DSBEaren legea, berriro aztergai

Bihar dute lehen bilera Jaurlaritzak eta EH Bilduk. Lopezen %7ko murrizketa bertan behera uztea baldintza gisa jarri du koalizioak

Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ia zazpi hilabetez hozkailuan egin ondoren, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreformari ekin dio berriro Eusko Jaurlaritzak. Oposizioko hiru taldeekin hitz egin nahi duela iragarri du,boto baten beharra baitu Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSEren proposamenak aurrera egin dezan. Bihar dute lehen hartu-emana EH Bildurekin.

Eztabaidari «modu arduratsuan» eta «adostasun zabala lortzeko asmoekin» ekingo diola iragarri zuen atzo Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak. Baina, aldi berean, argi utzi zuen koalizioak ez dizkiola gauzak errazak jarriko EAJ-PSE bikoari. Izan ere, Patxi Lopezen garaian DSBEaren zenbatekoari ezarri zitzaion %7ko murrizketa bertan behera uztea baldintza gisa jarri dio. Jeltzaleen eta sozialisten lege proposamenak gutxieneko soldatatik bereizi nahi du ordaina, eta eguneratzeko erabakia urtero aurrekontu orokorren bidez finkatu nahi du.

Joan den udaberrian erreforma negoziatzen aritu ziren Jaurlaritza eta EH Bildu, baina ez zituzten jarrerak asko gerturatu. EAJ eta PSE iritsi ziren beren proposamena Legebiltzarrean aurkeztera, baina ikusita ez zuela beste inoren babesa jasoko, atzera bota zuten. «Oposizioak eskatuta» egin zutela argudiatu zuten jeltzaleek eta sozialistek; behartuta egin zutela erantzun zion oposizioak.

Zerga bilketa gogoan

Berriro porrot egiteko aukera dagoela gogorarazi zion atzo Kortajarenak Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuari. «Murrizketen eta baldintzen gogortzearen politikak alde batera utzi behar ditu», eta DSBEaren banaketak gertatu diren «akatsak» zuzendu.

Errenta berritzea «premiazko» dela onartu zuen Kortajarenak, eta baldintzak betetzen direla erreforma bat adosteko. «Ez genuke ulertuko gobernuak aukera ez baliatzea, azken urteetan zerga bilketa handiena lortu denean, eta pobrezia egoerak daudenean».

%7ko murrizketa bertan behera uztea da Elkarrekin Podemosen helburua ere, eta ildo horretan doan lege proposamena egin du Eusko Legebiltzarrean.

PPrekin ere hasi ditu negoziazioak Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.