begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zaharrak berri ez direnekoak

2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Gutako askoren aburuz, ahanzturatik erreskatatzen diren zinema puska eta apur guzti-guztiek merezi dute. Gutakoen arteko makina baten irudiz, filmategi orotan gordeta den zinemak ona izan behar du. Derrigor. Zeluloidea maite-maitez eta kariño osoz gordetzen duten zaindari, ikerlari, esploratzaile aseezinen eskuetan baitago.

Buruan buelta gehiegi eman gabe, bihotzak bultza, prest gaudebelauniko jartzeko. Beti. Denborak edo nagikeriak jota baztertu izan dugun egile horietako bat ilunpetatik ateratzea nahikoa da braboka hasteko. Baita, gu pekatariak, aieneka hasteko ere, ez baikinen ezta ohartuak ere sortzaile hori existitzen zenik. Are gutxiago pentsatu bere lanak kabida zuenik gure gordailuetan.

Ba sentitzen dut, abruska erori behar dugu, duzue. Penaz diot muturrekoa galanta gerta daiteke eta. Minez diotsuet, hots, berreskuratzen, bilatzen, erreskatatzenditugun zinema ale batzuk hondarrak baino ez direla. Errespetuz jaso beharrekoak, hori bai. Garai baten lekukoak izan ziren eta zinema egiteko joandako manerak ekartzen dituzte gurera, gaurko moduekin alderatu ahal izateko. Zineman soberan ondo edo osotoro txarto jardun izan duten guztiek merezi dute, hori bai, hori beti, gure konplizitatea. Gure defentsa sutsua ere...

Izan gaitezen, ordea, errealistak. Denbora igarate krudelak min eta kalte egin ohi die uzta berrietan jasotako ale zahar askori. Denborak ez baitu urrikirik. Ez Zinemarekiko, ez gurekiko.

Ez al gara ba gu zahartzen? Ez al dituzte urteek arrastoak uzten gure azalean, gure burmuinean, gure haragi eta hezurretan? Ba kontu bera zeluloidearekin. Eta gure baitan gertatzen den legez, denbora pasatze hori leunagoa ala basagoa suerta daiteke. Bai gure kasuan bai zeluloidearenean. Bada elegante zahartzen den jendea. Elegante, estiloz. Bai gorputzez bai buruz. Dekadentzia, askotan, ederra gerta daiteke, ezpentsa. Badira, ostera, iragate horrek zimur itsusiz itotakoak.

Badira garaien arteko zubiakairos eta txairo zeharkatu dituzten fotogramak. Badira nabigazio horretan ezkatak galdu dituztenak eta hauts zakarrez bete.

Humanoak garenon kasuan nola, zineman gainbehera fisiko zein psikiko hori ere suertatzen da. Existitzen diren beste zortzi Arteetan (ez ahaztu, Zinema zazpigarrena da, bai, baina Argazkia dugu zortzigarrena. Eta bederatzigarrena Komikia...) erabilitako materialak, euskarriak, baliabideak zaurgarriak badira, are zauritzekoak, kalte eta min hartzekoak, usteltzeko errazagoak dira zinemarenak. Koloreak gero eta hitsagoak bilakatzen dira, ñabardura guztiak galduz. Pelikulatik, gure larruazaletik bezala, leuntasuna desagertzen da. Konturatzen gara, bat-batean, duela 50 urte gurean ez zela zuzeneko soinua erabiltzen, eta dialogoak areto batean bikoiztu egiten zirela filmatu ostean...

Bai, badakit, badira Denborak eta filmak zaindu behar zituzten horien alferkeriak eraginiko hori guztia zaharberritzen duten artistak. Min hartutako fotogramak indarberritzen dituzten primerako zaharberritzaileak. Zeluloidearen kosmetologo diplomadunak.

Baina kasu askotan ezina ezinezkoa da gainditzen. Bai fisikoan bai psikikoan. Bada gaizki zahartzen den zinema. Bai, kariñoz saiatzen gara salbatzen. Alferrik. Denbora eta gu geu beren gainetik pasatu izan garelako.

Bai, apur horiekin zinema zikloak osatzen ditugu. Amoroskiosatu ere. Baina, orduan ere eta nahi gabe, kaltetu egiten dugu zinema horren memoria. Gaurko pantaila handiak, gaurko aretoetako soinu sistemak hain dira sofistikatuak, ezen pasatutako urteetan sortzaile askok eskura zuten kalitate urriko materialekin eratutako pelikula hori zapuztu, zanpatu egiten duten.

Bestalde, gu ere aldatu gara denboraren poderioz. Ez dut esaten onerako. Ez dut esaten txarrerako. Aldatu, besterik gabe. Eta, maiz gupidarik ez diegu erakusten antigoal hurbileko pelikula horiei.

Zerk eragin ote du/dit gogoeta hau? Aitortza erabatekoa merezi duen Cecilia Bartolome egile aitzindariari Donostian eskainitako zikloak, eta, bereziki, 1978ko bere Vamonos Barbara berreskuratze saminak. Gaizki (oso) tratatu du Denborak.

Hala ere, alai gaitezen. Zinema Arkeologia hori ezinbestekoa dugu izan ginena gogoratzeko eta, nahiz eta askok onartu nahi ez, zenbat aurreratu dugun ohartzeko. Iragan baten bozeramaileak dira gaizki zaharkitutako pelikula horiek ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.