Koronabirusa. Itxialdien itzalean (eta XIII). Nazioarteko harremanak.

Mundu multipolarrerantz, abiadura azkartuta

Pandemiak berretsi egin ditu aurrez nabaritzen hasiak ziren joera batzuk. Mendebaldearen nagusitasunari erasan dio, eta Txinaren ahal ekonomikoa handitu. Estatuak indartu dira, nazioarteko organismoen kaltetan.

Sergei Lavrov eta Wang Yi, Errusiako eta Txinako Atzerri ministroak. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Erronka globalei irtenbide globalak eman behar zaizkiela, eta halakorik ezean alferrik direla lekuan lekuko konponbideak. Osasun adituek eta zientzialariek askotan errepikatuagatik, pandemiari erantzun bateraturik emateko gaitasunik ez dute izan nazioarteko potentzia nagusiek. Mapa geopolitikoa osatzen duten eragile nagusiak euren hegemonia eta gainerakoengan eragiteko gaitasuna handitzeko ahalegina egiten ari dira, baina arlo horretan adituak diren gehienak bat datoz, oro har, kooperazio falta horrek aliantzen fragmentazioa eragin duela.

Iazko martxoaren aurretik ere bazen mundurik, ordea. Ordurako nabaritzen hasiak ziren joerak «azeleratu» egin ditu pandemiak, Olatz Arrieta kazetariaren arabera. AEBek azken urteetako gainbeheran jarraitu dute, haren esanetan, eta Txina, berriz, indartu egin da potentzia ekonomiko gisa. Bi potentzia horien artean Errusiak ere zeresana izan nahi duela uste du, eta horretarako batez ere botere militarra erabiltzen ari dela, beste potentziek utzitako hutsuneak aprobetxatuta; AEBek Ekialde Hurbiletik tropak atera eta gero lagatakoak, batik bat. Txinak munduko motor ekonomikoa eta produktiboa izan nahi duela dio Arrietak, eta izurriaren lehen hilabeteetan Ekialdera begira jarri zela Mendebaldea, COVID-19aren krisiak osasun baliabideen beharra agerian utzi duen heinean: «Ikusi da zer-nolako botere ekonomikoa daukan Txinak; batez ere, produktuak egiteko orduan. Munduko fabrika da, azken batean, eta, kasu honetan, pandemiari aurre egiteko beharrezkoak ziren produktu asko handik hartu behar izan ditu Europak». Baliabide urritasun horren erreakzioak agerikoak izaten ari dira Europako Batasuneko herrialdeen artean orain, dioenez. «Subiranotasun estrategikoa nahi dutela diote. Gauzak fabrikatzen hasi beharra dutela lehenbailehen, beste herrialdeen esku ez egoteko».

Txente Rekondo nazioarteko analistarentzat ere pandemiaren aurreko joeraren jarraipena da egungo jokalekua. Haren iritziz, osasun krisian hartutako neurriek gehiago hazteko balio izan diote Txinari. AEBekin parez pare jarriko duen bi poloko mundu bat aurreikusi dute zenbaitek, baina Rekondok ez du uste berehalakoan hori gertatuko denik: «Uste dut Txinak oraingoz ez daukala inongo presarik. Mantso-mantso hedatzea eta helburuak pixkanaka lortzea izaten da haren estrategia».

Xulio Rios Txinako Politikaren Behatokiko zuzendariarentzat, «eztabaidaezina» da krisiaren kudeaketan Txinak izan duen ahala, baina Gerra Hotzaren gisako jokaleku bat baino probableagoa ikusten du mundu multipolar bat, zeinetan Europako Batasunak autonomia gaitasun handiagoa lortuko duen eta India, Errusia eta beste zenbait herrialde boteretsuk rol garrantzitsua izango duten. Betiere, orain arteko joerak mantentzen badira, ñabartu duenez: «Txina munduan lehen indar ekonomiko moduan finkatzen bada, AEBek beheraldian jarraitzen badute eta elkartasun transatlantikoa kaltetzen bada, errealitate multipolar horretatik gertuago egongo gara».

Asiako erraldoiaren goraldiak bat egin du AEBek beren kanpo politika bainoago barnekoa lehenetsi duten garaiarekin. Herrialde guztiak uzkurtu dira ezinbestean, baina ez maila berean, eta zentzu berezia hartu du Donald Trumpen America first leloak. Nazioarteko organismoekin kolaboratzeko izan dituen zailtasunek gainezka egin dute pandemia garaian, eta horren erakusle da OME Osasunaren Munduko Erakundetik atera izana —Joe Biden presidente berriak atzera bota du erabaki hori—. COVID-19aren aurrean erakutsi duen jarrerak bereizi egin du bere aliatu historiko batzuengandik. «Errepublikanoen artean beti egon da nazioarteko instituzioekiko mespretxua eta mesfidantza. Trump harago joan da, ordea, eta esan du ez duela ezer jakin nahi, eta gauzak egingo dituela AEBen interesekoak baldin badira bakarrik», azaldu du Arrietak. Jokabide hori ere ez da berria AEBetako gobernarien artean, dioenez, baina egiteko modua bai. NATOren adibidea jarri du: «Trumpek europarrei esan zien: 'NATOn diru gehiago jarri, edo alde egingo dugu'. Hori Obamak ere esan zuen bere garaian, baina desberdina da Trumpek nola esan zuen, Alemaniara telefonoz deitu eta faktura bat igorri baitzuen».

Bestalde, Txinarekiko etsaitasuna gordin irudikatu du Etxe Zuriko maizter ohiak, eta bi potentzien arteko lehian koska bat igo du. Arrietaren arabera, Txinaren etengabeko hazkundeari erreparoz begiratzen dioten herrialdeek eskertu egin dituzte Trumpek Xi Jinpingen gobernuaren aurka hartutako neurriak, nahiz eta «aho txikiarekin» aitortzen duten hori: «Txina kapitalismoa egiten ari da, baina bere modura. Besteek diotena da kapitalismoa egin behar dela, baina Munduko Merkataritza Erakundeak dioen bezala. Trumpek aurrekari bat jarri zuen, eta Txinatik inportatutako produktuei muga zergak jarri zizkien». Gainera, neurri hori Bidenek bere hartan mantendu duela gogoratu du. Bi herrialdeen arteko harremanaren auziari nondik helduko dion erakutsi zuen herenegun Bidenek, bere legealdiko lehen prentsa agerraldian, ziurtatu baitzuen bera boterean den bitartean Txina ez dela munduko lehen potentzia bilakatuko.

Presidente berriak nazioarteko harremanetarako izan dezakeen prestasunak eta Txinaren goraldia mugatu beharrak AEBen eta Europako herrialdeen posizioak gerturatuko dituela uste du Rekondok. EBren balantza mendebaldera kulunkatuko dela uste du Arrietak ere, baina Txinarekiko lotura ere mantendu beharra duela. Klima aldaketaren auzian Asiako herrialdeak rol garrantzitsua duela gogoratu du. Bide «sofistikatuagoekin», Europara gerturatzen ahaleginduko da Biden, Riosek dioenez, baina Trumpen garaiko «protekzionismoak eta unilateralismoak» utzitako ajea oraindik presente dagoela erantsi du.

EBren ezina

COVID-19aren aurrean nazioarteko organismoek herrialdeen estrategiak bateratzeko izan dituzten zailtasunek eztabaidan jarri dute globalizazioaren uste hedatuetako bat: nazio-estatuen eta mugen aroa amaitua dela. Erabakiguneak eta boterea zentralizatzea eta mugak ixtea izan dira gobernuen lehen neurriak, kasu askotan. Bruselaren eta EBko estatu kideen arteko ika-mika iturri ere izan dira halako erabakiak, hainbatetan. Izan ere, izurriak gogor jo du Europa, eta agerian utzi du zer-nolako zailtasunak dituen EBk horrelako egoeren aurrean erreakzionatzeko. «Krisi hau hasi bezain laster, Italia behin eta berriz Bruselara deika aritu zen, laguntza sanitario eske, baina lehenago heldu zitzaion Txinatik, Errusiatik eta Kubatik», gogoratu du Rekondok.

Riosek uste du talde komunitarioaren barruan izan diren desadostasunek eta izurriaren kudeaketa «okerrak» mezu arriskutsu bat eman dutela, Europako Batasunaren «deskonposizioan» sakondu dezakeena: EBtik kanpo errazagoa dela aurrera egitea. Instituzioarekiko konfiantza faltak zenbait herrialde itxaropena beste herrialde batzuetan jartzera eraman dituela azaldu du, eta egoera hori onuragarria zaiela Errusiari eta Txinari, esaterako.

Bere egitura konplexuengatik, EBri erabaki azkarrak hartzea zaila izan zaiola uste du Arrietak. Sarritan herrialdeekin konparatzen dela esan du, eta alderaketa hori okerra dela. «Europako Batasuna mugitzea oso zaila da, oso motela eta burokratikoa baita. 27 herrialdek osatzen dute, eta herrialde horiek erabaki dute momentu jakin batzuetan gauzak elkarrekin egingo dituztela, eta beste batzuetan ez», azaldu du. Izurriaren hedapen azkarra gerarazteko erritmo hori motelegia izan dela aitortu du, baina, era berean, konplexutasun horrek herrialdeak zenbait erabaki garrantzitsu elkarrekin hartzera behartzen dituela nabarmendu du. Europako Batzordeak banatuko dituen Next Generation diru funtsak onartzera eraman ditu pandemiak, eta adierazi du hori «ezinezkoa» litzatekeela testuinguru horretatik kanpo. «Onartezina zirudiena onartu dute: 750.000 milioi euro bideratzea denentzat, baina, batez ere, pobreenentzat, eta herrialde guztiak zorpetzea».

Bruselaren asmoa lehenbailehen «dirua zirkulazioan jartzea» dela uste du Rekondok, «pizgarri ekonomikoak» izateko. Horrek epe laburrean «murrizketa basatirik» ez duela eragingo dio, baina ohartarazi krisiak igaro eta bi urtera izan ohi direla ondoriorik gogorrenak. 2008ko krisiaren ondorioak Europako estatuen osasun sistemen ezegonkortasunean nabaritu direla dio, eta badagoela arriskua luzeragoko epe batean murrizketak izateko. Osasun arloan bere garaian egindakoei egotzi die txertaketa kanpainak Europako herrialdeetan duen erritmo motela ere.

Txertoa, arma geopolitikoa

Joera geopolitikoak berresten ari da txertaketa ere. «Mundu anglosaxoiak lidergoa dauka prozesu honetan, eta bere eragin esparruaren beharrei erantzuten die, gainerakoak baztertuta», dio Riosek. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen eta munduko gainerakoen arteko banaketa ikusten du, argi. Lehenengoen artean dosiak banatu, eta horietatik kanpo geratu direnak babesgabe geratu direla uste du: «Txina eta Errusia dira Afrikan, Latinoamerikan eta Asian txertaketa prozesuak lagundu dituzten herrialdeak, eta, bitartean, herrialde aberatsek beste alde batera begiratu dute».

Hain justu, egoera baliatu izana egotzi diete Mendebaldeko gobernuek bi herrialde horiei. Txertoarekin lan diplomatikoa egitea «denek» egiten duten zerbait dela dio Riosek, ordea. Bat dator Arrieta. Batez ere Txinaren kasuan, izurria kontrolatuta edukitzeak bere txerto dosiak munduari eskaintzea ahalbidetu dio, kazetariaren arabera.

Botika etxeekin egindako hitzarmenek merkatuaren logikan kokatu dute txertaketa prozesua, Rekondoren arabera, eta horrek argazki politikoa ere «baldintzatu» duela dio: «Batzuek lortu dute lortu dutena, eta beste asko eta asko ate joka egongo dira luzaroan».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.