Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Norgehiagoka arriskutsua

2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Egiturazko arazo ekonomikoak dauzka Recep Tayyip Erdoganek, eta nazioarteko testuinguruak ez dio laguntzen, baina Donald Trumpekin azkenaldian izan dituen ika-mika politikoek larritu dute krisi ekonomikoa. Baina Trumpek eta Erdoganek —nazionalismo amorratuak hauspotutako liderrak biak— etxean etekin politikoa ateratzeko tresna bilakatu dute AEBen eta Turkiaren arteko krisia, nazioartean duen oihartzuna maila apalagoan jarriz. Oraingoz, Erdogani ongi datorkio etsaiari Trumpen izena ematea, krisi ekonomikoa atzerritarren operazioa dela sinetsarazteko, eta ez litzateke harritzekoa indar erakustaldi bat egitea benetako arazoa desbideratzeko, ohiko praktika duen legez. Trumpek, berriz,Turkiak atxilo daukan Andrew Brunson apaiz ebanjelistari eman dion laguntza baliatu duAEBetako komunitate atzerakoiena pozik edukitzeko —Mike Pence presidenteordea eta Mike Pompeo Estatu idazkaria ebanjelistak dira—. Hori gutxi balitz bezala, Obamak Fethullah Gulenekin zeukan jarrera ez du aldatu Trumpek, eta Pensilvanian jarraitzen du —Ankarak 2016ko estatu-kolpe saiakeraren egile intelektualtzat dauka—. Erdoganek zerrenda beltzean ezarrita dauka Siriako kurduei Washingtonek ematen dien babesa ere, eta azkena, falta zitzaiona gehiago amorrarazteko: burdinaren eta aluminioaren gaineko zergak.

Horiek borrokatzeko, Turkiak NATOn duen lekua da Erdoganen indargune nagusietako bat, eta mehatxatu du «aliatu eta lagun berriak» bilatuko dituela, Putin gogoan. Zurrunbiloaren erdian, berriz, EB dardarka dago, Turkiaren gainbeherak gogor jo lezakeelako Europa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.