begona del teso
IRITZIA

Berlingo Palast orotan ere, izena duenak izana du

2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Elurra ari zuen Mercedes-Benz plazan. Elurra ari zuen Euskal Herrian. Artistek hartuak ziren han, ibaiaren ertzean, aspaldi zaharrean inor zemaitu gabe zutik dirauten Harresiaren hainbat bloke. Film batek hartuak zituen hemen (baita hemendik kanpo ere, non areto jabe adoretsu batzuek leial erabaki izan duten benetako eta jatorrizko hizkuntzan/hizkuntzetan ematea) pantailak eta diru-sarrera leihatilak.

Bietan, bai Alexa plazatik ez hain urrun den Verti Music Hallen, bai gure eta besteen etxe ondoko aretoetan, bi pelikulek zera aldarrikatzen zuten, antigoaleko esaera ederki asko gaurkotuz: Izena duen guztiak izana du.

Hemen, ozen, ezpataz eta konjuruz horrela mintzo zena Paul Urkijo Alijoren Irati zen. Han, berriz, Estibaliz Urresola Solagurenen 20000 especies de abejas genuen elezahar gurea gaurkotzen zuena. Bai, kritikari anitzen kutuna, Der Berliner Morgenpost egunkariko irakurleen begikoa eta Zinema Sindikatuaren ezinbestekoa suertatu zen zeluloide puska horretan, izenak garrantzi erabatekoa du. Zilarrezko Hartzaren besarkada gozoa hartu zuen Sofia Oterok antzezturiko pertsonaiak bere izen norberarena aukeratzen du: Lucia. Eta izen honekin nahi du besteek deitzea, onartzea, ikustea. Zuk zure izena hautatzean zure izana erabakitzen duzulako. Eta besteek, zure izen hori ahoskatzean, onetsi egiten dutelako zure hautua.

Bai, Berlinale aurtengoan, mendeetan eta milurtekoetan barrena nola, izena eta izana. Eta ez bakarrik Estibaliz Urresola Solagurenen irudizko objektu preziatua hor zelako. Izena eta izana erreibindikatzen ditu arras merezitako sari sorta polita jaso duen Orlando, ma biographie politique filmak ere. Paul B. Preciado filosofoak sortua dugu Virginia Woolfena, Sally Potterrena eta Tilda Swintonena den Orlando hura abiapuntu, inspirazio, gida, ardatz hartzen duen soinu-pentsamendu-irudizko artefaktu eder eta perilos hori. Hartan, izenaren eta izanaren arteko uztartze noraezeko hori ikuslearen begietan, belarrietan, neuronetan eta erraietan lehertzen da. Kontua, jada, ez da soil-soilik genero aldaketa; harago, urrutiago, sakonago doa Paul B. Preciadoaren gogoeta. Bere esanetan, bere irudietan poesia aldatu behar dugu. Larruazala aldatu behar dugu. Maitasuna ere aldatu behar dugu. XXI. mendeko Orlando hau gurera iritsi arte, irakur ezazue, arren, Un apartamento en Urano. Crónicas del cruce / Un appartement sur Uranus. Chroniques de la traversée bere liburua.

Izana(k) eta izena(k) Berlinale aurtengoan. Hango pantailetan agertu zen Luciak gogoz besarkatuko luke beste neskato bat, Sol izenekoa. Epaimahaikideek izan ezik, beste zinemamindu guztiek sari nagusietarako hautagaitzat onartu eta desiraturiko Lila Avilesen Totem film mexikarreko protagonista da. Aita gazte, guapo, artista eta maitekorra du hilzorian. Denek dakiten kontua bada ere, Tonata izena duen pintore horren urtemuga festa ari dira prestatzen. Pantailak gainezka egiten du pertsonaiaz. Kamera, nahiz eta Lila Aviles zuzendariak beti kontrolpean izan, zoro moduan dabil jendetza horren atzean. Aurrean. Ondoan. Gelaz gela, izkinaz izkina. Jardinean, sukaldean edo korridoreetan. Eta Sol, kontent. Eta Sol triste, ez baitaki aitak maite duen edo ez. Maite badu, zergatik ez du nahi berak ikustea!?

Eta Sol, munduaren balizko akaberaz arduraturik. Eta Sol, 20.000 especies de abejas-en dauden emakume horien parekoak diren beste hamaikak (ama, izeko, amona, lehengusinak, lagunak, auzoak...) inguraturik. Bai, gustura ibiliko lirateke, Euskal Herrian zein Mexikon, Sol eta Lucia.

Berlinen eta gurean, elurra. Eta pantailetan, izena(k) eta izana(k). Angela Schanelec zinemagilea ezaguna dugu Donostian. Zinemaldian. Tabakalerako aretoan. Zabaltegi sailean. Hartan aurkeztu zuen 2019an Ich war zu Hause, aber. Zilarrezko Hartza zuen jasoa urte hartako Berlinalen. Eskuratuko zuen gero Zabaltegiko garaikurra.

Schanelecen zinemak ez du presorik hartzen. Akabatu edo betirako sorgindu baizik. Ez dio, inolaz ere, bidea gozatzen ikusleari. Mingotsa da, eta lehorrak ditu moduak. Har ezazu, edo egizu ihes.

Muntatzaile aparta eta ausarta da; berak sorturikoak bezalako elipsiak ez daude beste inon. Berlin 2023ko honetan, gidoiaren saria lortu zuen hain latza bezain hipnotikoa den Music filmagatik, non Woolfen Orlando-ri gertatzen zitzaion lez, pertsonaiak ez baitira zahartzen... munduaren zama osoa gainean daramaten bitartean. Film honetako izanaren izena, mito batena, Edipo. Bai, errege malapartatu hura... Schanelecen zinema irazkiak itxuraldaturik.

Ari zuen elurra Berlinen. Elurra ari zuen Euskal Herrian. Epaimahai nagusiak hamaika erabaki aldrebestu hartu zituen, baina ez du ardurarik, garaikurrak ez baitira izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.