Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. J.K. Izagirre

Pertsonak «bokazio»

Juan Karlos Izagirrek ez du jarraituko Donostiako Udalean, zinegotzi karguari uko egin baitio. Medikuntza eta militantzia uztartuko ditu, beti egin duen moduan, baita alkate izandako lau urteetan ere.

JUAN HERRERO / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Udalean ere pasatu du kontsulta Juan Karlos Izagirrek. Beste alderdietako kideak ere artatu dituela aitortu zion Euskadi Irratiko Maite Artolari, eta pozik irten ote ziren galdetuta, hona erantzuna:«Denetarik egoten da, badakizu: medikuarenera joaten zarenean, batzuetan kontentu ateratzen zara, eta beste batzuetan ez. Baina nik uste dut inportantea dela jakitea lagundu dezakezun edozein momentutan lagundu egin behar duzula, edozein lekutan zaudela».

Eta hori egiten saiatu da Izagirre, medikua, eta alkatea. Zin hipokratikoa bizi filosofia ere baduelako. «Baina bereziki aitonak erakutsi zidan zauden lekuan egin behar duzula ahal duzun hobekien». Horren harira, askotan esan du udaleko ateak irekita egon direla edonorentzat, eta ez duela erreparorik izan —are, nahiago izan duela— etxez etxe, auzoz auzo joan herritarren kezkak entzutera. «Beti esan dut medikua naizela».

Izagirrek atzo jakinarazi zuen uko egingo diola zinegotzi karguari: «Horrek ez du esan nahi politikatik noanik; nire ekarpena hobea izango da oinarrizko militante gisa. Proiektua da garrantzitsuena». Oso hunkituta, negarrez amaitu zuen agerraldia, alderdiko kideen babesean, eta txalo eta besarkada artean.

«Maitekorra eta gertukoa». Hala deskribatzen dute hura ezagutzen dutenek. «Eta, bereziki, langilea. Udalean norbaitek egin badu lan, hark egin du: 24 orduz izan da alkate». Herritarrek «faltan» sumatuko dutela uste dute. «Politikari ezberdina izan da».

Izagirreren arabera, halere, hauteskundeetako emaitzek «garbi» utzi dute donostiarrek beste gobernu bat nahi dutela, eta entzun du mezua. Hutsik gelditu den aulkia Ricardo Burutaranek hartuko du, Hirigintza zinegotzia izandakoak.

Hauteskundeetako emaitzei erreparatuz, baina, ezker abertzaleak behin baino ez du lortu boto kopuru eta portzentaje handiagoa. Eta hori duela lau urte izan zen, Izagirre zerrendaburu zutela. 600 herritar ingururen babesa galdu du orain (3,7 puntu).

Duela lau urte, gutxigatik eskuratu zuen alkatetza Izagirrek, eta ez du agintaldi errazik izan. Desadostasun handiak izan ditu oposizioarekin, baina harreman pertsonala «oso ona» izan dela jakinarazi du. «Beste gauza bat da politikaren joko zikina». Akaso, horrek eta Igeldoren desanexioaren auziak mindu dute gehien, alkate izan aurretik bera aritu baitzen auzokideekin batera borroka horretan. PPk eta PSEk haren dimisioa eskatu zuten; EAJk haren jarrera gaitzetsi, baina ez zuen bat egin. Donostia 2016 kultur hiriburutzan egindako kudeaketa ere izan da eztabaida iturri. «Baina beti jakin du egoera baretzen. Momentu zailenetan atera du kooperante sena», dio haren lankide batek. «Giroa gaiztotzen zenean, Saharako egoera ekartzen zuen gogora».

Baina dena ez da iskanbila izan. Eta hala azpimarratu du Izagirrek berak agurrean. Hala, adierazi du lan «eredugarria» egin dutela, eta besteek ere aitortu dutela hori; krisi ekonomikoaren aurka eginikoa, adibidez. Besteak beste, azaldu du enplegua sortzeko inbertsioa milioi batetik 7 milioi eta erdira igo dutela, eta gizarte laguntzak hirukoiztu dituztela. Hiria euskalduntzearen alde eginiko lana ere azpimarratu du, eta bake eta bizikidetzaren alorrean emandako pausoak.

«...Ezkerretik begiratzen diogu itsasoari / aro berri bat dakarren herritar olatuari / zorionak Donostiari eta Euskal Herriari / portu bat jarri diogu guztion esperantzari». Bertsotan, Habanera doinuekin hasi zuen agintaldia Izagirrek, eta, kantatutako helburu denak bete ez dituen arren, lau urte nahikoak izan ditu bere zigilua jartzeko. Oraindik gogoan dute askok nola hartu zuen aginte makila Odon Elorzaren eskutik, eta nola eskertu zion detailea hogei urtez alkate izandakoari: «Eta hau nola erabiltzen da?». Ironia edo naturaltasuna, Izagirrek dauka erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.