HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua'

Jolas narratiboa

Idazlea: Koldo Izagirre. Ilustratzailea: Irrimarra. Argitaletxea: Elkar.

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zer pentsatua ematen du Izagirrek eta Irrimarrak sinatutako bilduma honek.

Dagoeneko sei ale argitaratuta dituztelarik, pare bat kontu bederen esan daitezke, hartzen ari den norabidea finkatuxea dutela dirudi-eta. Hain zuzen ere aurrekoak irakurri gabe nekez ulertzen baitira ondorengoak.

Beraz, jarraian aipatutakoak bildumako ale guztientzat dira baliagarriak, Kutixiren mehatxua den seigarren honi begira idatzi badira ere. Ez da inondik ere obra sailka erraza, ez artez ezta moldez ere, eta honegatik bakarrik jada interesgarria bihurtzen da. Testuek ez dute narratzailerik, guztia, irakurgarri den guztia, elkarrizketak dira. Gerta liteke —askotan gertatzen zaigu— pentsatzea testua poesia hutsa dela, nahastu egiten baitzaizkigu irakur moldeak.

Istorioa kokatzen lagunduko liguken kontalariaren mintzorik gabe, testuinguru iheskorrean jasotzen ditugu pertsonaien esanak, irakurketa samurtuko luketen etenik edo markatzailerik gabe, narrazio bisualaren menpe. Irudipen honen alde esan beharra dago testua errimatua dela, maizenik, eta boz gora esateko erritmo berezkoa erakusten duela.

Gainera, testuaren afera kiribiltze aldera, zenbaki gehienetan kantagintzari egiten zaizkio erreferentziak, dela Oskorri edo Benito Lertxundi, dela kantutegi tradizionalekoak, dela nik harrapatu ez ditudan makina bat.

Funtsean hain harritzekoak ez diren kontuak guztiak, batik bat Izagirrek bere obran zehar (Metxa, Anton Kaiku, Dumitru...) erakutsitako joeren garapen naturala diruditelako: ispilu lana egiten duten pertsonaiak, ahozkotasunaren garrantzia, kritika soziala, surrealismo ukitua... Gakoa, beraz, Koldo Izagirreren obra ezagutzea da.

Edo gakoetako bat, zeren, albumetan irudigintzak izaten baitu bere partea, irakurketa burutzeko ezinbestekoa gertatu ohi dena.

Eta honek garamatza albumen irakurketak hasiberriengan maiz sortzen duen ezin ulertu batera: albumetan ilustrazioa irakurri egiten da, irudigintzak duen zereginetako bat kontaketaren eragile izatea baita. Gainera, obra honetan garden gertatzen da ilustrazioaren irakurketa, idatzizko testuak burutu gabe utzitako narratzailearen papera irudiek hartzen dutelako.

Zenbaki desberdinetako azalek iradokitzen duten gisan, ilustrazio erraza eskaintzen zaigu: kontraste handiko koloreak, forma borobildu gozoak, kolore masa handiak, hondo neutroetan ezarritako irudi batik bat humanoak, paisaia urbanoa —agertzen denean— ezaugarri primarioenetara ekarrita. Eta ezaugarri hauen parean jolas narratiboa gauzatzeko baliabide grafikoak agertzen dira: perspektiba ezohikoak; plano orokorrak zein lehen plano oso gertukoak; proportzio eta bolumen behartuak.

Guztiarekin Irrimarraren lana kontakizunaren ardatz bilakatzen da, irakurlearen helduleku nahitaezkoa, istorioaren pausoak estropezu egin gabe jarraitu nahi badira. Haren inguruan, kantu jostalari bat balitz bezala, testua dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.