Afganistan. Urte bat talibanen menpe. Paxtana Durrani. LEARN Afghan erakundeko zuzendaria

«Erregimenak gerra deklaratu die neska gazteei»

Boterearen truke «herrialdea saldu» izana egotzi die Durranik talibanei. Haren iritziz, baina, prozesu horretan pisu handia izan du AEBen jarrerak, haiek erraztu zietelako agintea lortzea.

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Duela urtebete hitz egin zuenBERRIAk lehen aldiz Paxtana Durranirekin (Quetta, Pakistan, 1998). Kandaharren zegoen talibanak heldu zirenean, eta ezkutuan zen kazetariaren deiari erantzun zionean. Udazken hartan bertan ihes egin zuen Durranik Afganistandik. AEBetara joan zen, Wensleyra (Massachussets), familia eta lagunak utzita.

Zergatik erabaki zenuen Afganistandik ihes egitea?

Jada ezin nintzen lanera joan; ezin nintzen gizonezko lankideekin elkartu; ezin nuen ikasketekin jarraitu. Ia ez neukan nora joan. Horregatik, aukera sortu zenean, ihes egin nuen.

AEBetan egon arren, zure ikasleekin harremanetan jarraitzen duzu. Zein egoeratan daude?

Ikasle bati galdetu nion behin nola sentitzen zen, mundu guztiak esaten zuelako arriskutsua zela eskolara joatea, talibanak jazarri egiten zitzaizkielako edota zigortu egiten zituztelako aurpegia estalia ez bazuten, edo gizonezko batek laguntzen ez bazituen; hark erantzun zidan hala eta guztiz ere eskolara joateko beharra zuela. Hori da Afganistango benetako errealitatea. Egungo erregimenak gerra deklaratu die Afganistango neska gazteei, arrazoirik gabe.

Lagun bat duela hilabete irten zen Afganistandik, ile apaindegi batean bizarra mozten zegoela talibanek jipoitu ondoren. Emakumezko lagun asko ditut Pakistango mugan bisa jaso zain daudenak, ez dutelako egon nahi itolarria eragiten dien herrialde batean. Nire familiak ere ihes egitea erabaki du. Etengabe urratzen dituzte giza eskubideak: milaka dira desplazatuak, soldadu ohiei jazartzen zaizkie, ez dago segurtasunik. Egia da jada ez direla bonbak erortzen, baina jendea gerran balego bezala sentitzen da: ez dira aske eskolara joateko, ez lanerako; ez dago lan merkaturik; ekonomia hondoratua dago; eta gazteek alde egin nahi dute, itota sentitzen baitira.

Talibanek, ordea, diote denbora eta laguntza behar dutela herrialdea eraikitzen hasteko.

Nik jakin nahi dudana da nork laguntzen ote zien herrialdea bonbardatzen eta eskolak erretzen ari zirenean; nola lortu zuten diru hura guztia? Eta zergatik ez zuten diru hori erabili herrialdea berreraikitzeko? Bestalde, ez zuten denborarik behar izan mutilentzako eskolak irekitzeko, are gutxiago gizonei lanera itzultzeko baimena emateko. Beraz, zergatik behar dute denbora edo dirua emakumeen kasuan?

Talibanek herrialdea saldu dute garaipen politiko baten truke. Esaten dute ez dutela dirurik, baina, orduan, nola joaten dira hegazkinez Norvegiara nazioarteko elkarrizketetara? Nola joaten dira Qatarrera familiarekin elkartzera? Hegaldiak har ditzakete, baina ezin diete emakumeei utzi lanera joaten, ezin dute egoera ekonomikoa hobetzeko neurririk hartu. Arazoa ez da dirua, hori eskuratu dezaketelako nazioartearen bitartez, giza eskubideak bermatzen badituzte betiere. Ez da denbora kontua ere; zenbat denbora behar izan zuten AEBek eskolak irekitzeko? Hiru hilabete?

Hala ere, badirudi nazioartea harremanak normaltzearen aldekoa dela.

Nazioarteko komunitateak azkar ahazten du; gainera, gizonezkoak dira agintari gehienak, eta gizonak beti daude edozertarako prest boterea eskuratzearen truke. Ez dut uste boterea ona denik, ondasunzale bilakatzen zaituelako; nahi duzuna lortutakoan, ez duzu gehiago atzera begiratzen. Litekeena da nazioarteak hori bera egitea. Izan ere, jada ez du interesik Afganistanen; ez dute inor erreskatatzeko beharrik. Afganistan ez dago modan, ez ditu egunkarietako lerroburuak betetzen. Beraz, bai: ziurrenik nazioarteak zilegitasuna emango die talibanei.

Eta zer etorriko da gero?

Nazioarteak talibanen gobernua onartzen badu, ez da erraza izango; ondorioak izango ditu, baina, aldi berean, zenbait baldintza betearazi beharko dizkio: eskolak zabaltzea, emakumeentzako lanpostuak bermatzea, giza eskubideen urraketak murriztea... horiek gabe nazioarteak ezin ditu normaldu talibanekiko harremanak, gainontzean ontzat ematen ariko bailitzateke oinarrizko giza eskubideen urraketak, emakumeak lanera joan ezin izatea...

Uste duzu egoera bestelakoa zatekeela AEBek beste era batera jokatu izan balute?

Talibanak argazki osoaren zati bat besterik ez dira. Ez dugu ahaztu behar azken hogei urteotan gerra jauntxoak egon direla boterean, eta haiek ere arazoaren parte ziren: gaizkile taldeak zuzentzen zituzten, droga trafikoan aritzen ziren... Horrekin ez dut esan nahi haiek gaiztoak zirenik, eta hauek zintzoak, ez. AEBek okerreko jendea jarri zuten boterean, eta, hogei urtez, hildakoak eta eskubide urraketak jasan behar izan ditugu. Horrela heldu ziren talibanak boterera, herritarrei esan zietelako gerra jauntxoak kendu eta justizia ekarriko zutela. Baina, orain, aurreko gobernua egiten ari zen gauza bera egiten ari dira.

AEBek hobe izango zuten gerra jauntxoei zilegitasunik eman ez baliete, eta Dohako akordioa sinatu ez balute. Baina berandu da atzera egiteko. Orain AEBek afganiarrei utzi behar diete herrialdea kudeatzen, eta boterea indarrez eskuratu dutenei zilegitasuna ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.