KRITIKA. Musika

A zer batuta!

Arkaitz Mendoza.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Clemens Schuldt. Sopranoa: Elena Sancho-Pereg. Egitaraua: G. Ligetiren Concert Romanesc, B. Brittenen Les Illuminations eta W. A. Mozarten Jupiter sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 4.

Valery Gergiev zuzendari handiaren ikasle kuttun izan da Clemens Schuldt gaztea Municheko orkestran, eta ziur aski bai hango eta bai hemengo kontzertino dugun Lorenz Nasturicaren gomendioek Schuldt gure artera hurbildu dute. Egitarau hau biribiltzeko ez ziren musikari asko behar, eta ganbera orkestra batekin nahikoa izan zen emaitza izugarri ederra lortzeko. Azkeneko urteetan jaso dugun energiarik inguratzaileena sortu zuten Euskadiko Orkestrako Sinfonikoko kideek; eta erakutsi zuten podiumean zein demontre dagoen, horrek zerikusi handia duela orkestraren lanaren emaitzan. Urte osoan arrastorik uzten ez duten zuzendari batzuk ezagutu izan ditugu, beren lana egoki egin dutenak, baina musikarien larruazalean hotzikararik eragin gabe. Clemens Schuldt gazteak sorbaldarekin, ukondoarekin, behatzekin, besaurrearekin eta buruarekin musikaren nondik norakoak ikusarazi zituen. Kursaaleko auditoriumean geunden guztiok argi asko ikusi, entzun eta sentitu genuen zer esan nahi zuen musika nota bakoitzak; beraz, arrakasta musikarien baitan zegoen, podiumetik zetorren mezua nola bideratuko zen ikusi arte.

Bada, mezua bikain jaso zuen orkestrak; agian Mozarten energia gehiegi nabaritu zen atril guztietan. Soinu orekaren eta «nik zu baino gehiago jo behar dut hemen, gero zuk erantzun eta nik gutxiago» dioen irizpidearen falta sumatu zen, baina sekulako interpretazioa izan zen, kutsagarria oso. Haize egurra ez zen hegalari agertu, abiaduran geratuta zebiltzan; aldiz, harizko instrumentuek, batez ere biolak eta biolontxeloek, artikulazio paregabean josi zuten Mozart. Musika irensteko gura honetan izar bakarlari bat behar genuen, eta hara hor Elena Sancho-Pereg donostiarraren parte hartzea. Benjamin Britten, ahotsarentzat astuna eta gogorra izateaz gain —tentsio handiko nota luzeek etengabe irauten dute, potentzia indartuz—, ahoskera narratiboan argi azaldu behar da, eta horretan abeslari donostiarra ederki murgildu zen, hitz guztiak polit murtxikatuz, ulergarritasuna bikaina izanik, auditoriumeko pantailan agertzen den itzulpenaren beharrik ez sentitzeraino.

Laburbilduz: Clemens Schuldt. Ez ahaztu izen eta deitura horiek, hemendik gutxira plaza handietan arituko baita zuzendari alemaniarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.