Albistea entzun

Zaldibarko luizia. Enpresaren bilakaera eta irregulartasunak

Zaborraren itzala Verterren gainean

Amildu denean argitu da Eitzagako zabortegian pilatu den irregulartasun meta: baimenik gabeko isurketak, bereizi gabeak, zabor arriskutsuak, argitaratu gabeko baimenak...

LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko martxoak 6

Aspaldiko proiektua da Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia), tramitazio luzea izan zuena —Verter Recycling 2002 SM enpresak bederatzi urte behar izan zituen sortu zenetik martxan jarri zen arte—, baina irabaziak azkar ematen hasi zena, erritmo bizian hazi zena, zaborrak biltzeko aurreikuspenak lehen urtetik gainditu zituena, eta urte gutxian irregulartasun meta bat pilatu zuena bere jardunean. Verterren zabortegiak funtzio inportantea zuen EAEko industriaren sistema produktiboan, papergintzako, altzairugintzako, obretako, hondakinen tratamenduko eta beste sektore askotako zakar asko biltzen zituelako. Amildu zenetik, zaborra ez ezik, zabortegi barruko praktika irregular asko ere agerian geratu dira. Hauek dira sektorean Zuloa esaten zioten zabortegiaren ibilbideaz orain arte jakin direnak:

 

1993

Eitzagan zabortegi bat irekitzeko prozedura hasi zuen Jose Luis Azpiri Lejardik 1993an, baina aurkakotasun handia sortu zen Zaldibarren. Ukatu egin zioten baimena. 1995ean, berriro ahalegindu zen, eta berriro sortu zen eztabaida. 1996an, udalaren osoko bilkurak debekatu egin zuen herrian zabortegi gehiago irekitzea; Pedro Bildosola EAJko zinegotziak —Eitzagakoa da— alderdiaren irizpideen aurka botoa eman zuelako irabazi zuen ezezkoak. 1997an, arau subsidiarioak aldatu zituzten, zabortegi gehiago ez jartzeko herrian. Udal gobernuak (EAJ) urte berean hasi zuen erabaki hori bertan behera uzteko prozedura.

2002

Jose Ignacio Barinaga enpresariak Verter Recycling 2002 SM enpresa sortu zuen, eta Eitzagan zabortegia irekitzeko proiektuari heldu zion ostera. Bera eta Elena Susaeta Barinaga iloba izan ziren enpresaren aurreneko akziodunak. Hortik aurrera, akziodunen artean izan diren aldaketak ez dira zertan argitara atera, eta, hortaz, ezin da akzioen nondik norakoen berri erabat jakin, baina ezagun da Pedro Maria Bergaretxe Agirrebeñak eta Jose Manuel Navarro Murgak ere izan dituztela, une batzuetan bederen, Verter Recyclingen akzio batzuk. Edozein moduz, Barinaga familiaren esku egon da enpresaren kontrola urte guztiotan.

Verterrek zabortegi bat irekitzeko prozedura hastearekin batera, aldi berean, Zaldibarko Udalak 1996ko arau subsidiarioak aldatu zituen 2002an, eta herriko lurretan zabortegiak ireki ahal izateko modua eman zuen atzera. Garai hartan Igor Barrenetxea-Arando (EAJ) zen alkatea, eta Iskander Atutxa —Juan Mari Atutxaren semea— udal arkitektoa.

2007

Zabortegia irekitzeko ingurumen baimen bateratua eman zioten Verterri —EAJ-EA koalizioa ari zen Eusko Jaurlaritzan agintzen, eta EAko Esther Larrañaga zen Ingurumen sailburua—. LKS ingeniaritza taldeak egindako obra proiektu batekin jaso zuen baimen hori. Ondoren, Zaldibarko Udalak obra egiteko baimena ere eman zion. Ordurako, Verterrek 3,65 milioi euroko kapital soziala zuen. Jabeek maileguak eskatu zituzten, eta zabortegia eraikitzen hasi ziren. Baina obrarekin hasi aurretik, LKS taldeak egindako obra proiektua baztertu, eta Geyser HPC ingeniaritza taldea kontratatu zuten jabeek, obra proiektu berri bat egiteko. Ez zuten eskatu ingurumen baimen bateratua berritzeko; Jaurlaritzak esana du obra proiektuaren aldaketak ez zirela esanguratsuak, eta, hortaz, ez zela beharrezkoa baimena berritzea.

2011

Maiatzean izan ziren udal hauteskundeak, baina, horren aurretik, Zaldibarko Udalak jarduera baimena eman zion Verterri. Idoia Mendiolagarai (EAJ) zen alkatea. Handik aste pare batera, Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak, eta Arantza Baigorri jarri zen alkate. Maiatzean bertan hasi zen zabortegia lanean. Horren aurretik, martxoan, Verterren administrazio kontseilua utzi zuen Jose Ignacio Barinagak, baina ez akzioak. Administrazio kontseilua bi iloben esku gelditu zen, Arrate Bilbao Barinaga eta Elena Susaeta Barinagaren esku; Bilbaok hartu zuen zuzendari exekutiboaren kargua. 2011n, bi langile baino ez zituen zabortegiak soldatapean; 2012an, lau; 2015etik aurrera, sei. Azpikontratatutako zerbitzuak eta langileak ere erabiltzen zituen.

2012

Poliklorobifeniloekin (PCB) kutsatutako lur batzuk hartu zituzten 2011n zabortegian, 1986tik guztiz debekatuta dauden gai minbizi-eragileak diren arren: 150 bat tona isuri zituzten. Alkargo kooperatibak atera zituen lur kutsatuak, Mungiako (Bizkaia) obra batetik, eta hondakin arriskutsuetan espezializatutako enpresa bati eman zizkion —Hera Tratesari—, baina azken horrek Verterri eskatu zion 150 tona horiek hartzeko, bere instalazioetan ez zuelako lekurik —nahiz eta Verterrek hondakin arriskutsuentzako baimenik ez izan—. 2012an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak zigor txosten administratibo bat ireki zuen, eta Verterren jabeei 33.000 euroko isun bat jarri zien; Alkargori, berriz, bi isun ezarri zizkion, bakoitza 30.000 eurokoa. Pilar Unzalu (PSE-EE) zen Ingurumen sailburua. Helegiteak jarri zituen Alkargok, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi isunetako bat ezeztatu zion 2015ean.

2016

Ingurumen baimen bateratua (IBI) bi alditan berritu zuen Verterrek, 2013an lehenik —ez zen argitaratu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian—, eta 2016an berriro —hori bai, argitaratu zen—. Funtsean, hondakin tipologia gehiago hartzeko baimena lortu zuen, eta zabor batzuk bereizteko ahalmena ere eskuratu zuen, IBIa berrituta. Urte horietan Ana Oregi (EAJ) eibartarra zen Ingurumen sailburua. Argia-k 2013ko IBIa aztertu du, eta ikusi du amiantoa jasotzeko enpresak behar zuen baimenaren tramitazioa irregularra izan zela, eta ondorioztatu du Jaurlaritzak ez zituela legeek zehaztutako urratsak egin baimen hori emateko.

2012rako, ja aurreikuspenak gainditu zituen zabortegiak, eta urtez urte zabor gehiago hartuz joan zen, batzuetan kolpe handiak emanez, gainera: 2012tik 2013ra, hartutako hondakin tonak %45 ugaritu ziren; 2015etik 2016ra, %22; 2017tik 2018ra, %42. Diru irabazi garbiak ere erritmo onean handitu ziren: 2014an, %17 hobetu zituen aurreko urteko emaitzak; eta 2017an, adibidez, %26. Baina hazkunderik handiena 2016tik aurrera hasi zuen, IBIa azkenekoz berritzearekin batera. 2015ean jarduera lur gehiagotara zabaltzeko eskaria egin zuen, baina udalak ukatu egin zion.

2017

Topografia azterketa bat egin zuten 2017an zabortegian, eta lur mugimendu batzuk atzeman zituzten. 2018an errepikatu zuten azterketa; lurra horizontalki mugitzen ari zela ondorioztatu zuten, baina ez zuten arrisku larriegirik sumatu. Behatzeko agindu bai, ordea. Arazoak ere izan ziren urte horietan zabortegian. 2017an eta 2019an suak piztu ziren, adibidez.

2019

Istripu bat gertatu zen: langileak zaborra mugitzen ari zirela, jausi egin zen zakar metaren zati bat, zabortegiaren goiko partean. Harrapatuta gelditu ziren langile batzuk, eta gutxigatik ez zuten kalte handiagorik izan. Jabeek ez zuten istripuaren parte eman.

2019

Aurreko ikuskapenetan, kalifikazio onak eman zizkioten zabortegiari, baina, 2019ko ekainean eta uztailean egindako bi bisitetan, Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek 23 irregulartasun aurkitu zituzten —nahiz eta Verterrek bazekien ikuskariak zer egunetan joango ziren—. Ordurako, Iñaki Arriola zen Ingurumen sailburua (PSE-EE). Zuzenketak egiteko eskatu zioten enpresari. Udazkenean, ingeniaritza talde bati txosten bat enkargatu zion Verterrek. Talde horrek ez zuen amiltzeko arriskurik aipatu, baina zenbait aholku eman zituen hondakinak hobeto egonkortzeko: ur filtrazioak hobeto saihesteko, hondakinak estaltzeko eta magalak egonkortzeko.

2020

Otsailaren 3an, zabortegian pitzadurak ikusi zituen azpikontratatutako langile batek, Joaquin Beltranek, eta enpresaren jabeei jakinarazi zien. Topografo batzuk kontratatu zituzten, eta hurrengo egunetan probak egiten aritu ziren zabortegian. Baina enpresak ez zuen lan erritmoa apaldu, eta zaborra hartzen jarraitu zuen; gainera, Verterrek ez zion administrazioari jakinarazi zabortegian pitzadurak agertu zirela.

Otsailaren 6an amildu zen zabortegia. Hamasei egun lehenago, bilera bat egin zuten enpresak eta Jaurlaritzak, 2019ko irregulartasunei buruz. Verterrek adierazi du inongo txostenetan ez dela inoiz atzeman ezegonkortasun arriskurik. Durangoko Instrukzio Auzitegia ikertzen hasi da.

Amiltzearen ondoren, hedabideek argitaratu dituzte zabortegian gertatzen ziren irregulartasun ugari. BERRIAk agerian utzi du zabortegiak baimendua zuen baino eremua handiagoa hartua zuela eta zigilatzeko prozedura ez zuela behar bezala betetzen. Eta kamioilari baten lekukotza jaso du: kontrolik gabe eta bereizi gabe isurtzen zen zaborra Zuloan; baita amiantoa ere, beste hondakinekin nahastuta. El Correo-k argitaratu duenez, epaileak agindutako diligentzien barruan, enpresako langile batzuek Ertzaintzari esan diote zabortegiak ez zituela arauak errespetatzen, eta, adibidez, zaborra propio erosten zuela Jaurlaritzako teknikariek etorri behar zutenerako, materialak bereizten zituztelako plantak egiteko. Argia-k eta Gara-k, berriz, zabortegiak 2018an deklaraturiko zaborrak aztertu dituzte —behartua zegoen une oro hartzen zituenak aitortzera—, eta IBIak. Ondorioztatu dute baimendu gabeko hondakinak hartzen zituela Verterrek —2018an, 65.000 tona—, eta ezarritako mugak gainditu egiten zituela maiz; adibidez, hartu zezakeen metalen kantitatea halako bi hartu zuen 2018an. Pixkanaka, argitzen ari da zaborraren itzala.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Amaitu da Euskaraldia

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean jarraitzeko deia egin dute

Edurne Begiristain

Euskaraldia gizartean «txertatua eta normalizatua» dagoela esan dute sustatzaileek. Hirugarren edizioan 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Hala ere, aurten «nahi baino txapa gutxiago» ikusi da kalean, eta aztertuko dute zergatik.

Eusko Legebiltzarreko indar politikoak, Euskaraldiari sostengua adierazten. ©BERRIA

Euskaraldian, alderdi politikoak, erdaldunago

Jon O. Urain - Gotzon Hermosilla

Euskaraldiak ez du ekarri alderdiek euskara gehiago erabiltzea Twitter bidez hedatzen dituzten mezuetan. Zenbaitetan, erabilera apaldu egin da kanpainak iraun duen bitartean

Angeluko La Barre hondartza artxiboan. ©Isabelle Miquelestorena

28 urteko surflari bat hil da Angelun

Oihana Teyseyre Koskarat

Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra, surfean zebilela. Suhiltzaileek ezin izan dute suspertu.

Donostiako osasun zentro bat. ©Maialen Andres/ Foku

Osakidetzak kargutik kendu du Donostialdeko ESIren arduraduna

Gotzon Hermosilla

Itziar Perez «zuzendaritzarekin lerrokaturik ez egoteagatik» kargugabetu dute, hark esan duenez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.