«Argentinan badakigu memoriaren bataila egunero jokatzen dela»

gotzon hermosilla
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Schulmanek dioenez, Argentinan giza eskubideen egoerak atzerakada handia egin du Mauricio Macri presidentea boterera iritsi zenetik, 2015eko abenduaren 10ean. Santiago Maldonadoren desagerpena —haren gorpua urriaren 17an agertu zen— giza eskubideen aldeko elkarteek indar armatuei egozten diete hilketa- da kasurik ezagunena, baina ez bakarra.

Argentinan lortu zenuten justizia egitea diktaduraren krimenen auzian?

Guk inoiz amestu baino justizia gehiago egin zen, ez genuelako uste inoiz justiziarik egingo zenik batere. Justizia eta memoria beti dira prozesu historiko baten emaitza, non oso korronte sakonek elkarrekin talka egiten duten. 1976tik aurrera, egiaren aldeko oso borroka latza egon zen, eta borroka horrek izan zuen fruiturik: torturatuen hitza sinestea, alegia.

Garrantzitsua izan zen hori?

Bai, garaipen handia izan zen, guk garai hartan, 1985 eta 1986an,kontrakoa pentsatzen genuelako, hau da, galdu egin genuela, orduan indargabetu zirelako junta militarraren kontrako auzibideak. Hala ere, Auzitegi Gorenak bi kontu oso argi utzi zituen, gerora garrantzi handia izango zutenak: sarraski planifikatu bat egon zela, eta sarraski hori frogatzeko, torturatuen hitza ezinbestekoa zela. Horri esker, hurrengo hamarkadan pausoak eman genituen: 600 epai inguru lortu ziren, 12.000 bat biktimari zegozkionak, eta 1.200 errudun zigortu zituzten. Eta zigor handiekin gainera, nahiz eta gaur egun haietako asko espetxealdia etxean betetzen ari diren edo baldintzapean aske dauden.

Zertan da gaur egun giza eskubideen egoera Argentinan?

Latinoamerika orokorrean, eta Argentina bereziki, beste kolonizazio prozesu bat nozitzen ari da orain. Argentinan polizia estatu bat ezarri nahian dabiltza. Egoera bitxia da, Macriri botoa ematen dion Argentina horrek aldi berean oso gogor gaitzesten baitu estatu terrorismoa, eta memoriaren alde dago.

Mauricio Macri presidente izendatu ondoren egoera okerragotu da?

Estatu terrorismoaren jarraitutasun historikoa ordezkatzen du Macrik. Erakusten du klase bat noraino dagoen prest AEBetako inperialismoaren aurrean makurtzeko: beren interesen kontra joateraino, hain zuzen ere. Adibidez, limoien industria oso garrantzitsua da Argentinan, limoi gehien saltzen duen hirugarren herrialdea gara, eta AEBek limoi asko erosten zizkioten Argentinari, baina orain AEBek erabaki dute ez diotela Argentinari limoi gehiago erosiko, eta men egin diote horri.

Preso politikorik al dago Argentinan?

Orain 21 preso politiko daude, torturak daude, eta gutxienez hiru burkide hil egin dituzte. Guk zigor auzibideak hasi ditugu Macriren kontra, baina segitzen dugu pentsatzen bataila nagusia dela gizarteak nori sinesten dion.Torturatzaileari edo torturatuari sinesteak segitzen du bataila nagusia izaten. Orain, estatu kolpearen urteurrena prestatzen ari gara [1976ko martxoaren 24an izan zen] eta, iaz bezala, milaka lagun atera nahi ditugu kalera. Badakigu memoriaren bataila egunero jokatzen dela eta, Walter Benjaminek zioen moduan, gailentzen ez bagara gure hildakoak ere aterako direla galtzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.