CADIZ 0 - 4 ATHLETIC

Aste Nagusiaren segida

Athletic aise nagusitu zaio Cadiziá. Iñaki Williams, Guruzeta (2) eta Berenger izan dira goleatzaileak. Gainera, Iñaki Williamsi penaltia gelditu dio Ledesmak

Gorka Guruzeta Lehen Mailan sartu duen aurreneko gola ospatzen, atzo Cadizen, atzetik Berenguer eta Lekue dituela. ROMAN RIOS / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: I. Williamsek (17. min.); 0-2: Guruzetak (56. min); 0-3; Berengerrek (78. min); 0-4: Guruzetak (93.min).

Jokoa eta emaitza. Bi gauzak batzeko gai izan zen Athletic Mirandilla Berria futbol zelaian atzo. Partida osoa jokatu zuen Ernesto Valverderen taldeak, eta hasi eta buka nagusi izan zen Cadiz txiki baten aurka. Iñaki Williamsek lehen zatian aurreratu zuen Athletic, eta bigarren zatian Guruzetak sartutako bi golek, eta Berengerren golak osatu zuten festa. Hainbestekoa izan zen nagusitasuna, zuri-gorriek ez zutela faltan bota Williamsek lehen zatian huts egindako penaltia.

Badirudi Europako lehiaketak jokatzea helburua dela argi esateak mesede egin diola Athletici, Valverderen mutilek ondo baino hobeto ekin diotelako txapelketari, aurreneko bederatzi puntuetatik zazpi poltsikoratuta. Gainera, lehenengo hiru jardunaldietan ez dute gol bakar bat ere jaso. Ondo hastea beti da garrantzitsua, oinarri sendoa ezartzeko aurreneko pausoa izaten delako. Bide onean hasi da Athletic. Garaipen honi esker, Ernesto Valverde da Athleticekin garaipen gehien eskuratu dituen bigarren entrenatzailea: 177 lortu zituen Mr. Pentlandek, eta 142 ditu Valverdek.

Hasi eta berehala nagusitu zen Athletic. Hala, hirugarren minutuan iritsi zen zuri-gorrien lehen aukera: Berengerren falta jaurtiketa bere atean sartzeko zorian izan zen Negredo, baina Ledesma atezainaren geldiketak ekidin zuen lehen gola. Eroso zegoenValverderen taldea, nahieran ia, Cadizek ez zuelako inongo arriskurik sortzen. Izan zituen lehen bi aukerak huts egin eta gero, Iñaki Williamsek ez zuen hirugarrenean kale egin. 17. minutuan, Arzamendiak atzera egindako pasea Iñaki Willamsi iritsi zitzaion, keinu on batekin Ledesma gainditu eta baloia sareetara bidali zuen:0-1.

Aurkarien gabeziei, etekina

Nahi eta ezin aritu zen lehen zati osoan Sergio Gonzalezen taldea. Hainbeste, ia zelai erditik igarotzeko gai ere ez zela izan. Markagailuan zuen aldea bikoizteko aukera paregabea ere izan zuen Bizkaiko taldeak, Espinok eskuagatik egindako penaltia adierazi baitzuen 33. minutuan Ortiz Arias epaileak. Iñaki Williamsek jaurtitako penaltia, ordea, Cadizeko atezainak gelditu zuen. Aldageletara, azkenerako, merezitakoa baino sari txikiagoarekin.

Aldgeletatik itzuli ondorengo zatian, lehen aukera Negredok izan arren, Athleticek nagusi izaten jarraitzen zuen. Min hartutako Iñaki Williamsen lekuan zelairatu eta berehala, hiru minutura, Gorka Guruzetak bere aukera baliatu zuen 0 eta 2koa egiteko. Lekueren pasea gaizki kontrolatu arren, aurrelari donostiarrak area ertzetik egindako jaurtiketa indartsuak ezustean harrapatu zuen Ledesma. Guruzetak Atheleticekin Lehen Mailan sartzen duen lehen gola da.

Hirugarrena Berengerrek 78. minutuan sartu zuen, De Marcosek eskuin hegaletik egindako erdiraketa baliatuta. Eta amaitzeko, Sergioren taldeak erabat amore eman zuela aprobetxatuz, Guruzetak bere gaueko bigarren gola sartu zuen neurketako azken minutuan. Berri pozgarri gehiago ere izan ziren, Aitor Paredesek ere lehen taldearekin debuta egiteko aukera izan zuelako. Beraz, Bilboko Aste Nagusiak jarraipena izan zuen Cadizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.