telefono bidezko zerbitzuetatik edo familietatik bertatik lanean egon direnei galdetuko bagenie, jende gehiago izango litzateke. Ziurrenik esango lukete bakardadea asko areagotu dela».

Ildo horretan, Yanguasek azpimarratu du ezarritako neurri murriztaileek ez dutela kontuan hartu adinekoen ongizatea. Segurtasun fisikoa lehenetsi dute: bizitzak salbatzea. Buruko osasunaren kaltetan. Haren ustez, «adinkeriaz» jokatu dute erakundeek eta gizarteak berak: adineko jendea bazterkeriaz tratatu dute. Salatu du adina mugarrietarako erabiltzea okerra dela: «Uste dut oso gaizki kudeatu dela adinaren kontua. Hobe da esatea osasun baldintzek gaixotasunean eragin dezaketela. Izurriaren ondorioz, areagotu egin da gure gizarteko adinkeria. Are gehiago, kasu batzuetan gerontofobikoa ere bilakatu dela uste dut: adinaren aurka jarri gara». Hain zuzen ere, gobernuek salbuespenak egiten jakin behar dutela uste du, bakardadea ere kaltegarria dela pentsatzen baitu. Marsillasek, berriz, ez du hain argi hori. Zenbait adituk hilkortasun handiagoarekin, arazo kognitiboekin eta arazo psikologikoekin lotzen dute bakardadea. Haren iritziz, bakardadearen eta osasun arazoen arteko harreman zuzena oraindik ez dago guztiz argi. Hala ere, jendearengan eragina badu: «Jakin badakigu bakardadeak pertsonen ongizateari eragiten diola. Eta, ongizatean eragiten duen heinean, hori landu beharreko gaia da».

Bakardadea

Bakardadearen ondorioak sumatu ditu Begoña Naberanek. Adinkide programako erabiltzailea da. Programa horrek nahi gabeko bakardadea sentitzen duten adinekoen ondoan egotea du helburu. Ia hiru urte daramatza Naberanek programan, konfinamenduaren aurretik ezagutu baitzuen bakardadea; baina konfinamenduak eta parez pareko harremanak eteteak bere egoera okertzea ekarri zutela onartu du. «Heldu zen momentu bat, urte hasieran, egoerak gainezka egin zidana». Hortxe funtsezkoa izan zen berriz Adinkide.

Egoerari aurrea hartu zioten elkartean, eta konfinamendua ezarri baino bi aste lehenago utzi zituzten bertan behera aurrez aurreko ekintzak. Ordutik, telefono bidezko harremanetan oinarritu dute beren jarduna. «Martxoan jarri genuen martxan telefono bidezko programa. Kasurik kalteberenei laguntza emate aldera, beste baliabide batzuekin indartu dugu zerbitzua, psikologoen elkargoekin, esaterako», azaldu du Leire Garcia koordinatzaileak. Naberan, adibidez, telefono bidez artatu zuten: astean boluntario baten baino gehiagoren deiak jasotzen zituen. Horrek egoera arindu ziola nabarmendu du: «Hobeto sentitu izan naiz».

Adinkideren bide bera hartu zuen Nagusilanek ere. Bakardadean dauden adinekoei laguntzeko asmoz sortutako elkartea da hori ere. Zilarrezko haria izeneko telefono bidezko programa jarri zuten martxan, eta, Jose Ramon Ezenarro lehendakariordearen ustetan, horixe izan zen beren «irtenbidea».

Arreta modu telematikoan egiteak sor zitzakeen arrakalez jabetuta, erabiltzaileei trebakuntza saioak ere eskaini behar izan zizkietela esan dute bi elkarteetako ordezkariek. Horrez gain, egoerak horretarako era eman duen moduan, aire zabaleko ekintzak ere egin dituzte.

Sarri, dena izaten da gutxi. Naberanek berak onartu du ez zela erraza izan laguntza eskatzea, «gainbehera» zetorkiola sentitu zuenean ere. Izan ere, arloan ari diren guztiak bat datoz: bakardadea «estigma handia» da oraindik ere gizartean. Nagusilanen jaso dituzten datuek ere hori erakusten dute. Egoerak bultzatuta, laguntza eskaeretan gorakada nabaritu dutela esan du Ezenarrok: lehen, ehun inguru ziren; egun, 300era hurbildu da kopurua. Adinkiden, aldiz, laguntza zerbitzua eskaini bazuten ere, ez zuten eskaera gehiago jaso konfinamendu garaian. Aditzera eman dutenez, urtea igaro behar izan da jendeak laguntza eskatzeko adorea hartzeko: «Hedabideetan hainbeste hitz egin da bakardadeari buruz, ezen pixka bat zabaldu baita gaia. Ikusten ari gara deitzen digutela, kasu berriak heltzen zaizkigula. Ez dira asko, baina lehen baino gehixeago bai».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.