begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ni ez nintzen Leningraden hil

2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada mundua ez aldatuko ez hobetuko ez edertuko ez astinduko duten hizka-mizka leloetan erraz eta gozo endredaturik dabilenik. Bada oraindik ere galdetzen duenik (2022ko apirilaren 1a, hain zuzen ere, Tontoen Eguna, April's Foool delakoa herrialde anglosaxoietan) ea nork defendatu behar zuen nor, norengandik edo noren kontra/aurrean Oscarretako frikun bi haien mokokaldi artifiziozkoan.

Egun, Donostian Marokoko Casablanca Beats-en raparen soinuarekin Giza Eskubideen XIX. Zinemaldia hastear dela, bada, oraindik, CODA iazko filmik onena zela sinesten duen fededun inozorik; iaz The Power of the Dog edo Drive My Car ikusi genituela betiko ahazturik.

Bada, Oscar bana irabazi duten El Limpiaparabrisas edo Summer of Soul memoriatik uxatuz, Encanto, asteartean Gipuzkoako Modelo eta Trueba aretoetan ikusgai izan zen Flee paregabea baino hobea dela uste duenik...

Gurean, ordea, ez daukagu ez paper ez denbora ez gura nahikorik horrelako nahasmenduetan sartzeko. Hemen, Bilboko Zinebin estreinatua izan ondoren eta Andaluziako Malagako Zinemalditik pasatu ostean, bihar Donostiako eguerdi zinematografikoan ikusgai izango den Matrioskas dokumentalaz mintzatuko gara. Patxadaz, bertan, esku, buru, gogo hartu duten heroi guztiak aipatuz.

Hasieran, Kubako San Antonio de los Baños zinema eskola txit agurgarrian ikasitako Helena Bengoetxea Guelbenzu nafarrak sinaturiko piezak zera ematen du, dokumental ohikoa, duina, pantailan historiak baztertu ohi dituen istorioei leku egingo dien horietakoa. Baina irudiak joan irudiak etorri, protagonistak kamera aurrean (edo kamera atzean, ondoan, lagun dutela) agertu ahala, Moskura, Gijon aldera, Bartzelonara edo Habanara egiten dugun momentutik, Matrioskas zinemaz eta giza trinkotasunez betetzen da.

«Ez dakit zenbat bider den irla Kuba: irla geografikoa, itsasoak markatua; irla Hatueyren ihesleku alferrikakoa; irla Jose Martiren aberri imajinarioa; irlaAEBen blokeogaia; irla Sobietar Batasunaren erorketaren ondoren, Mendebaldeko herri sozialista definitu bakarra. Orduan, irla ez: artxipelagoa», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak luzatu, iradoki zuen Donostian antzoki ederrean ikusgai izango dugun film honetarako abiapuntua; gero, aholkulari moduan ibili zena.

Bertan, Kuban zein Moskun, Bartzelonako igerileku batean edo Asturiasko Gijongo parkean, Espainiako 36ko gerra garaian, barkuan sartuta Sobietar Batasunak eskainitako aterperako bidaia egin zuten hainbat neskatoren berri ematen digu gure estimu handia merezia duen jendeak babespean hartutako filmak.

Nor, ba, Matrioskas fin-fin zaindu duen jende polit hori? Kanaldudeko borrokalariak, Iñaki Alforja, Pascal Gaigne, Nafarroako Golem enpresako zinemajaleak; hango, hemengo, horko filmategiak, ateneo errepublikano denak, kamera lepoan harturik, Siria, Kongo, Angola, Libano zeharkatu dituen Belkis Vega Belmonte zinemagile markaz kanpokoa...

Eta nortzuk Moskun, Obinskin, Kieven emakume ederrak, azkarrak, ofiziodunak bilakatu ziren horiek? Teresa Alonso Gutierrez, Araceli Ruiz Toribias, Alicia Casanova Gomez, Julia Delgado Romero. Batek ere ez dio bere pentsamendu politiko eta sozialari uko egin. Batek ere ez du amore eman, bizitzak zein burokraziak eta askotan hurkoak ere zakar artatu arren. Batzuen mintzoari tristura darie, besteenari ideologia irmo baten arrastoa, arrasto sendoa.

Artxiboko irudiak zinema fundamentu handiz erabilita, behin baino gehiagotan bueltatzen garanaziek Leningrad setiatu zuteneko egun, urte latz horietara. Antzinako fotogramak, bai, baina gaurko ahots kraskatu samar batek komentatuak: «Hain zen sakona hotza... (zero azpiko 45 gradu sarri) ze, indargabe baginen ere, etengabe mugitu behar genuen. Geratuz gero, seko erortzen zinen, hil. Jatekorik ez zegoen eta haragia lortuz gero, inork ez zuen galdetzen zerezkoa zen, ederki bagenekien eta. Milaka hil ziren Leningraden. Baina ez ni. Ni ez nintzen Leningraden hil».

Beste batek ildo beretik egin digu berba: «Bi gerra, bonbardaketa ziento bat eta Leningradeko setioa bizi ondoren, herioak ez nau harrapatuko».

Utz ditzagun Oscarretako urre faltsuzko labirintoan, basoak arbola ezkutaturik, zinema ondratua seinalatzen duen behatza baino begiratzen ez duten horiek. Ez baitute sekula antzemango Matrioskas-en balioa. Ezta Uriberen Llegaron de noche-rena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.