begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Telefono gorria, ba al goaz hegan Ukrainara?

2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko egunean, irrati solasaldi batean, Pablo Iglesias Espainiako Elkarrekin Podemoseko ministro ohiak zinema aholku bat luzatu zien Espainiako PPko eta Espainiako PSOEko Jose Manuel Garcia-Margallo eta Carmen Calvo ministro izandakoei, Errusia, NATO eta EBren artean sortu den gatazka politiko-militarra hizpide eta eztabaidagai zutela.

Gomendioa ez zen nolanahikoa, hala moduzkoa, edonolakoa; Interneten aise, eroso, airos, ofizio handiz peskizetan diharduten horiek erraz asko hizkuntza bertsio eta irudi kalitate desberdinetan aurkituko duten Errol Morrisek filmaturiko The Fog of War (Gerraren lainoa) dokumentala aipatu zuen Espainiako presidenteorde ohiak.

2003koa. Cannesen aurkeztu ostean, Oscarra irabazi zuena. Bertan, 95 minutuan, Kennedy eta Johnson presidenteekin, AEBetako Defentsa idazkari izandako Robert McNamarak Gerra Hotzean Kubako misilen auzian eta Vietnamen gertatutakoa aztertzen du. Batzuetan damu, batzuetan nostalgiko, batzuetan harro, batzuetan hotz, batzuetan bero. Batzuetan zorrotz eta salatari. Batzuetan ausart asko. Batzuetan bere burua zuritu nahian. Besteetan, horrezkero zuen adinarekin (87 urte) berea eta beste askorena zikintzeko arazo handirik gabe.

II. Mundu Gerran, B-bonbaketarien eraginkortasun eta efizientzia aztertzea eta hobetzea izan zen bere eginbehar militarra. Gerraren ondoren, Ford konpainiaren presidente izendatu zuten. Etxe Zurian eta inguruetan zituen goi mailako erantzukizunak utzi eta gero, Munduko Banketxearen gailurrean izan zen, presidente hor ere.

Ikustea ezinbestekoa den aipaturiko dokumental horretan, McNamarak agerian jartzen ditu Sun Tzuren Gerraren Artea lan preziatuaren hamahiru artikuluak, planetako akademia militar guztietan estimu handian duten Clausewitzen Vom Kriege delakoaren zortzi liburuak eta Maquiaveloren Printzea-n dauden hausnarketak gaurkotzen (biharkotzen ere) dituzten hamaika arau. Nork eta McNamarak, zeinak, Iraken omen ziren suntsipen masiborako armen auzia gehiegi gogorarazten duten gezurren eta asmakizunen artean, Tomkin Golkoaren Erabakia bideratu zuen AEBetako Kongresuan. Adierazpen horrek Vietnamen nahi zuen modura eta baliabideekin jarduteko baimena eman zion Johnson presidenteari.

Itxura batera, AEBetako Defentsa idazkari ohia ez zen bakearen aldeko borrokalari prestua. Ezta egiaren defendatzaile amorratua ere, baina bere 11 arau horiek hartu beharko lituzkete kontuan egunotan Ukrainarako bidea horren sutsu hartu duten horiek. Ez baitira baztertzeko modukoak. Esaterako, zera dio Robert jaunak: Izan ezazu enpatia zure etsaiarekin. Ez da nahitaezkoa jator artatzea. Ez, kontuak honetan datza, bere inguruabar guztiak (Historiakoak, aberriarekiko atxikimendua bera...) ezagutu eta ulertu behar dituzula. Derrigor.

Arrazionaltasunak askotan ez du deus balio (gizaki arrazionalek ere herriak suntsitu ditzakete. Kolpe batez, dekretu batez. Suaz. Bonbez).

Zuk baino jende gehiagok hartzen du parte afera honetan (jolas eta joko horretan ez zara lehiakide bakarra. Besteek ere badituzte zergatiak eta... armak).

Lor ezazu primerako informazioa eta primeran maneatu (jakin gabe, McNamara egungo Big Dataz ari zen hizketan....)

Ez zaitez ahaztu proportzionaltasunaz (bai defentsan bai erasoan). Filmaren une ezin garratzagoan, McNamarak galdetzen dio bere buruari ea zilegi izan zen Tokioko 100.000 hiritar suntsitzea suaren bitartez gerran aurrera egitearren...

Sinetsi ezazu, normalean bi aldeak oker dira (ez batak ez besteak ez dute arrazoi... osoa).

Onar ezazu, Ongia egiteko, behin baino gehiagotan Gaitzarekin sinatu behar duzu akordioa...

Arau guztiak ezagutzeko, bila ezazue dokumentala. Bila ezazue, baita ere, bai McNamarari bai Morrisi egindako elkarrizketa pare bat. Eta ez, ez pentsa zinemagilea balizko bekatutik libre dagoenik; hainbat eta hainbat iragarki filmatu zituen medikuntza teknologia faltsuki erabili izan zuen Theranos konpainiarentzat.

Egun, bertako buru izan zen Elizabeth Holmes iruzurgileaAEBetako epaileen aurrean dago. Morrisek esanda, «Elizabethek ederki nahasi ninduen, bai. Seko liluratu ere. Behin eta berriro galdetzen diot neure buruari, onartzen al du berak gezurretan zela? Uste al zuen dena zuela neurtua, kontrolpean?».

Ai, gure bizitzaren beraren lanbroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.