GERNIKA 79 - 78 GORZOW
Polonian erabakiko da

Markagailua.22-16, 41-37 (atsedenaldian); 57 eta 79-78. Puntu gehien. Gernikako Sandra Ygueravidek (29) eta Gorzoweko Alanna Smithek (23).
Maloste bisitatzen duten taldeek sufritu egin beharko dutela erakutsi du sasoi honetan Gernikak, eta atzo ere hala izan zen. 79-78 irabazi zuten bizkaitarrek Eurokopako lehen kanporaketako joaneko partidan, sasoi honetan partida bakarra galduta zegoen Gorzowren aurka. Asteazkenean jokatuko dute itzulerako partida.
Hasieratik izen bat nabarmendu zen gainerakoen gainetik: Sandra Ygueravide. Antolatzaileak lehen erasotik hartu zuen Gernikako taldearen gidaritza, eta, antolatzen ez ezik, asko asmatu zuen saskiaren aurrean. Zazpi hiruko sartu zituen guztira, eta 29 puntu sartu zituen. Hori baliatu zuen Gernikak lehen zatian bi aldiz bederatzi punturen aldea lortzeko, baina Gorzowk berean jarraitu zuen.
Antolatzaileak berak BERRIAri aitortu zion Poloniako taldea ezagutzen zutela, eta argi zeukatela zein jokalari gelditu behar zituzten. Helburua, ordea, oso zaila zen. Alanna Smithek, Chantel-Anais Horvatek, Tilbe Senyurekek eta Lindsay Allenek erakutsi zuten goi mailako jokalariak direla, eta gogotik egin behar izan zuen lan Gernikak Poloniako taldearen izarrak gelditzen ahalegintzeko.
Poloniarrek ondo prestatu zuten partida, eta argi ikusi zuten zein zen Gernikaren ahulgunea. Hasieratik bilatu zuen Gorzowk taula azpiko jokoa, eta min handia egin zuten Allenek eta Senyurekek. Bi baten aurkako defentsa egiten ahalegindu ziren gernikarrak, baina Senyurekek ederki baliatu zituen bere 189 zentimetroak. Zazpi errebote hartu zituen erasoan Gorzowk, eta hainbat puntu sartu zituen bigarren aukerak baliatuta.
Lau punturen aldearekin iritsi zen Gernika bigarren zatira, eta oso parekatua izan zen. Gorzowk ez zuen plana aldatu, eta gernikarrak saskitik gertu zigortzen jarraitu zuen. Gernikak nahikoa lan izan zuen Smith eta Senyurek gelditzen, baina erasoan ausart aritu ziren. Ygueravidek ederki eraman zuen partidaren erritmoa, eta Andrijana Cvitkovic eta Gabija Meskonyte asmatzen hasi ziren.
Berdinduta sartu ziren azken bost minutuetan, baina poloniarren jokalari onenek eskarmentua erakutsi zuten amaieran, eta bisitariak lau punturen aldearekin iritsi ziren azken minutura. Bazirudien Gernikak puntuen aldeari begiratu beharko ziola, baina Ygueravide azaldu zen, beste behin. Barnekaldi batekin bi puntura gerturatu zituen etxekoak, eta hurrengo jokaldian Cvitkovicek hiruko batekin aurretik jarri zuen Gernika, hamar segundoren faltan. Valentziarraren pase batek mugiarazi zuen kanpotarren defentsa guztia.
Alde hori handitzeko aukera izan zuen Gernikak, baloia lapurtu baitzuen, baina Cvitkovicek ez zuen asmatu. Hortaz, Polonian erabakiko da kanporaketa.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.