begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Etxeratze agindupean, metraileta banaketa

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Estrainioak bizi ditugun garai hauek, gerra-hizkera barra-barra erabiltzen dugun hauek. Gerra-presondegi-diktadura-zapalkuntza-setio lengoaiaz elkar ulertzen dugun hauek. Estrainioak: inguruko konfinamendua, ibiltze-baimena; herriz herriko, kalez kaleko, eskualdez eskualdeko itxialdiak. Demonioak edo banpiroak izango bagina moduan, agintariek inguratzen, estu lotzen gaituzten zirkuluak marraztu dituzte. Beldurrezko pelikuletan —gaur hasiko da Donostian izuak harturiko Astea— gertatu ohi da: infernuko kreaturaren inguruan ostiaz beteriko zirkulua trazatzen da. Ogi sakratuaz eginiko lerro hori zapalduz gero, akabo izakia, errauts bilakatuko da, eta haizeak eramango. Betiko. Gauza bera gurekin, gurean, egun, bi udalen artean banaturiko kale bereko zein espaloitan zauden.

Garai estrainioak. Harrigarriak. Faszina/izugarriak. Baina zinema, bertan. Baina zinema, irmo. Ubeldurik baina gehiago, tinko. Ez naiz orain arte planeta menpe izan duten super/hiper/mega/artxi ekoizle erraldoiei buruz ari. Horiek, beldurti, negarti, urduri bazter batera jo, eta hantxe geratu dira. Dardaraz. Ez baitzeuden ohituta borroka egitera, sos bat ere galtzera, arriskuan jartzera. Ekoizpen eta ekoizle txikiez mintzo naiz. Zero Kilometroko zinema gudariez. Txispaz armaturik sumatzen dituzu pantailetako izkinetan. Horiek bai ohituta daudela gudu-zelaietako lokatzez zikintzera.

Eta, egiari zor, haiek, eta ez besteek, mantentzen dituzte aretoak irekita. Bai, sugarretan den Ane bezalakoek. Segituan estreinatuko den Hil-kanpaiak-ek, estetikaren eta etikaren apustu egundokoak. Beste zinema puska handikoteei aurre egin die El Drogas duin eta elegante horrek. Eta gaur zinema saloietara iritsiko den Bi urte, lau hilabete eta egun bat-ek.

Aspaldi zaharreko irudi eta errealitatea dugu gerrilla-zinemarena. Kasik zinema jaio berria zen egun bertsuan sortu zuten hainbatek. Guda-kantua dirudi: «Lepoan hartu ta segi aurrera». Zer, nor hartu lepoan? Bidean eroritako laguna? Ez, kasu honetan, kamera. Lubakietako gerran parte hartu eta testigantza jaso zuten kamera horiek ziren eta dira lepoan hartu beharrekoak. Munduko errebolta guztietan aurreko lerroan izandakoak, sasi guztien gainetik, munstro guztien kontra altxatu diren kristalezko edo, egun, kuartzozko begi horiek... Gerrilla-zinema, bai. Baina aro harri/izu/faszinagarri honetan harago joan behar dugu. Eta joan dira makina bat egile: metraileta banaketa asmatu berri dute. Bihar biharkorik ote dugun ez dakigula, Bi urte, lau hilabete eta egun bat film intsumisoa eskatzen duten hiriburu/herri/herrixka/eskualde/barruti/erresuma/inperio/probintzia/erkidego/alkate-auzo guztietan estreinatuko da. Erreparorik gabe, errezelu ekonomikorik pe. Ez baitakigu bihar biharkorik izango ote den. Ez baitakigu lubakietara edo Ekain kobazulora bueltatu beharko ote dugun. Beraz, Boccaccioren Dekameron-eko pertsonaien antzera, mundua mundu den bitartean egin dezagun dantza, egin dezagun errebolta, egin —eta banatu, eta ikusi— dezagun zinema.

Jiganteek bazterretara jo duten honetan, bada txikien ordua. James Bonden azkena ez dute, ez, estreinatuko, baina nori axola El Drogas, Ane, Hil kanpainak eta Bi urte, lau hilabete eta egun bat baldin baditugu?

Hala eta guztiz ere, egon zaitezte erne eta zelatan eguna laburtzen hasi baita gurean eta zinema negu guztirako ospelduko baita, ez bagaude atezuan. Jar dezagun etxe atarian eta pantaila ondoan eguzki-lorea, intsumisio eta errebelde diharduten guztiek babesa izan dezaten. Ikus dezagun igandean , Beldurrezko Astean, Victoria Eugenian, Azpeitiko Xanti Rodriguezek filmaturiko Ospel laburra.

Zero Kilometroko zinemak zutik dirau. Hemen, gurean, etxeratze aginduak lubakietara salto egiteko beharra eta konpromisoa dakar eta. Baina izan gaitezen beti gu baino handiagoak eta aspaldikoagoak diren indar sekretuen babespean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.