Seaska hitzarmena sinatzeko prest dago, «berme batzuk» lortuz gero

Tokiko erakundeei eskatuko die beren gain hartzeko falta diren irakasle postuak ordaintzea

Jon Rejado.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Keinu baikor bat» egitea erabaki du Seaskak, irakasle postuen afera bideratze aldera. Hala azaldu du Hur Gorostiaga Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendariak. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko prest agertu da elkartea. Ordea, horren aurretik «berme batzuk» beharko dituela zehaztu du. Seaskako ikastolek 30 irakasle postu gehiago beharko dituzte datorren ikasturtean. Ministerioak adierazi du hamar bere gain hartuko dituela, eta Seaska hamahiru pagatzeko prest dago. Horren aurrean, ikastolek eskatu duten bermea da tokiko erakundeek ordain ditzatela beharko diren gainontzeko irakasleak.

Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak batzar nagusia egin zuen atzo, Kanbon (Lapurdi). Bertan onartu zuten irakasle postuen inguruko «keinu baikorra» egitea. «Prest gaude biltzeko hainbat ordezkarirekin, eta aterabide bat ematen badigute, hitzarmena sinatzeko prest gaude», azaldu du Gorostiagak. EEP Euskararen Erakunde Publikoa «lehen erreferentea» dela gaineratu du; hor daude Iparraldean zeresana duten administrazio guztiak.

Gorostiagak gogora ekarri du aurrekariak badaudela: joan den ikasturtearen hasieran EEPk diru laguntza berezi bat onartu zuen, irakasle postu batzuk ordaintzeko. Dena den, aitortu du arriskua dagoela eskaerak aurrera ez egiteko. Hain zuzen ere, Frantziako Gobernuak ordezkaritza du EEPn, eta Seaskako zuzendariak azaldu du saiatu daitekeela laguntza hori oztopatzen, «iaz egin zuen bezala».

Seaskak eta Hezkuntza Ministerioak hitzordua ezarria zuten etziko, uztailaren 2rako, hitzarmena sinatzeko. Atzo hartutako erabakiaren ondorioz, baina, bilera atzeratu egin dute, bermea zehaztu bitartean.

Euskararen aldeko apustua

Bermea lortu ez, eta Hezkuntza Ministerioarekin ituna sinatuko ez balitz, «oso manera txarrean» hasiko lukete Seaskako kideek ikasturtea. Gorostiagak azaldu du matrikulazio datuek agerian utzi dutela irakasle postu horien beharra. «Jaiotza tasa jaitsi arren, gure matrikulazioak gora doaz, eta horrek euskararen aldeko apustua erakusten du». Datorren ikasturtean Seaskako zentroek aurten baino estudiante gehiago hartuko dituzte: ikastoletatik aterako eta sartuko direnen arteko aldea 200 ikasletik gorakoa izango da. «4.000 ikasleren heina gaindituko dugu».

Ikastoletan eta sare publikoan antzeman den euskararen aldeko apustua Frantziako Estatuaren asmoen aurka doala adierazi du Gorostiagak. «Uste zuten euskararenak egin zuela, baina, berpizten ari direnez, trabak jartzen hasi dira». Horrekin lotuta, gogora ekarri du Garapen Kontseiluak eta Euskal Elkargoak aho batez onartu dituztela egunotan «euskal irakaskuntza» babesteko mozioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.