begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Anbulantzian zein trenean, zinema!

2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Zinema zer, zinema zertan, zinema non, zinema nola, zinema zeinek, zinema norentzat omen dakiten handiuste halakoek zeharo kontrajarritzat jotzen dituzten bi film daude gure karteldegian. Benetako txulo sasi intelektual horien aburuz, batak merezi ditu belauniko luzatu beharreko alabantza guztiak; baina despitaz eta koleraz baztertzen dute bestea, burua duintasun zauritu batez altxatuz eta ostertz aldera serio begira.

Biak ditut nik, alabaina, gogoko, begiko, plazerbide osoko. Biak daude, egia biribila, zinema uni/multi/bertsoaren bi muturretan. Kontzeptualki zein formaz, moduz, helburuz. Baina biak dira, zin egiten dizuet, zinema puska ikaragarriak.

Juho Kuosmanenek zuzenduriko Hytt nro/Compartment Number 6 Finlandiako filmaz, iragan Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuenaz, eta milioi askoko aurrekontuetan aise eta gustura ibili ohi den Michael Bay zinemagile, zinema ekoizle, zinema saltzaile, zinema bultzatzaile, zinema inbertsorearen Ambulance-z ari natzaizue.

Lehenengoa jatorrizko bertsioan da entzun/ikusgai zinema connaisseurs direlako (garelako) horientzat erreserbaturiko txoko berezietan: Iruñeko Golem-Yamaguchi aretoetan eta Donostiako Trueban. Besteak, aldiz, hirietako erdigune dotoreetanez dauden auzoetako eta merkataritza guneetako pantaila guztiak egin ditu bere.

Biak dira, dei nazazue tematsu, izugarrizko zinema piezak. Lehenengoari eskerrak eman beharko dizkiozue, zuzendari markatik fuerakoa aurkezteaz gain, Rosa Liksom idazlea ezagutzeko beta emango dizuelako. Bestea, krispetak jaten eta kola freskagarriak edaten ikus dezakezue inolako damurik edo lotsarik sentitu gabe. Izan ere, hain da burrunbatsua soinu eta zarata banda, ezen inor ez baituzue molestatuko tragoka eta kristi-krasta zaudetela.

Pelikula biek darabiltzate maisuki zinemarako paisaia ezin hobeak diren bi garraio mota: trena batak, anbulantzia besteak. Baina ez pentsa, Murmansk aldera garamatzan burdinazko gailua ez da, inolaz ere, ez Orient Express, ezta Eugenio Martinen zuzendaritzapean Christopher Leek eta Peter Cushingek Horror Express hartan hartu zuten Transiberianoa ere. Bederatzi sari potolo jaso dituen Finlandia-Errusia-Eslovenia-Alemaniaren arteko ekoizpen honetan ez dago Train to Busan miresgarri hartan agertzen ziren zonbi horietako bat bera ere, eta nahiz eta bere bagoietan gau pare bat pasatu, ez du zerikusirik Alan Parkerrek zuzendu eta Oliver Stonek idatzi zuten Midnight Express harekin. Hori esanda, onar dezagun finlandieraz zein errusieraz mintzaturiko film horri zeluloidezko bideetan barna zein burdinazko kaminoetan zehar dabiltzan beste hamaikari darizkien usain bera, tonu bera, oroitzapen bertsuak darizkiola. Horrexegatik ez zara jaitsiko hurrengo geraldian. Horrexegatik hartzen duzu aterpe kiratsa Moskutik auskalo norantz eta noraino garamatzan antigoaleko (ibil)gailu-traste horretan.

Etsipenaren barrunba isila, desitxuraturiko mundu bati bota beharreko azken-aurreko begirada. Hizkuntzen arteko lotura maltzurrak eta zinema ariketa ezinbestekoa: filma eta gero edo filmaren aurretik, Rosa Liksomen liburua leitu. Eta, askotan bezala, pelikulen eta liburuen hizkera joko desberdinetan murgildu.

Ambulance-n, berriz, zinemaren armazoiaz ikasiko duzu ezinbesteko kasik guztia. Akziozko film batek berezkoa izan beharko lukeen plano-konposizioan egingo duzu doktoretza cum laude. Muntaketa ikastaro trinko batean izena eman duzula pentsatuko duzu. Agian, zaren zinema ikaslea zarela, penaz onartuko duzu kotxe, helikoptero eta beste ibil/hegan/gailu jazarpen hoberik ezingo duzula inoiz filmatu. Nahiz eta bihotzez, arimaz eta hezur guztiez saiatu ere...

Eta horretan zaudela, konturatuko zara pertsonaien erretratuan, pertsonaien inguruabarretan asmatu ere egin dutela gidoigileek. Ambulance-n ere, handiuste alu horiek onartzen ez badute ere, badira Patuak astindutako pertsonaia batzuk.

Hytt nro 6 eta Ambulance... Ez galdu. Ez bata, ez bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.