Tokio 2020. Atletismoa

PROBA IZARRA IZATEAR

Gizonezkoetan bezala, munduko marka lortu da emakumezkoen 400 metroko hesidunean ere. Sydney McLaughlin estatubatuarrak egin du. Berak zuen aurrekoa. 44 ehunen hobetu du: 51,90.

Andre de Grasse, garaipena ospatzen, atzo. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Tokioko Olinpiar Jokoetan proba izarra bihurtu da 400 metroko hesiduna. Herenegun Karsten Warholm norvegiarrak egin moduan, munduko marka ezarri zuen atzo Sydney McLaughlin estatubatuarrak: 51,46. Warholmekin gertatu bezala, berak zuen aurreko marka: 51,90. 44 ehunen bizkorrago osatu zuen proba. Buruz buruko polita izan zuen Dalilah Muhammad herrikidearekin. Azken zuzengunean hartu zion aurrea, freskoago zegoela baliatuz. Muhammadek irabazi zuen, hain zuzen, urrezko domina 2016ko Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan eta 2019ko Dohako Munduko Txapelketan.

Zirraragarria izan zen 400 metroko hesiduneko finala. Muhammad indartsu irten zen. Urrea irabazi eta munduko marka berreskuratzeko helburua jarria zion bere buruari. Baina helburuek itsutu egin zuten. Eta, eskarmentu askoz gutxiago izan arren, horretaz baliatu zen McLaughlin. Herrikidearen itzalean joan zen, eta egoki ikusi zuenean jo zuen kolpe erabakigarria. Azken zuzenguneanizan zen. Nahiz eta bederatzigarren hesian estropezu egin, hamargarrenean aurretik jarri zen, eta indartsu amaitu zen. Horrek eman zion garaipena: «Hesi baten faltan, Dalilah nire aurretik zegoela ikusi dut, eta pentsatu dudan bakarra nire lasterketa egitea izan da. Ondo atera zait», esan zuen amaieran McLaughlinek. Zilarra Muhammadentzat izan zen (51,58); eta brontzea, Femke Bol herbeheretarrarentzat (52,03).

200 metrokoan, berriz, Andre de Grasse kanadarra nagusitu zen. 2016ko Jokoetan brontzezko domina bat (100 metrokoan) eta zilarrezko bat (200 metrokoan) kolkoratu ondoren, eta joan den igandean, 100 metrokoan, berriro brontzea irabazi eta gero, De Grassek urrea bereganatu zuen. Inoizko markarik onenen artean zortzigarrena egin zuen: 19,62. Zilarrezko domina, berriz, Kenneth Bednarek estatubatuarrarentzat izan zen (19,68), eta brontzezkoa, haren herrikide Noah Lylesentzat (19,74).

Hain zuzen ere, Lyles zen faboritoa proba irabazteko. Izan ere, egungo munduko txapelduna da. Harena zen urteko markarik onena ere atzo arte: 19,74. Hori gutxi balitz bezala, ez zuen 200 metroko lasterketa bat galdu duela bi urte pasatxotik.

Ezustea 3.000 metrokoan

Atzo jokatutako beste finaletan,3.000 metroko oztopodunetan, ezustea eman zuen Peruth Chemutai ugandarrak. Aurrea hartu zien ustez faborito ziren Beatrice Chepkoech kenyarrari, Gesa Felicitas Krause alemaniarrari eta Courtney Frerichs estatubatuarrari. Lasterketa motela izan zen. Helmugarako bi itzuli eta erdi falta zirela, erritmoa areagotu zuen Frerichsek, munduko txapeldunordeak. Lasterketaren burua hartu zuen, Chemutai metro batzuk atzerago zuela. Iritsi ziren azkeneko itzulira, eta ugandarra aldea txikitzen hasi zen, pixkanaka-pixkanaka. 250 bat metro falta zirela harrapatu zuen estatubatuarra, eta erasoa jo zuen. Frerichsek ezin izan zion eutsi, eta, berriro, zilarrarekin konformatu behar izan zuen. Garaileak 9.01,45eko denbora egin zuen, eta bigarrenak, 9.04,79koa. Brontzea, berriz, Hyvin Jepkemoi kenyarrarentzat izan zen: 9.05,39.

800 metrokoan, Emmanuel Korir kenyarrak irabazi zuen urrezko domina: 1.45,06. Mailu jaurtiketan, berriz, Wojciech Nowicki poloniarrak: 82,52 metro.

Bestalde, Allyson Felix estatubatuarra 400 metroko finalerako sailkatu zen. Bederatzi domina irabazi ditu Jokoetan, eta aukera du Carl Lewis herrikidearekin berdintzeko. Bihar lehiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.