Andoni Imaz.
Donostiako 70. Zinemaldia. Sari banaketa. ANALISIA

Film helduak eta aktore gazteak

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Laura Morak gazteriaren saria irabazi zuen orain bost urte Donostiako Zinemaldian, eta helduen saria atzo. Adierazgarria da: bere ibilbidea thriller lazgarri batekin hasi zuen zinemagileak, eta bigarren film luzean erakutsi du gordintasuna bateragarria dela poetikotasunarekin, eta abiapuntu errealista eta konprometitu bat gainditu eta hedatu daitekeela irudi esanguratsuen bidez —ederrak, baina ez itsugarriak—. Estimatzeko modukoa da epaimahaikideek haren begirada heldua saritu izana, eta, egia esanda, justua ere bai.

Epaimahaikideen lana kritikariona bezain tranpatia da, gehienetan ondorioak eta epaiak ematen direlako irizpideak eta tresna analitikoak esplikatu gabe. Horregatik, purrustada batek beteko ahal du sariek Sail Ofizialeko bi film gaileni utzi dien hutsunea: Hong Sang-sook beste film txiki batekin (Walk Up) jarraitu du osatzen inoiz agortzen ez den bere unibertso handia, eta Fernando Francok La consagración de la primavera aparta eman du, filmik, zuzendaririk, gidoirik eta aktorerik onenen sarirako hautagai indartsua.

Aurtengo Sail Ofiziala balekoa izan da, erdipurdikoa maiz, baina balio izan du erakusteko, zorionez, zinemagile batzuk tematuta daudela beren estiloa aldiro zorrozten, eta film bakoitzerako bide berriak saiatzen (Hong, Franco, Pilar Palomero, Jaime Rosales, Marco Martins); eta, batez ere, badaudela begirada berri batzuk, aintzat hartzeko modukoak: besteak beste, Frelle Petersenen neurritasuna (Resten af livet), ezbeharrek eta heriotzak eragindako gorabeherako emozionalak neurritasunez lantzeko orduan, eta Mikel Gurrearen eskarmentua (Suro), apaingarririk gabeko narrazio sendo bat osatzeko. Alde horretatik, bereziki poztekoa da epaimahaikideek Runner nabarmendu izana, Marian Mathiasen opera prima Sail Ofizialeko lanik interesgarrienetako bat izan baita.

Hortik beherako sariak harrigarriagoak dira. Genki Kawamuraren eszenaratzea eta estilizazioa aipagarriak dira, baina ez dakit zuzendaririk onenaren saria ez ote den gehiegitxo. Halere, zailagoa da ulertzen Kong Xiu-ren (A Woman) gidoi apala eta Pornomelancolía-ren argazki laua saritu izana.

Eta bitxia da, era berean, hiru aktore gaztetxo saritzea; batez ere, Renata Lerman —uste dut denok behar izan ditugula segundo batzuk nor den gogoratzeko—. Carla Quilez eta Paul Kircher ondo aritu dira rol protagonistan, baina pisuzko hautagaiak zituzten parean: Beatriz Batarda, Anna Castillo, Vicky Luengo...

Quilezek haren amari eskaini dio saria, eta, kontuak ateratzen hasita, amatasuna izan da aurtengo gai nagusietako bat Sail Ofizialean, zuzenean nahiz zeharka (La maternal, Girasoles silvestres, Kong Xiu, The Wonder, Suro), baita dolua ere (Resten af livet, Le lycéen, The Wonder). Eta aipatzeko modukoa da nola gai ezin garaikideago batek, pandemiaren ondorengo ziurgabetasunak, aurkitu dituen zirrikitu batzuk zenbait filmen barrutik gaurko munduaren ispilu izateko; Girasoles silvestres-en eta Le lycéen-en, adibidez.

Zinema bera, Los reyes del mundo bezala, inora ez doan bidaia bat da; eta, hala ere, aldiro asmatzen du bere burua —eta ikusleak— helduago bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.