Garbiñe Ortega. Zinema komisarioa

«Saiatu naiz dokumentalaren definizioa zabaltzen»

Azken urtea izan du Iruñeko Ikuspuntu zinemaldiko zuzendari moduan. Ezarri zituen helburuak bete dituela sentituta utzi du postua.

IDOIA ZABALETA/ FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan amaitu zen Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Jaialdia, Garbiñe Ortega (Gasteiz, 1981) zuzendari artistikoarentzako azkena. 2017. urtean hartu zuen kargua, askotariko zinema adierazpide eta artistei tokia egiteko helburua hartuta. Lau urteren ondoren, «gogobeteta» esan dio agur lanari.

Egoera egokiena ez izan arren, balorazio positiboa egin duzue.

Oso positiboa izan da, bai. Kontuan izanda zein den egoera, jaialdi bat egitea, egin dugun bezala, arrakasta da, are gehiago izan dugun erantzunarekin. Ez genuen espero hainbeste jende etortzea.

Esan duzue zinema askotarikoa, hedatzailea eta eraldatzailea izan dela nagusi. Ezaugarri horiek laburbiltzen dute jaialdia?

Bai, niretzat hasieratik hori izan da helburua. Programazio erakargarria egitea, bai, baina baita proposamenei esker gauzak eragin ahal izatea ere.

Ildo beretik, adierazpide eta lengoaia ugari uztartzeko helburua ezarri zenuen; bete da?

Hori oso apustu indartsua izan zen, eta emaitza oso politak izan ditugu. Ikustea zinema jaialdi batera gerturatu direla dantzariak, koreografoak, soinu artistak, komisarioak... Oso berezia izan da, ez delako normalean gertatzen.

Pelikulei dagokienez ere, askotariko lanak eskaini dituzue.

Niretzat erronka handia izan da dokumentalaren definizioa zabaltzea, birpentsatzea. Proposamen esperimentalak gustuko ditut, eta lengoaia apurtzaileak bilatzen eta bultzatzen saiatu naiz.

Zure azken jaialdia izan da; penarekin zaude?

Bai, oso polita izan delako. Gauza asko probatu ahal izan ditugu, eta hori uzteak pena ematen du. Beste alde batetik, oso eskertuta noa, eta oso pozik, lau urte hauek oso biziak izan dira; beti gelditzen dira ideiak egin gabe, baina guk dena eman dugu. Gogobetegarria izan da.

Aurrerantzean jaialditik gertu jarraituko duzu?

Noski. Zuzendari izan aurretik ere oso gertu nengoen, eta orain jakin-minez eta gogoz nago, ikusteko zer bide hartzen dituen.

Zer gomendatuko zenioke hurrengo zuzendariari?

Asko disfrutatzea prozesuaz, eta askatasun osoz programatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.