Umore azidoa, txelo doinuekin jantzita

Biolontxeloa lagun, 'Esku bi hamar hatz' bere lehen diskoa kaleratu du Trigger bakarlariak. Haserrea oinarri hartuta, eta musika estilo bakarrean zentratu gabe, gaur-gaurko gaiak landu ditu kantuetan

2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bakarlari moduan bere ibilbideari ekiteko, Trigger izena aukeratu zuen Eñaut Zubizarreta musikariak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1992). Izen artistikoak berak ondo definitzen du haren lana. Pistolarekin tiro egiteko erabiltzen den kakoari edo katuari esaten zaio trigger, ingelesez. Musikariak gaur-gaurko gaiak ditu jopuntuan, baina umore azidoz busti ditu. Esku bi hamar hatz lehen diskoan batu ditu orain arte sortutako abestiak. Ez du musika estilo zehatz bat jarraitzen, txeloarekin bakarrik arituta zaila baita haren ustez bakarra lantzea. Baina hainbat estiloren zantzuak nabari dira abestietan, eta izaera propioa du kantu bakoitzak.

«Esaldi bat du Rage Against the Machine musika taldeak: haserrea opari bat da», azaldu du Eñaut Zubizarreta Trigger-ek. Munduarekin haserre pasatu zituen ikasketetako azken urteak, eta orduan sortu zen Trigger bakarlaria. «Izenarekin tiro egiteko gogoa adierazi nahi nuen. Ez derrigorrez inori, norbere buruari ere bai». Haserreak eragin zuzena izan du artistarengan; bai haren soinuetan zein hitzetan, bai zuzeneko kontzertuetan.

Ahots grabea du txelo jotzaileak, eta instrumentuaren soinua ere ez da zolia. «Ukitu iluna badu diskoak», adierazi du Zubizarretak. Abestien hitzak ere bat datoz ukitu ilun horrekin; besteak beste, sare sozialen erabilera eta pinuen presentzia gehiegizkoa salatzen ditu horietan.

Musikalki, estilo bakar bat landu baino, nahiago izan du doinuak berak marka zezala kantuaren estiloa. «11 abesti dira, eta abesti bakoitzak bere izaera propioa du», azaldu du artistak. Punk tankera dute hainbat abestik, eta hardcore edo stoner kutsua beste batzuek. «Hari eramaile bat aurkitzea da gakoa, eta, gero, horri gehitzen diozu eskatzen duena. Adibidez, hari hori doinu bat bada, perkusioa gehitzen diot, eta, gero, ahotsa». Funtsean hari horrek berak markatzen du zein izango den estiloa. «Saiatzen naiz estilo batera ez lotzen. Disko honekin uste dut hori lortu dudala».

Izatez, musika klasikoan aritzera bideratutako ikasketak egin zituen Zubizarretak. Hala, orkestra batean jotzen amaitzea litzateke ohikoena. Ordea, nahiago izan zuen gaur egungo musikan txeloa nola sartu ikasi. «Musika modernoko eskolak hartzen hasi nintzen, eta mundua zabaldu zidan irakasleak», azaldu du. Biolontxeloaren moduko musika tresna klasiko bati beste erabilera batzuk emateko teknikak ikastea izan zen gakoa. «Oso adierazgarria da arkuaren teknika. Soinu perkutiboa eta harmonikoa batera ematen dituzu. Orduan, bateria bat daukazu txeloan».

Probak egitea eta beharrezkoa dena aldatzea; gutxi gorabehera hori izan da bere musika garatzeko Triggerren ariketa. Teknikak ikasteaz gain, pedalak ere erosi zituen, tartean, looper-a. Soinua grabatzeko aukera ematen du pedal horrek, gero artista beste zerbait jotzen dabilela grabazioa erreproduzitu ahal izateko.

Zuzeneko ikuskizuna

Aurretiaz jotako doinuak grabatu ahal izateak eskaintzen dio Triggerri diskoko kantuak zuzenean interpretatu ahal izatea. Izan ere, abestiak ez ditu txeloarekin lortutako soinu bakar batekin osatzen. Zati bat grabatu eta, berriz abiarazita, beste zati bati gehitzen dio; besteak beste, Mursegok egiten duen moduan. Abesten baino ia denbora gehiago pasatzen du pedalak zapaltzen. «Zaila da txeloa jotzeko trantzea mantentzea eta aldi berean pedalei adi egotea. Ikasten nabil». Hala, zuzenekoak baditu bere zailtasunak; huts bat igarri egiten da, esaterako. «Grabatutako zati batek denbora tarte zehatz bat iraun behar du. Laburragoa bada, dena aldatzen da». Diskoko abesti berak jotzen ditu zuzenean, baina ez modu berean.

Hasi eta buka, berak ekoitzi du bere lehen lana, hainbat lagunen laguntzarekin. Oraingoz, 200 ale atera ditu, eta kontzertuetan zein Aretxabaletako Urbaltz tabernan izango dira salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.