Lehertu egin da eskola garraioaren auzia. Garraio enpresak esaten ari ziren zerbitzua kolokan zegoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta, azkenean, atzo arratsaldean hartu zuten erabakia: eskola garraioko enpresa batzuek gaur ez dute zerbitzurik emango Araban eta Bizkaian. Erabakiak eskola publikoetako 10.000 ikasle ingururi eragingo die.
Aurretik dator auzia. Iazko ikasturte hasieran ere ezbaian egon zen zerbitzua, baina enpresek ematea erabaki zuten azken orduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak % 24,1eko igoera ezarri baitzuen. Alabaina, berriro itzuli dira arazoak. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen urtearen hasiera aldera, eta lehiaketan ateratako 467 ibilbideetatik 387 geratu ziren hutsik. Egoera ikusita, Hezkuntza Saila aurreko ikasturtean ibilbide horiek egin zituzten garraio enpresekin jarri zen kontaktuan, eta galdetu zien prest egongo ote liratekeen ordura arteko baldintzetan lan horiek egiteko. Emaitzak jasota, ibilbide ia denak (%98) esleituta daude Gipuzkoan, baina %17 esleitu zituzten Araban, eta batere ez Bizkaian. Horiek horrela, Jaurlaritzak ostiralean iragarri zuen eskola garraioko enpresak ibilbide denak egitera behartuko dituela, agindu baten bidez. Gainera, adierazi zuten enpresak legez kontra jardun izanaren susmoa dutela; «administrazioaren kontu etekin handiagoa lortzeko helburuz». Hezkuntza Sailak Fiskaltzara joko duelaesan zuen.
Atzo argitaratu zen enpresak zerbitzua ematera derrigortzen dituen agindua, eta garraio enpresek helegiteak jarriko dituzte haren kontra. Hezkuntza Saileko iturriek nabarmendu dute EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindua «agindu legala» dela eta enpresak behartzen dituela zerbitzua ematera: «Horren kontrako helegiteak jarri ditzakete, baina zerbitzua eskaini behar dute». Hala egin ezean, ohartarazi dute ondorioak egon daitezkeela: «Zerbitzua ez eskaintzeko erabakia hartzen badute, beraiek jakingo dute non sartzen diren, legeak jasotzen baitu zer zigor edo neurri hartu behar litzatekeen derrigorrezkoa den arau bat betetzen ez denean».
Eskola garraioko zerbitzuak ez dira guztiz beteko gaur Bizkaian eta Araban
Hainbat enpresak jakinarazi dute ez dutela zerbitzurik emango. Ikastetxe publikoetako 10.000 ikasle ingururi eragingo die erabakiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu