Idazlearen eskaintza «banpirozaleei» eginda dagoela jakinik, erraz koka genezake liburu honen zer-nolakoa. Genero narrazioa dugu, hamazazpi ataletan banatua, eta ilustraziorik gabea.
Esan genezake irakurketa errazeko obra dela; halako eran, non eska genezakeen ezaugarri (ia) bakarra eraginkortasuna den; alegia, istorioa espero bezala gara dadila, pertsonaia zintzoen eta gaizto antagonisten arteko borroka betean, informazioaren kudeaketa inteligente batekin, irakurleak senti dezan jakin-mina amaiera arte.
Eta lortu duela ematen du. Baina, ez guztiz. Irudipena daukat esperientzia gabeko irakurleek gozatu handiagoa hartuko dutela, generoak eskaintzen dituen baliabideetan ez delako ez berritzailea, ezta apurtzailea ere, eta bat gehiago izatearen sentsazioarekin amaituko du halakoen irakurketan aritua denak.
Dena den, ekarpentxo interesgarria egiten duela iruditu zait, hain zuzen, zintzo-gaizto dikotomian eta, ondorioz, banpiroen izaeran. Moral kontuak direnez, ez da espero denen asegarri izatea, baina bederen idazleak berearen bidez gaur egungo pentsaeren artean txertatzeko arriskua hartzen du, eta eskertzekoa da.
Haur eta gazte literatura. 'Banpiroen hiria'
Banpirozaleei
Egilea: Aitor Arana. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu