Afganistan. ANALISIA

Erlojuak eta denbora

Joe Biden, AEBetako presidentea. STEFANI REYNOLDS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Afganistango atsotitz zahar batek hala dio: «Zuk dituzu erlojuak, baina guk dugu denbora». Talibanen buru izandako Mohammad Omar Mullahk horixe erantzun omen zuen behin, AEBen okupazioaz galdetuta. Eurak, etxekoak, zirela denboraren jabe, eta horrek eramango zituela garaipenera.

Omar Mullahk asmatu zuen iragarpenarekin. Afganistanen aurkako gerra hasteko argudio izan ziren irailaren 11ko atentatuetatik hogei urtera, haien antolatzaile Osama Bin Laden hil eta hamarrera, eta AEBek gerra amaitutzat eman eta zazpira, erretiratu dira nazioarteko tropak herrialdetik. Euren okupazioaren amaierari garaipen itxura emateko, Dohako Akordioa sinatu zuen iaz AEBetako presidente zen Donald Trumpek. Itunaren beste sinatzaileak Afganistango Gobernua eta talibanen ordezkaritza izan ziren. Baina akordioa, gerora agerian geratu denez, alde bikoa eta garaile bakarrekoa izan zen.

Maiatzean, nazioarteko tropen erretiratzearen irudiekin batera, hasi ziren iristen talibanen garaipenei buruzko lehen tituluak. Benetako indar erakustaldia, hala ere, abuztu hasieran heldu zen, harik eta Etxe Zuria lotsagarri uzteraino. Hamar egun nahikoak izan zituzten Washingtonek duela ez horrenbeste terroristatzat jotako horiek boterea eskuratzeko. Kolpeak azalpenak ematera behartu zuen Joe Biden presidente estatubatuarra, eta orduan aitortu zuen akordioaren atzean ezkutatutako egiaren zati bat, AEBak ez zirela Afganistanera joan herrialdea eraikitzera, Bin Laden atzematera eta Al-Qaeda «desegitera» baizik —2001ean, eskainitako elkarrizketa batean Bidenek berak esan zuen nazioartearen «betebeharra» zela herrialdea berreraikitzea—. Agerraldi berean nabarmendu zueninork ez zuela espero «AEBek trebatutako 300.000 tropek» horren azkar amore ematea. Zehaztu ez zuena izan zen «tropa» horien barruan sartzen zirela polizia zibilak eta Barne eta Defentsa ministerioetako langileak ere, ez soilik borrokarako prestatutako militarrak.

Era batera edo bestera, talibanek jakin dute denbora baliatzen euren sarea osatu eta, aurkarien erlojuek atzerako kontua amaitu dutenean, hogei urteko okupazioaren aztarnak kolpetik ezabatzeko. Mendebaldeko estatuen zerrenda beltzean zeudenak baleko solaskide bilakatu dira orain potentzia berdinentzat —Errusiak eta Turkiak hasiak dituzte elkarrizketak, eta AEBek ere beharko dute haien laguntza bere burua guztien etsai bilakatu duen EI Estatu Islamikoari aurre egiteko—, eta paradoxikoa ere bada jakitea Washingtonek garai batean etsai izandakoekin partekatu beharko dituela informazioa eta segurtasuna.

Gerturago, auzoan,kalte baino onura gehiago ekarri ditu aldaketak. Teheranek iragarri du berriz hasiko dela erregaia Afganistanera bidaltzen —hilaren 6an eten zuen bidalketa, segurtasun arazoak argudiatuta—. Iran da munduko laugarren petrolio ekoizlea, baina AEBek 2018an jarritako zigorrek ia ezerezean utzi dituzte haren esportazioak. Hala ere, urteotan ez dio erabat utzi erregaia saltzeari, batez ere mugakide dituen herrialdeei, tartean Afganistani. Baina nazioarteko tropak erretiratu izanak eta talibanen irudi berrituak erraztu egingo ditu salerosketa horiek, Kabulen eta Teheranen arteko harremanak indartuz. Beste aldean, Pakistan ere irabazten atera da botere aldaketarekin. AEBek egozten diote talibanak babestu izana, eta hark erantzuten zuen Afganistanen gerra zibil bat pizteak ekar zitzakeen ondorioak —milaka errefuxiatu, segurtasunik eza mugan, eta abar— saihesteko eman ziela aterpe. Orain, nazioarteko tropen erretiratzearekin, eta AEBak talibanekin hitz egitera beharturik, bere rolari eutsi ahal izango dio Islamabadek, eta aldi berean Washingtonen onespena berreskuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.