jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Makinaren azken pieza

2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Mobilizazio handiko garaia izan zen iaz oraingo hau Katalunian. Bartzelonako atentatuek piztu zuten nolabait bat-batean agertu zen metxa bat, eta herritarrak ahaldunduta sentitu ziren prozesuaren alde, modu baketsuan, kalera ateratzeko. Zalantzarik gabe, aurreko urteetan Diada egunean egindako lanak eta erakutsitako giharrak ahalbidetu zuen hori guztia. Aurten, baina, oso bestelakoa da egoera. Ez soilik Kataluniako eragileak azken urteetan baino zatituago daudelako, baizik eta Espainiak pultsuari heldu eta hamarkadatan ikasi duen moduan ari delako egiten indarra. Sanchezengan ditu itxaropenak jarrita Puigdemontek, datozen hilabeteetan aukera handiak daudela adieraziz. Baina errealitateak dio Espainian estatua eta haren interesak edozein gobernuren gainetik daudela; Llarenaren defentsarekin Espainiako Gobernuak jarrera aldatu izanak erakusten du Kataluniarekin Espainiako Gobernuak duen jarrera ez dela Moncloan erabakiko.

Puigdemontek atzo «gatazkaren ingeniaritza» deitu zion xingola horien gainean Madril eraikitzen ari den kontakizunari. Haren kontrako euroagindu eskaera kamutsak erakutsi du indarkeria dela gakoa nazioartean zilegitasunaren partida irabazteko. Eta indarkeriaz badaki zerbait Espainiak, Euskal Herrian jakina den moduan: bai herritarrak astintzean, baita bere mesederako erabiltzean. «Ingeniaritza juridikoa», «gatazkaren ingeniaritza»... Estatuak ez du giharrik, ezta behar ere; makina bat da, eta Espainiako Gobernuak erakutsi du azken pieza besterik ez dela: askatzen utziko diote, baina behar denean estutu eta bere lekuan jarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.