Miel Anjel Elustondo idazleak lortu du lehenengo (H)ilbeltza beka

Urtebeteko epea eta 6.000 euroko laguntza izango ditu Elustondok nobela beltz bat idazteko

Miel Anjel Elustondo —laugarrena ezkerretik—, bekaren antolatzaile eta epaimahaikideekin, atzo, Baztanen. A. CANELLADA / ARP.
Naiara Elola.
Baztan
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian euskarazko nobela beltza bultzatzeko asmoz, (H)ilbeltza beka jarri dute abian lehenengoz Baztango Udalak, (H)ilbeltza Elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurkeztu diren hamabost lanetatik «onena» Miel Anjel Elustondorena dela ebatzi du epaimahaiak. Hala, 6.000 euroko saria eskuratu du, eta urtebete izango du nobela beltz bat idazteko. Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko arduradunak azaldu duenez, asmoa da nobela datorren urteko Durangoko Azokarako argitaratzea.

Badira hiru urte Baztanen, literatura beltzarekiko zaletasunak bultzatuta, lagun talde bat (H)ilbeltza nobela beltzaren astea antolatzen hasi zela. Laugarren aldia 2018 urtarrilaren 18tik 21era egingo dute. Proiektu xumea izan arren, lagun andana biltzen du urtero. Azken lau urteetan egindako lanaren emaitza da, besteak beste, beka berria abian jarri izana. Izan ere, Elustondok irabazitako lehenaren ondotik, «beste asko izatea» espero dute antolatzaileek. Are gehiago, proiektua «babesten jarraitzeko» konpromisoa azaldu du Joseba Otondok, Baztango alkateak. Baztan euskarazko literatura beltzarekin zuzenki lotua dagoela adierazi du.

Konpromisoez gaindi, nabarmentzekoa da lehen aldi honetan izan den parte hartzea. Izan ere, martxoan (H)ilbeltza bekan parte hartzeko egin zuten deialdira hamabost lagun aurkeztu ziren. Bakoitzak buruan zuen nobela beltzaren lagin bana aurkeztu zuen. Lagin horiek erabat anonimoak ziren. Hala, garailea Miel Anjel Elustondo izango zela jakin zutenean «sorpresa» hartu zutela azaldu du Amagoia Ibanek, bekako epaimahaiko kideak. Saritutako laginetan, orojakilea den hildako pertsona bat da narratzailea. Modu paraleloan, William Douglasen seme bat ageri da. Kontrapuntu moduko bat eginez, haren aitak bere garaian Euskal Herrira eginiko bisita beste ikuspegi batetik biziko du. Orain, lagin hori garatzea izango da idazlearen zeregina. Hori nola egingo duen ez du argitu nahi izan.

Hala ere, bekako arduradunak ziur daude emaitza «ona» izango dela. Genero beltzean zaildutako sortzailea baita Miel Anjel Elustondo. Besteak beste, Jim Thompson AEBetako idazlearen hiru nobela beltz ditu euskaratuak. Horrekin batera, beti izan du harreman estua (H)ilbeltza astearekin, egin diren hiru aldietan hartu baitu parte modu batera edo bestera. Hain zuzen ere, idazleak iragarri du, harreman estu hori tarteko, produkzio, dokumentazio eta zerga gastuak ordaindu ondoren gelditzen zaion sariaren zatia, (H)ilbeltza Elkartearen esku utziko duela.

Genero anitza

Genero beltzak, batez ere AEBetan eta Europan, bere burua berrasmatzen jakin izan duela nabarmendu du Mikel Soto Txalapartako editoreak. «Bekaren asmoa euskal nobela beltza sustatzea denez, gustatuko litzaidake urte batzuk barru nola eraldatzen den ikustea». Beka eskuratzeko aurkeztu diren lanen «freskotasuna» nabarmendu du. Izan ere, genero moduan literatura beltzak, izaera itxia ez duenez, gauza asko egiteko aukera ematen duela uste du. Hala, saririk gabe gelditu diren hamalau idazleei buruan duten nobela beltz hori idazten jarraitzeko deia egin die. «Garaile izan ez direnei esango nieke ez etsitzeko; jarrai dezatela liburuaren proiektuarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.