Euskal kulturaren korapiloak

Euskal kulturaren gabeziez eta erronkez aritu dira Imanol Agirre, Itziar Nogeraseta Kirmen Uribe Sabino Arana Fundazioak Bilbon antolatutako jardunaldian

Kirmen Uribe eta Itziar Nogeras, atzo Bilbon antolatutako topaketan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Euskarari eta euskal kulturari beste soineko bat, beste itxura bat eman behar zaio. Erakargarria, modernoa eta ideia bat duena. Ez da bakarrik estetika kontua, etika bat ere bada». Kirmen Uriberen hitzak dira. Idazlearen esanetan, gazteriak, oro har, euskara ez du gozamenarekin lotzen, baizik etahezkuntzarekin eta derrigorrez ikasi beharreko gauza instrumental batekin. Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera 2026. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleriaren 40 urtetik beherakoen %80 euskal hiztunak izango dira. Baina, bestalde, ikerketa ber horrek dioenez, erabilera eta zabalkundea dira euskararen ahulezia nagusiak.

Sabino Arana Fundazioak Euskal kultura XXI. mendean. Eten gabeko eraberritzea izeneko jardunaldia antolatu zuen atzo Bilbon. Euskal Herriko hainbat kultur alorretako hainbat kide bildu ziren mahai zabal baten inguruan. Euskal kulturaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz solastatzeko. Imanol Agirre Loraldia euskal kulturaren jaialdiaren sustatzailea, Itziar Nogeras Elhuyar fundazioko zuzendari eta Donostia 2016ko zuzendari nagusi izandakoa eta Kirmen Uribe idazlea izan ziren hizlari. Bakoitzak gaiari buruzko bere analisia egin zuen, mahai inguruari paso eman aurretik.

Agirrek Loraldia jaialdia aurkeztu zuen: «Berau kartografiatuz, euskal kulturaren hainbat ahulezia eta indargune plazaratzen direlako». Euskal kulturaren bilakaera kate bat dela adierazi zuen, eten ez den kate bat, eta Loraldia katebegi bat dela. «Euskal kultura bazterretik erdira ekarri nahi duen ekitaldia». Jaialdiaren abiapuntua zein izan zen azaldu zuen, eta iraganari erreparatuz, euskal kulturaren ibilbidean mugarri izan diren hiru ikuskizun aipatu zituen. Horretarako, «bere esperientzia pertsonal-emozionalean» oinarrituz: 1975ean Laboak eta Artze anaiek ondutako Ikimilikiliklik. 1986ko Harrizko Aresti hau. Eta urte bereko Henry Bengoa Inventarium. «Hiru ikuskizun historiko hauetan euskal arteak, euskal musikak eta euskal literaturak bat egiten zuten. Hiru mugarri dira. Eta gure jaialdiak atzera begiratu behar du geroari begira jartzean».

Euskal kulturgileek aspalditik salatzen duten desorekaren inguruan ere mintzatu zen Loraldia jaialdiaren zuzendaria. «Euskal kulturaren partida udazkenean jokatzen da eta Mundialitoa Durangon da. Sortzaileak, halabeharrez, udazkenari begira daude euren lanak plazaratzeko». Desoreka orekatzearen ahalegin horretan, «Loraldia euskal kulturaren udaberriko itsasargia pizteko jaialdia» dela esan zuen. Eta bere helburuak ikusgarritasuna, transmisioa eta profesionaltasuna lantzea eta lortzea.

Bide batez, 2016ko Loraldia apirilaren 9tik 24ra ospatuko dela aurreratu zuen. «Hiru asteburu izango dira, guztira 60 artista eta 25 ikuskizun, Bilboko zazpi antzokitan banaturik».

Euskal kultura ikuspegi zabalago batetik aztertu zuen Itziar Nogerasek: «Globalizazioaren kulturan guztiz murgilduta eta berorren aukerez eta mehatxuez inguratuta, testuingurua konplexua, zatikatua eta determinatzailea da oso. Erronka lodiak planteatzen dizkiona edozein kulturari. Eta zer esanik ez estaturik gabeko eta errealitate sozial, juridiko eta politiko desberdinen baitan dagoen kultura minorizatuari».

Horregatik, sortzaileen, kultura eragileen, kultura politikarien, eragile ekonomikoen, ikerlarien eta hiritarren arteko komunikazioa eta elkarlana inoiz baino beharrezkoagoak direla nabarmendu zuen. «Elkarren artean oinarrizko adostasunak lortuz, eta erantzukizunez jokatzen duen kulturgintza aldarrikatuz».

Euskal kulturaren erronkak irmokizerrendatu zituen: konpromisoa, euskarari buruzko diskurtso berritua, akordio soziala, industria sendo bat, sortzaileen profesionalizazioa, transmisioa, ikusgarritasuna, lurralde mailako sarea eta nazioartekotzea.

Txikitasunaren etika

Kirmen Uribe ados agertu zen Agirrek eta Nogerasek esandako guztiarekin. Eta zenbait zehaztapen eta kritika egin zituen. Sarritan «mokoka» ibiltzen diren erakunde, alderdi, herri mugimendu eta sortzaileek elkarrekin lan egin behar dutela ohartarazi zuen, euskararen estatusa inolaz erezalantzan jarri gabe.

Alde horretatik, erakundeen babesarekin sortzaileen lana duindu beharra azpimarratu zuen Uribek: «Gure artista bat erreferente bihurtzeko, profesionalizazioa behar da, baita bere nazioartekotzea lortzeko ere».Profesionalizatzeko aukerarik apenas dagoenez, euskal sortzaile asko kulturarekin «jolasten» ibiltzen direla aipatu zuen.

Munduaren aurrean, konplexurik gabe sortzaileek euskal tradizioa balioetsi behar dutela defendatu zuen: «Ez dugu inorekin konparatu beharrik, garen modukoak izan behar dugu. Hainbat urtean zapalduak izan arren, hizkuntzari eutsi diogu, eta hazi egin gara. Beraz, horretan eredu gara askorentzat». Itxaropentsu aipatu zuen, kultura txikiek handiek baino mugikortasun gehiago dutela, eta mundua prest dagoela txiki horiek bezalakoak entzuteko. «Batzuek euskal kultura eremu txikia dela esaten duten arren, bertan gabiltzanok jakin badakigu lur eremu zabal, emankor eta plurala dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.