Euskara eta gazteak. Gaztealdia

Gazteek gizarteari erronka

Eremu geografiko eta soziolinguistiko anitzetako gazteak batu ditu Gaztealdiak, zortzi egunez euskaraz aritzeko; batzuek arnasguneak dituzte bizitoki; beste batzuek, berriz, arnasa horren bila ekin diote ariketari. Batzuek zein besteek ariketaren lehen egunetan izandako ustekabeak kontatu dizkiote BERRIAri.

Maria Ortega Zubiate - Uxue Rey Gorraiz - Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko azaroak 15

JON URBE / FOKU

Ilargi Aranburu. Donostian bizi den 20 urteko ikaslea, plentziarra jaiotzez. Jaioterriko euskararen egoerak esnarazita, zortzi egunekoa soilik ez, 365 eguneko erronka hasi du.

«Ezustean pasatutako jazarpenak ikusten hasi naiz»

BERRIArekin elkartua ez balitz, elektrikariarekin egon beharko luke. Eta Ilargi Aranburuk (Plentzia, Bizkaia, 2000) sumatzen du harekin ez lukeela euskaraz berba egiteko aukerarik izango. Elkarrizketa osoa pasatu du egoera horri nola aurre egin buruari bueltak ematen. Euskaraz astiroago mintzatzen saiatuko litzateke, baina ez badu ezer ulertzen, zer? Hala ere, hori anekdota bat da haren egunerokoan.

Donostiartuta dago Aranburu duela hiru urtetik, Antigua auzoan. «Oso gustura» dago bertan. Jaioterrian izango lukeenaren giro ezberdina du auzoan: dioenez, batean euskara norma da, eta bestean, salbuespena. Gaztealdiaren lehen egunetan, ez du izan esperientzia txar azpimarragarririk, hain zuzen, bere inguruak erronka betetzeko modua ematen diolako: ikasgelako lagunak, etxekideak, Donostiako adiskideak, guztiak dira euskaldunak. Baina, ariketak ezertarako balio izan badio, oharkabean pasatzen diren hizkuntza jazarpenak ikusteko izan da. «Betaurreko» horiek jarri ditu, ariketaren zortzi egunetan xehetasun horietan arreta jartzeko. Baina argi du konpromisoa ez dela zortzi egunetara eta bederatzi gaztetara mugatu behar. «Urte osoan egin beharreko erronka bat da».

Izan ere, bera kontziente da bere kasua «oasia» dela, bere auzoa eta bere zirkulu sozialak ezin baitira ariketako gainontzeko kideen egoeretara estrapolatu. Baina inguru euskaldun batean egoteak ez du beti ematen modua euskaraz bizitzeko, haren arabera: «Ni ezin naiteke euskaraz bizi. Euskaraz egin dezaket berba, baina ezin naiteke euskaraz bizi».

Punta batean eta bestean

Itsaso berak bustitzen ditu Aranburu hazten ikusi zuen herria eta orain hezten duen hiria. Baina, plentziarraren bizipenetan, ezin urrunago daude bata eta bestea. Jaioterrian ere, euskalduna zen haren oinarria, etxean beti euskaraz egiten baitute. Baina egunerokoan traba gehiago izaten zituen, euskararen presentzia txikia baita.

Hain zuzen ere, Plentzian piztu zitzaion euskararekiko kontzientzia Aranbururi. Gogoan du institutuan zuen lagun bat: inguruan euskaraz egiten zuen bakarra zen, eta, besteek gazteleraz erantzuten bazioten ere, berak bereari eusten zion. Orduantxe konturatu zen «euskaldunak bigarren mailako herritar» direla, beti «espaloitik jaitsi behar» dutenak.

Batzuetan nostalgia sartzen zaiola aitortzen badu ere, izurriaren egoera dela eta, Plentziara ez bueltatzea erabaki du, momentuz. Dena den, zortzi egunetan egingo duen ariketa bera Plentzian egitea «interesgarria» litzateke Aranbururentzat. Han biziko lituzkeen egoerak agerikoagoak izango lirateke, haren ustetan: ogia erostera joatean, kafea eskatzean... «Euskararengatik balitz, ni kaferik barik geratuko nintzateke askotan Plentzian».

Kontzientzia horrekin bizi da gaur egun, Kantauri itsasoaren punta batean zein bestean, eta parte hartzen duen ariketarekin harago eraman du kontzientziazioa. «Ez da bakarrik lehen berba euskaraz egitea: hori baino gehiago da. Kontua ez da lehen hitza ukatzen dizutenean erdaretara pasatzea; jarrera kontua da».

GAZTEALDIA

Miren Balmaseda. Tuteran eta Lodosan dabil Gaztealdiko erronka betetzeko ahaleginean. Aitortu du «nahi eta ezin» ari dela zenbaitetan: aunitz dira oztopoak.

«Erriberan ez zaigu bermatzen euskaraz bizi ahal izatea»

Goizeko bederatziak eta bost, eta hara non ailegatu den lehenbiziko oztopoa Miren Balmaseda Gaztealdiko parte hartzailearen bidera (Tutera, Nafarroa, 1992). Ezin izan da euskara hutsean aritu, ez behintzat berak nahi lukeen gisan, hau da, normaltasunez. Lodosako ikastolako (Nafarroa) irakaslea da, eta goizero mintzatu ohi da tarte batez ikasleen gurasoekin. Horietako gutxi dira gai euskara ulertzeko, eta, beraz, oro har, gaztelaniaz aritzen da haiekin. Oraingoan, bestelakoa izan da kontua: Balmaseda esaldi motzak erabilita mintzatu zaie gurasoei, motel, baina euskaraz. «Ez dut amore emanen. Oso zaila da, baina saiatu beharko». Gogotsu ekin dio erronkari, baina ezin izan du agurretatik eta esaldi sinpleetatik haraindiko elkarrizketa bat eduki. Halere, izan dira konplizitate keinuak. «Sentitzen dut saiatzen direla babesa ematen, bakoitzak ahal duen neurrian bada ere».

Tuterarraren kasuan, ikastolako lanaldia bukatzeak ez dakar harekin euskaraz aritu ahal izateko bermea, eta, arratsaldean, are bistakoagoa izan da erronka estualdirik gabe betetzeko ezintasuna. Tronboi eskolak hartzen ditu herriko musika eskolan, eta irakaslea ez da euskalduna. Lotsati, baina euskaraz agurtu du: «Arratsalde on, zer moduz?» esanez sartu da ikasgelan. «Urduri nago, badakidalako ezinezkoa izanen dela euskaraz aritzea. Bera ez da gai euskaraz deus esateko». Harrituta begiratu dio irakasleak, eta, ezinbestean, gaztelaniaz egin behar izan dituzte ondoko orduak.

Egoera bertsua bizi izan du Balmasedak handik gutxira, gimnasiora joan denean. Bertan ere, monitorea ez da euskalduna. «Horrek agerian uzten du Erriberan zailtasun handiak daudela aisialdiko jarduerak euskaraz egiteko, eta Gaztealdia tresna egokia da hori argitara ateratzeko». Euskarara bideratutako baliabide askirik ez dagoela nabarmendu du, eta nahi luke egitasmoak balio izatea horretaz ohartarazteko. «Euskal Herriko beste txokoetako jendeak badaki hemen oztopo asko ditugula gure hizkuntzan aritzeko, baina uste dut ez dakitela zenbateraino den larria egoera. Erriberan eskubide arazoa dugu: ez zaigu bermatzen gure hizkuntzan bizi ahal izatea».

Dena dela, zailtasunak zailtasun, ostegunean abiatutako erronkak eman du fruiturik dagoeneko, eta Balmasedak sumatu ditu aldaketak zenbait pertsonaren hizkuntza ohituretan. Haren aitak ez daki euskaraz hitz egiten, eta, hala ere, ahalegina egin du alabari zuzendutako Whatsapp mezuak euskaraz idazteko, Garazi alabari laguntza eskatuta. «Tontakeria bat irudi dezake, baina ziur nago beste egoera batean aitak ez lukeela horrelakorik eginen».

BOB EDME

Andrei Fuchs. Konfinamenduan harrapatu du Gaztealdiaren desafioak, baina esperientzia bizitzeko gogotsu dago Donibane Lohizuneko gaztea.

«Buruko minaren kontrako erremedio bat behar nuke»

«Goazen zinemara eta galdetuko dut zer film dagoen aste honetan». Itxia dago zinema. Turismo bulegoa? Hori ere, itxia. Gogotsu hasi du Andrei Fuchsek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 2003) Gaztealdiarekin bere buruari eman dion desafioa, baina, osasun egoeragatik Frantziako Gobernuak ezarritako konfinamenduaren ondorioz, nahi baino aukera gutxiago ditu bere herriko hizkuntza paisaia nolakoa den aztertzeko. Farmaziara joatea erabaki du azkenean, lagun batentzat botika baten bila joateko aitzakiapean. «Arratsalde on, buruko minaren kontrako erremedio bat beharko nuke». Harritua begiratu dio saltzaileak; itxaroteko eskatu, eta lankide euskaldun baten bila joan da. Kiskun-kaskun, baina euskaraz egin dute elkarrizketa osoa. «Ez dakit oso sinesgarria izan naizen», erran du ateratzean Fuchsek, irribarrez baina «pozik» joan da; «Esperientzia polita izan da».

Euskara du ama hizkuntza 17 urteko mutilak, eta betidanik «normaltasunez» bizi izan duela dio. «Batzuekin euskaraz ari nintzen, besteekin ez. Ez nuen bereziki kontzientziarik». Baina handitzearekin Euskal Herria bere osotasunean ikusten hasi zela esplikatu du: «Ohartu naiz anitzetan lehen hitza erdaraz egiten dudala, ohartuz euskara opzio bat zela sarri». Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikaslea da, terminalean, eta bertako ikasle asanblean parte hartzen du. Horrela etorri zitzaion Gaztealdian parte hartzeko proposamena. Berehala onartu zuen. «Lehen aldia da nire buruari halako erronka bat ematen diodala. Lagunekin ere, erdaraz aritzen gara anitzetan, eta saiatu nahi dut dena euskaraz egiten, ea zer ematen duen».

Interesa piztu, ez beldurtu

Desafioaren bigarren egunean elkartu zen BERRIArekin Fuchs, ostiralean, eta oraindik ez zuen bere buruari emandako desafioaren inguruko bizipen askorik. «Ez dut bereziki neure burua prestatu; ez dut gerla edo abentura bat bezala hartu nahi izan», esplikatu du. Bere garaian Donibane Lohizunen denak euskaraz mintzo zirela dio; gaur egun, badira euskararekin batere harremanik ez dutenak. «Pentsatu nahi dut hori zergatik den. Interesatzen zait ikustea zer diren erreakzioak haiengana euskara hutsean noanean». Ahal bezain «goxo» joanen dela dio. Ezinezko elkarrizketetan, mimikara jotzea pentsatua zuen hasieran, baina, azken puntan, frantsesa erabiltzea erabaki du. «Niretzat lorpen bat da euskarari buruz galdetzen badidate, interesa pizten badut. Ez ditut beldurtu nahi».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ezkerretik hasita, Amets Lahetjuzan, Bingen Zupiria, Mikel Arregi, Kike Amonarriz eta Arrate Illaro, atzo, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eta orain, aldaketei eutsi

Gotzon Hermosilla

Bukatu da aurtengo Euskaraldia; «aldatutako dinamikei ahalik eta gehien eusteko» deia egin dute eragileek. Lortutako emaitzak, ariguneen ekarpena eta «lankidetza eredua» goraipatu dituzte
 ©GOTZON ARANBURU / FOKU
Euskarazko edukiak ezagutarazteko atari bat eratzea proposatu du Gorrik bere lanean. ©HITZA

Euskararen Internet ataria xede

Joanes Etxebarria

Txillardegi-Hausnartu saria irabazi du Eneko Gorri ikertzaileak, 'Ongietorri.eus, euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa' lanarekin. Interneteko ahuleziak aztertu ditu, eta proposamen berritzaile bat plazaratu.
Zubietako erraustegia. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Zubietari energia sortzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

Edurne Begiristain

Industria Sailak ukatu eta bost egunera, behin-behineko baimena jaso duela iragarri du GHE-k. EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak erraustegia geratzeko eskatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.