Migrazioa. Mila Font. Mugarik Gabeko Medikuen ordezkaria

«Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea»

MSFren ontziak bederatzi egun egin zituen itsasoan, portu batean lehorreratzeko zain. Ostegunean porturatu ziren, eta, orain, migratzaileei emango zaien osasun arretak eta arta psikologikoak kezkatzen dute Font.

BERRIA.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Mila Font (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1969) MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen ordezkaria da Herrialde Katalanetan eta Murtzian (Espainia). Gobernuz kanpoko erakunde horrek, SOS Mediterranee eta Sea Watchekin batera, Mediterraneo itsasorako baliabide gehiago eskatu zizkion EB Europako Batasunari joan den astean. Atzo, bestalde, salatu zuen Grezian 570 migratzaile urgentziaz artatu behar izan dituztela 2022an, eta Greziako segurtasun indarrek, migratzaile horietako gehienak legez kanpo itzularazteaz gain, tratu txarrak ere eman dizkietela.

Europako Batasunak baliabideak murriztu ditu Mediterraneoan?

Bai, urtez urte bilaketarako eta erreskaterako bitarteko gutxiago ematen ditu, eta ez dira nahikoak. Orain, herritarrek erantzuten dute, gu bezalako gobernuz kanpoko erakundeen bitartez, hain zuzen. Bestalde, salatu genuen erreskateko ontziak lehorreratzeko portuak beranduegi ematen ari direla. Idatzia argitaratu genuenean, gure barkua portu bat egokitzeko esperoan zegoen; azkenean, bederatzi egunen buruan lehorreratu ahal izan zen, Italian, han aurretik bederatzi eskaera egin eta gero, eta beste hiru Maltan.

Nola eragin zuen itxaronaldiak ontzian?

Kontuan izan behar da erreskatatu berri zituzten 659 pertsonak zeudela han; horietako 150 baino gehiago adingabeak ziren; haurdun zeuden bi emakume ere bazeuden, eta urtebete ere ez zuten bost haur. Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea, zer gertatuko den jakin gabe. Lehorrera iritsi dira jada, baina orain kezkatzen gaituena da ez ematea osasun arreta nahikorik; baita buru osasunari dagokionez ere, horretaz gutxiago hitz egiten den arren. MSF taldeak egitasmo bat abiatu du Italian, migratzaileei arreta psikologikoa emateko, baina behin-behineko proiektu bat da, horretan lan egiten duten erakundeen errefortzu gisako bat.

Bestalde, itxaronaldiak beste eragin bat ere badu: ontzia bederatzi egunez portura iritsi ezinik baldin badago, ezin izango du jendea lehorrean utzi eta berriz ere erreskate lanetara joan. Gure baliabideak ere mugatzen ditu horrek.

Mediterraneo itsasoan nork ditu betebeharrak?

Itsasoan, oro har, denek dute heriotzak eragozteko eginbeharra, eta, behin erreskatea eginda, gertuen dagoen portu segurura eramatekoa. Beste arazo bat da geroz eta ohikoagoa dela Libiako kostazainek Mediterraneoko ontziak geldiaraztea eta, indarrez, berriz ere Libiara itzularaztea. Jakina da herrialde hori oso arriskutsua dela migratzaileentzat, askotan torturak eta tratu txarrak jasaten baitituzte. Hortaz, denok dute itsasoan erreskaterako erantzukizuna, baina portu seguru batera bideratzeko, ez Libiaren gisako tokietara.

Libiako Guardiak, gainera, Ebren eta Frontex Mugetako Guardien Europako Agentziaren babesa jasotzen du; besteak beste, laguntza ekonomikoa, material teknikoa eta formakuntza ematen dizkio. Europari interesatzen zaio Libiako kontrola gogortzea, bere mugetan mugimendu gutxiago egon dadin.

Gobernuz kanpoko erakundeen lana ontzat jotzen al dute estatuek?

Ez; areago, kriminalizatu egiten gaituzte. Italiako Justiziak, esaterako, legez kanpoko migrazioa erraztea egotzi izan digu. Migratzaileak ere kriminalizatzen dira, eta uste dugu babesa bilatzea eta horretan laguntzea ez direla delituak. Ez digute zigorrik jarri, baina halako azpijokoek lortzen dute arreta haien politika okerretatik aldentzea.

Zer baliabide ditu MSFk?

Mediterraneo erdialdean, 2015. urtean hasi ginen lanean. Hainbat ontzitan jardun izan dugu, bakarrik ala beste erakunde batzuekin. Orain, urtebete eta hilabete pare bat daramatzagu Geo Barents tripulazioarekin martxan. Hasi ginenetik, orotara, 80.000 pertsona baino gehiago erreskatatu ditugu. Gure funtsen %99 iturri pribatuetatik datoz, eta, beraz, autonomia nahikoa dugu gure baliabideak nola kudeatu erabakitzeko.

Zein egoeratan erreskatatu ohi dituzue migratzaileak?

Hainbat faktoreren arabera, hobeto ala okerrago egoten dira. Hasteko, nondik datozen garrantzitsua da, zeren, esan bezala, Libiako migrazio zentroetatik datozen askok indarkeria jasan ohi dute. Bestalde, itsasoan pasatutako denboraren araberakoa ere bada: ur gaziaren eta ontzietako gasolinaren nahasketa oso mingarria da, eta erredura latzak eragiten ditu.

Mediterraneoa ez da migrazio bidearen ez hasiera ez amaiera izango, ezta?

Ez, pasabide bat gehiago da, baina baita arriskutsuenetako bat ere. Batzuentzat, azken pasabidea da,2014tik 24.000 heriotzaren berri izan baitugu. Eta gehiago izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.