Euskalgintzaren Kontseiluak 25 urte

Eskisabelek adostasuna eta «letra larriko politika» aldarrikatu ditu

Euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari» lotutako auzia dela adierazi du idazkari nagusiak, eta aurreratu du balio horiekin bat egiten duten guztiekin ados jartzea izango duela xede.

Kontseiluko kide diren eragileetako ordezkariak, atzo, Durangoko San Agustin kulturgunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Aperribai.
Durango
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Gure kezka eta beldurrek eraginda, geure burua babesteko xedez, askotan aipatu eta bultzatu dugun ideia da euskarak politikatik at behar duela. Nago ideia hori itzulikatu behar dugula, eta esan euskarak zerbait behar badu, politika dela, baina letra larriz idatzitako politika, desberdintasunen gainetik interes orokorra, euskararen biziberritzea, jarriko duen begirada zabaleko eta goi arnasdun politika». Hala amaitu zuen Idurre Eskisabelek Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusi karguan egin zuen lehen hitzaldia. Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian egin zuen, atzo, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia), erakunde hori aurkeztu zuten leku berean.

Bere eskutik Kontseiluak zein «zutoin» izango dituen garbi azaldu zuen idazkari nagusi berriak: adostasun soziala, ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoak sortzea. Adostasunean «sakontzea» helburu izango duela nabarmendu zuen; bai euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, bai «beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten arren justizia eta kohesio soziala helburu dituzten eragile eta norbanakoekin». Hain zuzen, hizkuntzen auzia eta euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaizkion auziak» direla esan zuen.

Kontseilua osatzen duten eragileetako kideen, ordezkari instituzionalen eta gizarte eragileetako ehunka lagunen babespean hartu zuen Kontseiluko gidaritza Eskisabelek, eta, hain justu, publikoan zeudenetako asko bana zitezkeen euskalgintzak eta Kontseiluak duela 25 urtetik gaurdaino izan dituen aro desberdinetan. Eskisabelek ere egin zion keinu «ziklo aldaketari». Eskertzatik, batetik, eta bereziki nabarmenduta «gure etxeko genealogia euskaltzalea»: «Euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garai haietan, orduan ere ez zuelako etsi. Eta ahal zuen bezala eta ahal zuen guztietan atera zuelako handik ur gazi bat, tanta bat, eta eskura eman zigulako. Hain zuzen ere, beste milaka etxetan bezala, eguneroko ekin tematsuz, euskararentzako itsaso bat osatu arte». Aipamen berezia egin zion gaur arte orain bera dagoen karguan izan den Paul Bilbaori ere. Hainbat «enbatatan» lemari eutsi ez ezik, «itsaso berriak non zeuden sumatzeko gai» ere izan da Bilbao, Eskisabelen esanetan, baita Kontseilua noranzko horietan jartzeko ere.

«Gurpil zoroan» bueltaka

Bestetik, aipatu zuen euskalgintzako kideak aspalditik ari direla «aro berri baten iragarpenean», euren buruak «biribilgune batean bueltaka», «gurpil zoroan» irudikatzeraino. Edonola ere, egon badago aro berri baten premia, Eskisabelen ustez. «Munduaren aldaketa abiadura inoiz ez bezala azeleratu da azken bi hamarkadetan, eta, euskarak iraungo badu eta euskaraz garen jendeok bizitza bizigarririk izango badugu, orain arteko tresna, apareju eta nabigazio kartak jada ez zaizkigu baliagarri», ohartarazi zuen. Aro berriak, baina, mugarri finkoak baino gehiago beharko du «jario etenik gabeko lan isila», haren arabera.

«Enbatak», baina, ez dira nolanahikoak, gogorarazi zuenez, eta horietako zenbait zerrendatu zituen; besteak beste, euskarak ez duela estatus ofizialik bere lurraldearen zati handi batean, eta duen lekuetan «Espainiako botere judizialaren forman» iritsi dela euskaldunen kontrako «oldarraldia». Digitalizazioaren eta merkantilizazioaren ondorioz hizkuntzekiko harremana aldatzen ari dela ere azaldu zuen, eta horrek kalte egiten diela «gutxiagotasun egoeran» dauden hizkuntzei, hegemonikoen mesedetan. Hizkuntza gutxituen alde egitea «hautu» bat dela akordarazi zuen, eta, horri lotuta, azpimarratu zuen hautu hori egiteko behar dela «motibo» bat: «Hizkuntza horiek funtzionalitatea behar dute, baina, funtzionalitatea ez ezik, balio sinboliko handi bat ere bai. Balio horiek ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu, eratu eta sustatu egiten dira».

Eskisabelen lehen hitzak izan ziren horiek kargu berrian, baina, aurretik, Bilbaok bere azkenak egin zituen kargu berean. Kontseiluaren eskertza gisa, oroigarri bat jaso zuen, eta dantza ere egin zioten, eta, hala, hunkituta hartu zuen hitza. Hark ere omendu zituen hiru lagun, Kontseiluaren ibilbidean kide izandakoak: Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Auzmendi eta Isidro Ioldi. «Zaudeten lekuan zaudetela, jakin Kontseiluak bizirik jarraitzen duela».

Kontseiluan egindako azken hamabi urteak «intentsitate handikoak» izan direla aitortu zuen Bilbaok, baina gaineratu euskararen berreskurapen prozesuak behar duela «intentsitatea». Baita prozesu hori «azkartzea» ere: Alde horretatik, Kontseilua «ongi posizionatuta» ikusten du.

Bilbaoren azken eskaerak

Kargua hartu zuenean egindako eskariei keinu egin zien Bilbaok, bestalde. Ordukoetatik abiatuta, berritu egin zituen eskeak. Euskalgintzari eskatu zion jarraitzeko sinesten «indar metaketan»: «Gure arteko loturak zenbat eta trinkoagoak eta sendoagoak izan are gehiago eragingo dugula barneratu behar dugu». Eragile sozialei, berriz, jarrera eskertu zien: «Etxeko lanak bete dituzue. Orduan eskatzen genizuen urrats bat egiteko aurrera, eta halaxe ari gara, aliantza berriak eraikitzen. Hortaz, jarraitu horrela». Interpelazio zuzenena, beraz, eragile politiko eta instituzionalei egin zien. Eurekiko harremanak hobetu direla aitortu zuen, baina eskatu zien erreparatzeko Kontseilua eragile sozialekin egiten ari den bideari, eta horretara batzeko: «Hori balekoa izango zaizue, benetan, jauzia egiteko. Eta, berandu baino lehen, zuek ere lotu adostasunetara».

Beste eskaera bat ere egin zien; aldi horretan, denei: «oldarraldi judizialari» elkarrekin erantzutekoa. «Aldarrika dezagun badagokigula hizkuntza politika inolako esku hartzerik gabe egiteko eskubidea», adierazi zuen.

Kontseiluaren lehen idazkari nagusi Xabier Mendigurenek ere hartu zuen parte ekitaldian. Euskalgintzako eragileen bilgunearen lehen urteak gogora ekarri, eta Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko lana bateratzen egindako ekarpena goratu zuen. «Trinkotze» bat ekarri zuen, haren arabera: «Talde txiki asko elkartu egin ziren, zeregin txiki asko metatu egin zen, eta horrek indarra eta segurtasuna ematen zigun aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.