Itxialdien itzalean (VIII). Hezkuntza.

Euskara, herdoila kentzeko premian

Eskolak itxi orduko, agerian geratu zen nolako ondorioak jasango zituzten ahulenek. Euskarak lekua nola galdu duen nabaritu da, eta, arrakala digitala bistaratzearekin batera, digitalizazioan pausoak emateko eskatu dute.

Ikasle batzuk Burlatako Askatasuna ikastetxean sartzen, euskararen aldeko mezu bat atzean, ikasturteko lehen egunean. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Bazterrean zeudenak are zokoratuago utzi ditu pandemiak. Aurrera egin ezinean ari zirenak, oraindik eta atzerago. Euskararen arloan ere, itxialdiak larritu egin ditu lehendik zeuden arazoak. Ikasgelak itxi eta ikasleak etxera bidalita, euskarak arnasgune zituen ikastetxeak galdu zituen, eta ume askok, berriz, euskaraz hitz egiteko eta entzuteko zuten aukera bakarrenetarikoa. Baina erreparatu al zitzaion galera horri behar bezala? Hasieran behintzat ezetz uste du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle Karmele Perezek: «Nire sentipena da pandemian beste leku batzuetan egon direla lehentasunak eta urgentziak».

Iazko martxoaren 9an erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak Gasteizko eta Bastidako (Araba) ikastetxeak ixtea. Neurria Araba osora eta Balmasedara (Bizkaia) hedatu zuen bi egun geroago, eta Bizkai eta Gipuzkoa osora hurrengo egunean. Gauza bera gertatu zen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian martxoaren 16an. Eta, egun gutxiren buruan, ikasleek eskolak etxetik jarraitu behar zituztela ikusita, horretarako moldaketak korrika eta presaka egin behar izan ziren egun haietan, orduantxe hasi ziren euskararen inguruko kezkak. Urtebete atzera egin behar da, beraz, arazoaren muinera iristeko. Edo ez. «Lehendik ere, hezkuntza mundua kezkatuta zegoen gai honekin, haurren eta gazteen hizkuntza gaitasuna eta erabilera apaltzen ari delako azken urteetan», azaldu du Perezek.

Baina duela urtebete hasi zen arazoa bizkortzen, Perezek azaldu duen gisan: «Konfinamenduak, beharbada, areagotu egin zuen; haur batzuek atzera-buelta egin dute». Ikasturtea amaitzerako izan zuen kezkaren berri: «Irakasleek jada esaten zuten konturatzen zirela ikasleak galtzen ari zirela erabilerarako erraztasuna; bereziki, eremu ez-euskaldunetan».

Bitartean, ikastetxeetan lanean ziharduten, haurrek euskararekin zuten harremana eten ez zedin; Gasteizko Aranbizkarra ikaskomunitatean, esaterako, hala aritu ziren. Halere, eskolan bertan lantzetik etxetik lantzera aldea dagoela uste du Irantzu Gallastegi zuzendariak. Azaldu duenez,konfinamenduan saiatu ziren, besteak beste, bideo deiak egiten eta programak bidaltzen... Baina ez da gauza bera. Perezen irudiko, eskola batetik bestera aldea egon zen lan egiteko moduan: «Ikasleekin egin den lana ez da homogeneoa izan gure eskoletan. Esperientzia interesgarri batzuk egon dira, baina ez dira orokorrak izan».

Erronka horri eutsi ahal izateko, baliabideak ezinbestekoak ziren. Aitzitik, haien falta izan zen nagusi. Gallastegik nabarmendu du egon zela Eusko Jaurlaritzaren «intentzio eta ahalegin bat»: adibidez, telebistan Bitartean, etxetik ikasten programa jarriz, edo Hamaika Eskuko eskoletako haurrek lehentasuna izango zuten udalekuak antolatuz —azkenean ezin izan zituzten egin—; gainontzean, ordea, ez dituzte baliabide gehiago jaso. Perezen irudiko ere, ez ziren aski izan: «Administrazioak non jarri zuen arreta, batez ere? Tresnetan. Neurri batean, ulergarria ere izan daiteke; egoera oso krudelarekin egin genuen topo». Halere, ikusi du itxialdian esperientzia «interesgarriak» egin zituztela zenbait eskolatan; besteak beste, irakasleak ikasleekin bakarka elkartzea, ahozko ekoizpenak eskatzea bideo eta audio bidez, talde txikietan biltzea, eta euskara lantzeko boluntario taldeak osatzea: «Esango nuke konfinamenduan egin ziren esperientzia asko inspirazio iturri politak direla».

Itxialdirik estuena eta uda pasatuta, eskolak itxi zituztenetik ia sei hilabetera itzuli ziren ikasgeletara, eta itzala utzi dute konfinamenduko hutsuneek, Gallastegik azaldu duenez: «Bueltan hauxe ikusi dugu: kontaktua galduta egon direla erabat». Perezek irakasle batek kontatutako adibidearen bidez azaldu du gertatutakoa: «Lehen Hezkuntzako ikasle bat joan zitzaion, eta esan zion lehenengo gauza izan zen: 'Aizu, barkatu, gauza bat esan behar dizut, baina inporta zaizu erdaraz esaten baldin badizut? Zeren eta erderaz hobeto esango baitizut'. Esaten zuen hori sekula santan ez zaiola gertatu».

Batez ere, haur txikienengan antzeman du ezina Gallastegik; gehienbat ahozkotasunean eta komunikatzeko gaitasunean, baina baita ulermenean eta hiztegian ere. Zaharragoetan, berriz, gutxiago: «Irakurketa eta idazketa bereganatua izan dutenekin komunikatzeko ohitura falta egon da, baina pertzepzioa ez da agian hain nabaria izan». Perezek zentzua ikusten dio haur txikienek galera handiagoa izateari, baina maila guztietako irakasleen kezkak jaso dituzte: «Guri maila guztietako irakasleek aipatu digute galera hori, baina izan daiteke, badu logika txiki bat: haur txikiek hizkuntza gaitasun txikiagoa daukate oraindik. Berreskuratu ere, besteek baino lehenago berreskuratuko dute, seguruenera».

Aurrera begira

Ikasturte hasierako ezinak igarota, galdutakoa berreskuratzeko lanean dihardute orain. Aranbizkarran, esaterako, errekuperazio plan bat egin dute, eta euskara errefortzuak ere jarri dituzte eskola orduez kanpo. Perezek uste du egoerari buelta emateko gakoa euskara «erdigunera» ekartzea dela, baita kontzientzia hartzea ere: «[Eskolak] egiten dituen proiektu guztiak eta lantzen dituen alderdi guztiak lotu behar ditu hizkuntzaren garapenarekin; alegia, hizkuntza intentzioa jarri egiten dituen gauza guztietan». Eta ikasleei hitza ematearen garrantzia azpimarratu du: «Ikasleek hitz egiten ikasiko dute eta hizkuntza garatuko dute baldin eta hitza ematen bazaie eta hitz egiteko aukera eskaintzen bazaie». Irakasleen arteko elkarlanean ere jarri du arreta, eta eskatu du ardura ez uzteko hizkuntza irakasleen gain soilik: «Ez da 'nik matematika irakatsiko dut, eta hizkuntzaz beste norbait arduratuko da'; ez, matematika hizkuntzaren bidez doan neurrian, biek nolabait uztartuta joan behar dute».

Egoera irailean baino hobea dela iritzi arren, ez dituzte ahazteko itxialdiak utzi dizkien irakaspenak. Gallastegik, adibidez, uste du euskararen irakaskuntzari buelta bat emateko garaia dela, batez ere eremu erdaldunetan: «Askotan, pentsatzen dugu murgiltze eredu horrekin bakarrik umeek berez ikasten dutela, baina uste dut gehiago egin behar dela».

Artikulu bilduma:Itxialdien itzalean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.