Albistea entzun

Erresistentzia errotu

Hartzea Lopez Arana - Etxebizitza eskubidearen aldeko militantea

2021eko azaroak 24

Zalantzarik gabe, azaroaren 20an Baionan iragan manifestazioa esanguratsua izan da. Hasteko, ukan duen garrantziagatik, hunkituak diren jendeengan eta gaietan egonezin gero eta handiagoa adierazi duelako. Esanguratsua, halaber, antolatzeko moldeagatik eta nabarmendu dituen ahotsengatik, lan handi baten erpina, edo, beharbada, etorkizuneko mobilizazio desberdinen abiapuntua.

Zentroan antolakunde zenbaitek osatu plataforma bat dago, politika zintzoagoak eta erregulatuagoak bultzatzeko palanka bat izan nahi duena, azken urteotako militantzia nagusien dinamikei segitzen dien planteamenduarekin, erakunde zibil erne eta egituratua izan nahi duena, hautetsi eta tokiko arduradunekin elkarlanean. Gai izanen da botere publikoei eragiteko, logika komertziala baino azkarrago izanik? Egindako ahaleginak merezimendu bat badu: galdera konplexu bati erantzun zehatzak ekarri nahi izatea. Eta, dagoeneko, hondamendia mugatzea ez litzateke gaizki. Agian emaitzak anbizioen parekoak izanen dira; nolanahi ere, abian jarri motor handi horrek posibilitate, ikuspegi eta eztabaida ugari irekiko ditu.

Aitzina egiteko aski? Dena ezin da laudorioa izan. Adibide gisa, Hazparneko auzapeza Baionako manifestaldi horretan errezibitzea, dakigularik zein diren bere herriko gazteek okupatu gaztetxetik kanporatzeko egin dituen ahaleginak, jabetza pribatuaren izenean eta irtenbide bideragarririk proposatu gabe: horra gauden egoera ulertzeko beste elementu bat. Beste behin, jaka ederrez jantzi oportunisten bandak herriaren ondoan agertzea atsegin du eta dantzara sartu da Euskal Elkargoko lehendakaria buru, neurri eta adierazpen merkeen truke. Logika hori taktika interklasistek eta mezu lisatuek errazten dute, jakina, are gehiago orain indarrean ezarria eta onartua denean. Agian, guztiz soziala den etxebizitzaren auzian, aukera zorrotzagoak pixkanaka txertatzeko beharrari erantzunen diote plataformako erakundeek; dinamikaren ardatz nagusia izan nahi dutenek eskaera horri erantzun beharko diote.

Haiek ere badakite mugimendua anitza dela, plurala. Horrelakoxea da, eta gero eta gehiago izanen da. Hainbat lekutan garatzen diren eta dagoeneko batailak irabazi dituzten tokiko talde heterogeneoetatik hasiz, Urkoin bezala. Edo paisaia markatu duten okupazio horiek ernalduko dituzten umeak, bereziki BOST talde ohiaren segidan edo Donamartiriko 5Gren aurkako ekimen garailearen ondotik. Badira higiezinen agentzien erakusleihoetan maiz loratzen diren tindaketak ere, batzuetan hozka bat edo gehiago igotzeko irrikaz, pinturaz haratago joateko. Eta komunista-antifaxistek egiten duten azterketa binarioa, instituzioak arazoaren parte direla eta ez batere konponbidearen partzuer. Ziur aski, beste bultzada eta elkarte ahanzten ditut, zeren eta lur eta etxe krisi honetan Ipar Euskal Herriko militante eta jarraitzaileak eraldatzen eta zabaltzen ari baitira, hainbesteraino non segur den aipatu gabeak utzi ditugula. Aspalditik etsai komun bat behar zen, eta, batez ere, egoera larri bat, gordina, berriz ere orok elkarrekin martxan jartzeko, zatiketak baretzeko eta batasun gehixeago bilatzeko. Engaiatzen diren sektore guztiak indartuko direla espero dezagun, salbuespenik gabe.

Ekimen gurutzatuak ala antagonikoak? Oraingoz ezin da garbi erantzun, etorkizuna irekia baita. Hasierako lerroan jende asko dago asmo eta helburu desberdinekin, eta anitzek bere kaperarako predikatzeko joera dutela sendi da. Konbergentzia argirik ez den bitartean, tendentzia lehiakideek bide paraleloak hartzea desiragarria da, eraginkortasun-irizpide honekin: desberdintasunak modu adimentsuan artikulatzeko gaitasuna, urraketak saihesteko.

Nolanahi ere, taldekatze horizontaletan eta siglarik gabekoetan hobeto sentitzen garenentzat, aldi baterako edo denbora luzerako okupazioak, desobedientziak eta ekintza zuzen desberdinak gauzatzeko asmoak ditugunentzat, oraingo mikropolitiketatik atera eta hortzak egitea da kontua, helburua izanik irauteko antolatzea, poliki eta segurki. Puzzleko pieza ainguratua bihurtzeko, zertan eta noiz arte bakoitzak berea finkatzeko.

Batzuek pentsatuko luketenaren aurka, lehentasuna ez da «libertitzeko» erradikaltasun-bilaketa bat. Bidean diren eraikuntzen edo zementuz bete proiektuen inguruan, ZADen edo Lur jazartzeen bezalako mugimenduei hurbiletik begiratuz sortuko diren gatazketan, goiz edo berant eragina izanen duten ekintza-bitarteko egokiak hautatzea planteatuko da. Ahal den neurrian, eta gure indar eta ahalmenez jabetzen garen heinean, mugimenduaren grabitate-zentroa mugitzea proposatzen dugu, erasokorragoa bihurtzeko, indarrean den sistematik kanpoko alternatiba gehiagorekin.

Beste lurralde-proiektu bat asmatu behar da, eraldaketa sozial eta ekologiko sakonekoa, ekintzei eta hitzei beldurrik izan gabe, beti guk bezala pentsatzen ez duten lankideak kontuan hartuta.

Eredu baten aurkako borroka da, aberatsei erraztasun guztiak ematen dizkiena are aberatsago bilakatzeko, zigor gabe eta berdin gehiengo handiaren kalterako bada ere. Mutualitateak eta altruismoak sortzeko borroka da gurea, lurraren eta etxebizitzaren aldekoa, euskal herri-iraultzaren proiektua elikatzeko aurrekari bihur dadin, zendako ez, guztientzako doako etxebizitza eta lurzati batekin. Ez gehiago, ez gutxiago!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.