Koronabirusa

Ospitale mugikor bat ekarri dute Baionara, larrialdiak libratzeko

Ospitale mugikorra. Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuen aurrean instalatu zuten, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Edukiontzi handi baten itxura du, baina ospitale bat da. Tolosatik (Okzitania) ekarri zuten atzo, kamioiz, eta Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuaren aitzinean zabaldu zuten. Osasun langileak aritu ziren xitxuketa lanetan, eta forma eman zioten. Hemezortzi paziente artatzeko unitate mugikorra da, eta saturaziora heltzear dagoen ospitalea laguntzeko ezarri dute. «Lehen aldia da ospitale mugikorra baliatzen dugula. Beharrezkoa da larrialdi zerbitzuek normalki funtzionatzen jarraitzeko», esplikatu zuen Tarak Mokni Baionako erietxeko larrialdietako mediku koordinatzaileak.

[Youtube]https://youtu.be/JMGYqJ20WFg[/Youtube]

Koronabirusa duten pazienteak artatzen dituzte Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuan, eta «tentsio egoeran» daudela onartu zuen Moknik.

Duela gutxi arte, COVID-19a zuten pazienteak larrialdietako unitate berezitu batean artatzen zituzten. Baina birusa duten paziente geroz eta gehiago iristen ari dira, eta unitate normaleko oheak horientzako erabiltzen hasi behar izan dira.

«Unitate mugikorrean larrialdira datozen pazienteak bideratzen ahalko ditugu; COVID-19a dutenek hartzen dituzten oheak ordezkatzeko, nolabait», azaldu zuen. Mokni: «Lehen olatuan tentsioan izan ziren eskualdeetan koronabirusa ez zuten pazienteen artan ahuleziak izan ziren. Egoera hori saihestu nahi dugu».

Lankidetza proiektua

Okzitaniako eta Akitania Berriko Osasun Agentziek eraman dute ospitale mugikorraren proiektua partaidetzan, baina ez zuten, berez, pandemia garaian erabiltzeko pentsatua.

Vincent Bounes medikua Tolosako ospitalean ari da, eta proiektua garatzen jardun du azken urteetan. «Katastrofe egoeretan erabiltzeko egitasmoa da. Baionako bestetan, Iruñako bestetan, eta horrelako egoeretan erabiltzeko pentsatua genuen». Alta, egoera ezberdinei aurre egitea da egitasmoaren lehen helburua. «Pandemia iritsi zaigu, eta Baionako ospitalean erabiliko dute lehen aldiz, larrialdi zerbitzua libratzeko».

Mugaz gaindiko proiektua ere bada, Egalurg Pirinioetako mugaz gaindiko larrialdi zerbitzuak parte hartu baitu. Bounes: «Pirinioen bi aldeetan erabil daiteke ospitale mugikorra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.