Qatarko Munduko Kopa. ALEMANIA 1 - 2 JAPONIA

Aulkitik irabazitakoa

Japoniak txapelketako bigarren ezustea eman du, Alemaniari irabazita. Atsedenaldian hautatzaileak egindako sistema aldaketa funtsezkoa izan da

Hajime Moriyasu Japoniako hautatzailea, atzo, Alemaniaren aurkako partidan. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
IƱaki Berastegi - Ainara Arratibel Gascon
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gundoganek (32. min.). 1-1: Doanek (74. min.). 1-2: Asanok (82. min.)

Ezustekoa Dohako Khalifa International futbol zelaian. Munduko Kopa honetako bigarren sorpresa handia Japoniak eman zuen atzo, Alemania 1-2 menderatuta. Hansi Flicken taldea nagusi izan zen lehen zatian, baina, sistema aldatu ostean, bigarren zatian beste itxura bat eman zuen Hajime Moriyasuren selekzioak. Oldarkor aritu zen, eta hamar minutuko tartean Gundoganek lehen zatian sartutako gola irauli zuen, Ritsu Doanen eta Takuma Asanoren golei esker. Aurrez, Alemaniak neurketa erabakitzeko hiru aukera on huts egin zituen, eta azken minutuetan Goretzkak beste bat.

Ikusi gehiago:EMAITZAK ETA SAILKAPENAK

Ondo eutsi zion Japoniak Hansi Flicken taldeari lehendabiziko minutuetan. Presioa zelai erditik atzera egin zuen Hajime Moriyasuren taldeak, baina, horren truke, barrutik jokatzea asko zaildu zion Alemaniari. Pixkanaka, ordea, bere burua are eta atzerago sartzera behartuta ikusi zuen Asiako selekzioak, eta alemaniarrak erraztasun handiagoaz ailegatu ziren area ingurura. Joshua Kimmichen oinetan lehen aukera, baina Bayern Municheko erdilariaren jaurtiketari erantzun ona eman zion Gonda atezainak.

Jamal Musialaren eta Kimmichen mugimenduak ahaztu gabe, Daniel Raum ezker hegaleko jokalariak emandako sakontasunak eta zabaltasunak sortu zizkion zailtasun gehien Japoniari. Halako batean, Kimmichen pase on bat aprobetxatuta, sukalderaino sartu zen Leipzigeko atzelaria, eta Gonda atezainak penaltia egin zion. Gola, Gundoganek: 1-0, 32. minutuan. Alemaniarrak, aparteko erakustaldirik eman gabe, oso nagusi izan ziren lehen zatian.

Partidaren norabidea aldatzeko asmoz, Moriyasu hautatzaileak sistema aldatu zuen atsedenaldian: Take Kubo kenduta, Alemaniaren gisara, hiru erdiko atzelarirekin jokatzera igaro zen Japonia. Asmatu egin zuen, aldaketa horri esker Japoniak nabarmen hobera egin baitzuen. Halere, Musialak, Gundoganek eta Gnabryk bigarrena sartzeko aukera on bana izan zuten.

Japonia, ordea, ez zen kikildu, eta erasoan segitu zuen. Ahaleginak, gainera, sari handia izan zuen. Aurrena, 74. minutuan Itoren jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Manuel Neuer atezainak, baina, ondoren, minutu eskas bat geroago, ezin izan zuen ezer egin Ritsu Doanen golean: 1-1. Eta asiarrak ez ziren horrekin konformatu. Takuma Asanok irauli zuen markagailua, 83. minutuan, sakonean jasotako pase luze bat bikain aprobetxatuta. Sistema aldaketarekin ez ezik, Tomiyasu hautatzaileak zelairatu zituen jokalari guztiekin asmatu zuen. Azken minutuetan atzean sartu behar izan zuen Asiako selekzioak, eta Leon Goretzkak gertu izan zuen berdinketaren gola.

E multzoko beste neurketan, Espainiak aise hartu zuen mendean Costa Rica: 7-0. Dani Olmok, Asensiok, Ferran Torresek (2), Gavik, Carlos Solerrek eta Moratak sartu zituzten golak. Espainia nagusi izan zen. Pedri eta Gavik gidatuta, ohikoa duen joko landua egin zuen, baloia asko ukituz. Horri eraginkortasuna gehitu zizkion atzo, nahiz eta aurrelari petorik gabe jokatu.

Lehen ordu erdian hiru gol sartu zituen, eta ia erabakita utzi zuen neurketa. Gainera, atzean ez zuen hutsik egin. Costa Rica makal aritu zen. Etengabe baloiaren atzetik korrika ibili zen, eta apenas lortu zuen jokaldirik lotzea. Sufrikarioa izan zen partida harentzat. Espainiak golak sartu ahala, Costa Rica Japoniaren aurkako partidan hasi zen pentsatzen. Unai Simon eta Cesar Azpilikueta hasieratik aritu ziren, eta Nico Williams bigarren zatian zelairatu zen.

Kroaziaren ezina

F multzoan, hutsean berdindu zuten Marokok eta Kroaziak. Aurreneko minutu eroak gaindituta, munduko txapeldunordea nagusi izan zen joko zelaian, baina ez zuen gol aukerarik sortu ia. Luka Modric ohi bezain ondo aritu zen, baina taldekideak ez ziren haren mailara gerturatu. Nikola Vlasicek izan zuen neurketako gol aukera argi bakarra, baina Yassine Bounou atezainak berdinketari eutsi zion geldiketa on bati esker.

Maroko hainbestean aritu zen, erasoan gehiegi sortu gabe; Achraf Hakimiren jaurtiketa bat izan zen afrikarren aukera arriskutsuena. Ez Abde Osasunako jokalariak 25 minutuz jokatu zuen, eta Ante Budimirrek, aulkitik ikusi zuen neurketa.

Bestalde, Belgikak aparteko distirarik gabeko garaipena lortu zuen Kanadaren kontra. 1-0 irabazi zuen. Batshuayik sartu zuen gola, Vertonghenen pase luze bat baliatuz, atsedenaldia iristear zela. Kanadako izarrak, Alphonso Daviesek, penalti bat huts egin zuen aurretik. Bigarren zatian ez zen aparteko aukerarik izan. Belgikak, baloiaren jabetza baliatuz, errentari eutsi nahi izan zion, eta Kanadaren presioak behera egin zuen nekea pilatuz joan ahala, eta ezin izan zuen berdindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.